Berdinketa, lainopean

Miarritzek ezin izan du Castres gainditu, lainoak erabat baldintzatutako partida batean

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Miarritzek ezdu galdu oraindik, atzo arratsaldean Castresen aurka berdindu baitzuen (17-17). Hala ere, Miarritzek beste emaitza bat espero zuen atzo. Castresek pozik egoteko motiboak ditu, Agilera zelai zaila delako, eta berdinketaren bi puntuak lortu baititu.

Hala ere, nola eman iritzi objektiborik atzoko partidari buruz? Oren erditik aitzina laino gaiztoa sartu zen Agileran, eta hamar metrora ez zen ikusten. Lainoak erabat baldintzatu zuen partida, eta bi taldeak ostikadak jo besterik ez zuten egin, jakinda jokalariek airean zen baloia ez zutela ikusten azken unera arte.

Hori ikusirik, anekdota hutsa da emaitza, Castres 8-9 baitzegoen lainoa sartu aurretik, eta azkenean 17-17 bukatu zen dema. Baina nola ez eskatu kontuak epaileeri, partidak aitzina segitzeko erabakia hartu eta gero? Atsedenaldian bi taldeetako arduradunek eta epaileek eztabaida izan zuten, eta azkenean partidarekin segitzea erabaki zuten. Erabaki okerra, jokalarien osasuna arriskuan eman baitzuten -nola kudeatu ikusten ez duzun baloi bat, jakinda aurkaria plakatzeko prest dela?-. Ikusleentzat ere, ikuskizun tristea, ez baitzuten zipitzik ikusten... Horiek hala, partida ez galduta konforme egon beharko da Miarritze.

Baionaren garaipena

Baionak jardunaldiko kolpea eman zuen atzo, Parisko Stade Françaiseren etxean irabazita (20-24). Denboraldi hau paradoxikoa da baionarrentzat, etxetik kanpora etxean baino hobe ari direlako. Dagoeneko hiru aldiz galdu dute Jean Daugeren baionarrek. Une berean, baina, hiru aldiz irabazi dute etxetik kanpo, eta balantzea orekatu dute. Atzoko garaipenak sekulako ona egin dio Christian Gajanek zuzendutako taldeari, azken lau partidak jarraian galdu zituelako.

Baionarrek pragmatismo handia erakutsi zuten atzo. Paris hasi zen agintzen, eta Baiona defentsan sendo agertu zen. Bi kontraeraso ederki baliatu zituen bi entsegu sartzeko, eta 11 punturen aldea izan zuen atsedenaldian: 6-17.

Bigarren zatian, Baionak partidaren haria galdu zuen, eta Stade Françaisek, berriz, gaina hartu zuen markagailuan (20-17). Pietersen, txartel horia ikusi eta gero, zelaian sartu zen berriz ere, eta lehen lerroa aldatzearekin batera Baionak kontrola hartu zuen berriz. Hugetek eta Peyrasek egindako jokaldi bikain bati esker entsegu ederra sartu zuten orduan baionarrek, eta berriz ere markagailuan aitzina hartu zuten: 20-24. Azken minutuetan, defentsan oso gogor jardun ziren, eta, horri esker, garaipenak ez zien ihes egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.