Gorka Iraizoz. Athleticeko atezaina

«Berdinketa ez da estropezua»

Garai gozoan da Iraizoz, baina umil, edo iritzia ezkutatuz, garrantzia kendu dio horri. Herenegun debuta egin zuen Txapeldunen Ligan, eta taldeko onenetarikoa izan zen Xakhtarren aurka.

ALFREDO ALDAI / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2014ko irailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txapeldunen Ligan debuta egin zuen herenegun, eta ondo baino hobeto bete zuen lana. Seguru aritu zen atepean, azken hilabeteetan aritu den antzera. San Mameseko ikusleek asko aldatu dute Iraizozekiko jarrera ere (Iruñea, 1983), baina ez du nahi gehiegizko konfiantzarik, iritziak egun batetik bestera alda baitaitezke: «Atezainaren bizitza halakoa da».

Zer-nolako oroitzapena duzu partidaz? Txapeldunen Liga oso desberdina al da?

Tentsio handiko partida izan zen: ahalegin fisiko handia egin behar izan genuen. Indar hustuta bukatu genuen, jota. Txapeldunen Ligan halakoak izango dira partida guztiak; zerbaitegatik da munduko txapelketarik onena.

Xakhtarrek ez du beste talde batzuen izenik, baina aurkari oso gogorra izan zen.

Bai, baina bagenekien. Urte asko daramatza Txapeldunen Ligan, eta ondo ezagutzen du txapelketa. Jokalari onak eta oso azkarrak ditu, baina ezagutzen genituen. Haiek eroso aritu ziren; gure armarik onena presioa da, presio itxia, aurkaria itotzeko, eta igarotzea lortu zuten. Dena den, guk izan genuen baloia, eta aukerak sortu genituen.

Zuen maila ematea kosta zitzaizuen; Valverdek ere onartu zuen.

Aurkariaren bertuteengatik izan zen. Ondo landuriko taldea da, automatismo eta kalitate handikoa. Joko horrekin, ondo egin zioten izkin gure ahaleginari.

Pozik berdinketarekin?

Helburua irabaztea da beti, are gehiago etxean eta ligaxka bateko lehen partidan. Kasu honetan, baina, aurkariak nola aritu diren ere ikusi behar da. Dena den, galdu izan bagenu, dena oso ezberdina zatekeen, eta beste batzuk lirateke eztabaidagaiak. Puntu bat daukagu, eta orain Borisoven pentsatu behar dugu.

Emaitza txarra al da?

Ez, ez dut uste estropezua edo atzerapausoa denik. Ligaxkako talde guztiok elkarren aurka jokatu behar dugu oraindik. Hau oso luzea da, eta ikusiko dugu puntu ona edo txarra den. Baina, tira, egia da orain Borisoven irabaztera behartuta gaudela.

Portok 6-0 irabazi zuelako.

Goizegi da partiden garrantzia neurtu, ondorioak atera eta puntuak kalkulatzen hasteko, baina argi dago garaipen hori pauso handia dela Portorentzat. Halako astinduak ez dira ohikoak Txapeldunen Ligan, eta partida ikusteko irrikan nago.

Oso ondo jokatu zenuen, beste behin. Meritu handiko geldiketa pare bat egin zenituen.

Nire lana ahalik eta hobekiena egiten saiatzen naiz. Hori da nire helburua, eta ez diet arreta handirik jartzen jendearen iritziei.

Garai txarrak pasatu zenituen duela urte eta erdi. Harrezkeroztik, baina, gehien nabarmentzen ari diren jokalarietakoa zara. Zer aldatu da Iraizozengan?

Esan dizut: diozun hori iritzi bat da, eta errespetatzen dut, baina ez diot arretarik jartzen.

Hau al da zure garairik gozoena Athleticera iritsi zinenetik?

Ez dakit. Aukerak baliatzen saiatzen naiz, eta gauzak ondo irteten badira, ni pozik, Athleticen mesederako delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.