Futbola

Bermea ordainduta, Alves kartzelatik irten da, behin-behinean

Epailearen erabakia plazaratu eta bost egunera bildu du ordaindu beharreko diru kopurua. Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, 2022ko abenduaren 31ko goizaldean neska bat bortxatzeagatik.

Dani Alves, bere abokatuarekin batera, kartzelatik irteten. QUIQUE GARCIA/EFE
Dani Alves, bere abokatuarekin batera, kartzelatik irteten. QUIQUE GARCIA/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 25a
17:22
Entzun

Kalean da jada. Miloi bat euroko bermea ordainduz gero Dani Alves aske gelditu zitekeela erabaki zuen Bartzelonako Auzitegiak iragan asteazkenean. Bost egun geroago, lortu du dirua batzea, eta kalean da jada, behin-behinean. Pasaporteak kendu dizkiote, bai Brasilgoa eta bai Espainiakoa. Datorren astetik aurrera, epaitegian aurkeztu beharko du astean behin, eta ezin izango da herrialdetik atera. Gainera, debekatua dauka biktimarengandik kilometro batera edo gutxiagora hurbiltzea, eta guztiz inkomunikatuta egon beharko du harengandik. Futbolari ohiari gutxienez lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, 2022ko abenduaren 31ko goizaldean neska bat bortxatzeagatik Bartzelonako Sutton diskotekako komunetan.

Brasilgo futbolari ohiaren defentsak eskatu zuen bermea ezartzeko, argudiatuta zigorraren parte bat beteta zeukala, eta indarrean egongo da epaia irmoa ez den bitartean. Baliteke oraindik zenbait hilabete igarotzea epaitegiek ebazpen irmo bat eman arte. Hortaz, aske geldituko da ordura arte. 2022aren abenduaren 31n egin zuen sexu abusua futbol jokalari ohiak. 2023ko urtarrilaren 20an espetxeratu zuten, eta orain dela hilabete argitu zen lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri ziotela. Eskatu baino laburragoa izan da ezarritako zigorra. Izan ere, fiskaltzak 9 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Alvesentzat, eta biktimak, berriz, 12 urtekoa. Alvesek 150.000 euro ordaindu zizkion biktimari, kalte ordain moduan, eta horregatik arindu zioten zigorra. Orain, urtebete geroago, behin betiko epaiaren zain dago Alves.

Erabakia ez zen aho batez hartu, hiru magistratuetako batek nahi baitzuen Alves kartzelan gelditzea. Auzitegiaren gehiengoaren erabakia bi elementutan oinarritu zen: lehenik, lau urte eta erdiko kartzela zigorra bera, eta, ondoren, Alvesek behin-behineko espetxealdian daraman denbora (urtebete eta bi hilabete). Epaileen arabera, badago Alvesek ihes egiteko nolabaiteko arriskua, baina «murriztu» egin da. Eta iritzi diote arrisku hori behin-behineko espetxealdia baino arinagoak diren neurriekin apaldu daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.