Alaves eta Osasuna itxaropentsu iritsi dira sasoiaren azken txanpara. Arabarrak jaitsiera postuetatik kanpo daude liga bukatzeko bost jardunaldiren faltan. Gorabeherak gorabehera, bere onera etortzeko gai izan da Eduardo Coudetek zuzentzen duen taldea. Osasuna, berriz, berpiztu egin da apirilean —berdinketa bat eta hiru garaipen erdietsi ditu—, eta bete-betean sartu da Europako txapelketak jokatzeko borrokan. Hainbeste, ezen Konferentzia ligako postuan amaitu baitzuen aurreko jardunaldia; zortzigarren, alegia.
Azken jardunaldian aurrez aurre izango dira Alaves eta Osasuna, eta, ordurako, Lehen Mailan jarraitzea bermaturik eduki nahiko lukete gasteiztarrek. Gaur beste urrats bat egiten saiatuko dira, aurreko jardunaldian Reala menderatu ondoren. Ez da erronka makala izango, aurrean Atletico Madril izango baitute (Dazn, 14:00). Hori bai, berriz ere zaleen abaroan jokatuko dute, eta Mendizorrotzan arituko direla baliatzen saiatuko dira. Osasunak, berriz, Iruñetik urrun jokatuko du, Vila-realen zelaian (Dazn, 16:15). Handia egingo luke laugarren garaipena kateatuz gero, baina berdinketa ere ontzat emateko moduko emaitza izan liteke. Egutegi zaila egokitu zaio datozen bi asteetarako, baina Europako postuak ez ditu begien bistatik galdu nahi.
Estropezuka bada ere, bere onera etorri da Alaves, Coudeten agindupean. Argentinarrari kosta egin zaio aulkian egokitzea: hark zuzendutako lehen 11 partidetatik bakarra irabazi zuten arabarrek, eta lanak izan zituzten teknikariaren estiloa zelaian islatzeko. Konbinazio jokoaren zalea da Coudet, baina horrek ildo aldaketa zekarren jokalarientzat. Halako apustuek denbora eta testuinguru lasaia izatea eskatzen dute, eta Alavesek ez zuen ez bata, ez bestea. Zulotik ateratzera derrigortuta zegoen. Bada, itzulinguruak alde batera utzi ditu entrenatzaileak, eta pragmatismoren bidetik, sutea apaltzea lortu du. Datu argigarri bat: Alavesek 1-0 edo 0-1eko emaitzarekin lortu ditu bere azken hiru garaipenak, Vila-real, Girona eta Realaren aurka. Azken bederatzi partidetatik bakarrean sartu du gol bat baino gehiago, baina hori ez da arazoen sinonimo, betiere defentsan hutsik gabeko lana egiten bada.
Sendotasunak egundoko garrantzia izango du gaurko neurketan. Izan ere, Alavesek talentuz ondo hornitutako talde bat izango du aurrean. Atleticok behera egin du Txapeldunen Ligan Real Madrilen kontra jokatu eta galdu zuenetik, eta agur esan dio Espainiako Liga irabazteko ia aukera orori. Alabaina, duen jokalari zerrendak arriskutsu egiten du, dagoen egoeran dagoela. Julian Alvarezek, adibidez, zortzi gol sartu ditu ligan jokatu dituen azken bederatzi lehietan. Kate motzean lotu beharreko jokalaria da. Santiago Mouriñok eta Facundo Garcesek izango dute zeregin hori. Mouriño Atleticoren harrobian ibilia da, eta Realaren aurka bikote sendoa osatu zuen Garcesekin. Mouriño ezinbesteko bihurtu da sasoiak aurrera egin ahala; Garcesi, berriz, hamaikakoko atea zabaldu dio Abqarren lesioak.
Erasoko ezker hegalean izan dezake zalantza gehien Coudetek. Carles Aleña kili-kolo dabil, eta Carlos Martinek eta Tomas Conechnyk ez dute entrenatzailea konbentzitu orain arte. Joa, irmotasuna bezalaxe, beharrezkoa izango da gaur. Errezeta horri jarraikiz, Alavesek irabazi egin ditu Gasteizen Atleticoren aurka jokaturiko azken bi norgehiagokak. Coudetek argi du zein izango den berriz irabazteko gakoa: «Etxean jokatuta sendo aritu behar dugu, serio jokatu eta protagonista izan».
Ustekabeko goraldia
Alavesek bi puntu eskasera du jaitsiera. Hortzak estutu beharko ditu oraindik. Osasunak, ordea, aurrerapenez eutsi dio mailari, seigarren urtez jarraian. Apirila hasterako, ez zirudien gorritxoek sasoi amaiera lasaia izango zutenik, eta are gutxiago, Europako postuetara itzuliko zirenik. Ez alferrik, garaipen bakarra lortu zuten hemezortzi partidatan. Txirristan behera zihoazen. Bere txarrean, berdindu egin zituzten neurketa gehienak. Eta azken hiru jardunaldietan hiru garaipen lortu ondotik, sasoiko helburu nagusia bete, eta Sadarreko harmailetan berriz ere ilusioa piztu dute. Taldearen jokoak, oraindik ere, ez ditu zaleak askorik gogobetetzen, baina emaitzekin pozik dira aspaldiko partez. Hori horrela, gorritxoek gutxienez puntu bat lortzeko ahalegina egingo dute gaur, Vila-realen aurka.
Zeramikaren Estadioan aritu ondoren, Betisi eginen diote bisita, eta jarraian Atletico Madril hartuko dute Sadarren. Egutegiak ez die, beraz, inolako erraztasunik emango. Europako borrokan sendo jarraitzeko, hiru partida horietatik gutxienez bat irabazi beharko dute nafarrek. Eta aurkariak ez daude puntuak oparitzeko moduan; batez ere Vila-real eta Betis, Txapeldunen Ligan sartzea baitute jokoan. Haatik, azken emaitzek bultzada eman diezaiokete Osasunari hondarreko jardunaldietan. Behea jotako aurkariak azpiratu ditu apirilean, eta langa igotzen saiatuko da orain. «Ondo gaude, eta gure esku dago Europarako sailkatzea», esan zuen atzo Vicente Morenok.
Hainbat argudio ditu alde Vicente Morenok zuzenduriko taldeak. Erasoan, Ante Budimirren golak, Ruben Garciaren inspirazioa, Aimar Orozen kalitatea aipa litezke, besteak beste. Defentsan, berriz, taldeak irmotzera egin du teknikariak bost atzelariko sistema hobetsi ondoren. Azken partidetako hobekuntzak bat egin du eskema aldaketarekin. Hori bai, partidek aurrera egin ahala, lau atzelariko marrazkia ere erabili du Osasunak. Gaur baliteke hasieratik gisa horretan jokatzea gorritxoek, Alejandro Catena zigortuta baitago. Sistema aldaketagatik baliteke Bryan Zaragoza itzultzea hamaikakora. Ordea, ezin da baztertu Morenok bosteko lerroari eustea, Boyomo eta Herrandorekin batera Unai Garcia –ligan hiru minutu jokatu ditu orain arte– edo Juan Cruz ipinita.