Espainiako Ohorezko Mailan ari diren taldeetan ohiko kontua izaten da denboraldiro multzoak goitik behera aldatzea; are gehiago, aurreko sasoiko emaitzak esperotakoak izan ez baziren. Kategoria horretan ari diren hiru euskal taldeetan hala gertatu da: Lointek Gernikan, Kutxabank Araskin eta IDK Euskotrenen. Duela pare bat aste hasi zuten denboraldiaurrea, eta Lucas Fernandez, Madde Urieta eta Azu Muguruza prestatzaileek lan eskerga egin beharko dute multzoak egokitzeko. Helburua: urriko lehen astebururako prest egotea. Orduan hasiko dute txapelketa, aurreko denboraldiko emaitzak hobetzeko erronkarekin.
Lointek Gernika
Europan jokatzeko, indartuta
Aurreko sasoian Gernika izan zen ligan posturik onena eskuratu zuen euskal taldea. Dena den, ez zuen helburua bete. Ez zen Europarako sailkatu, titulurako kanporaketak jokatzeko postuetatik kanpo geratu baitzen. Bizkaiko taldeak bederatzigarren amaitu zuen txapelketa. Dena den, Joventutek Eurokopa jokatzeari uko egin dio, eta bizkaitarrek hartu dute toki hori. Gonbidatu gisa jokatuko dute. Beraz, multzoen fasean egoteko atariko norgehiagoka bat jokatu beharko dute. Greziako Pas Giannina taldearen aurka izango da. Joaneko norgehiagoka Grezian jokatuko dute, irailaren 18an; itzulerakoa, berriz, irailaren 25ean izango dute, Gernikan.
Bizkaiko taldeari multzoa indartzea egokitu zaio, eta zuzendaritzak galtza bete lan izan du uda honetan. Guztira bederatzi fitxaketa egin dituzte: Esther Castedo joko antolatzailea, Emilily Bessoir, Angela Salvadores, eta Joy Adams hegalekoak, Masa Jankovic eta Sarah Polleros hegal pibotak eta Eshter Matarranz, Cameron Williams, eta Taylor Jones pibotak. Jokalari gazteak dira oro har, fitxaketetako lau AEBetako unibertsitateetatik ailegatu baitira. Dena den, badira eskarmentu apur bat gehiago dutenak, eta liga ondo ezagutzen dutenak: Jankovic, Adams eta Polleros, adibidez.
Jokalari berriak iritsi dira Gernikara, baina badira joan direnak ere, tartean hiru euskal herritar: Itziar Ariztimuño, Marta Alberdi eta Irati Etxarri. Ariztimuño eta Alberdi taldeko kapitainak ziren. Horrenbestez, harrobitik igo daitezkeen jokalariak alde batera utzita, Gernikan Euskal Herriko bi jokalari izango dira lehen taldean: Ane Olaeta eta Naia Zubiaga. Bizkaitarrek etxean hasiko du liga, Estudiantesen aurka; txapelketak ere bertan amaituko dute. Perfumerias Avenidaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Kutxabank AraskiÂ
Liga ezagutzen dutenen alde
Arabako taldeak zortzi fitxaketa egin ditu:  Mama Dembele eta Lotta-Maj Lahtinen joko antolatzaileak —Lahtinenek joko antolatzaile gisa ere joka dezake—, Allyssa Lawrence eta Mireya Sanz hegealekoak, Dominique Toussaint eskolta eta Isabela Quevedo, Noa Morro eta Quin Urbaniak-Dornstauder pibotak. Jokalari gazteak dira, baina aldi berean liga ezagutzen dutenak. Horrek haien egokitzapena erraztu dezake. Aurreko sasoitik bi jokalarik baino ez dute jarraitzen: Sam Hillek eta Montse Bretonsek.Â
Araski estu ibili zen aurreko denboraldian. Hamahirugarren postuan amaitu zuen liga, eta azken jardunaldian lortu zuen mailari eustea. Emaitzetan segida handiagoa izaten ahaleginduko dira, eta aldi berean etxean indartsu aritzen. Mendizorrotza gotorleku bihurtu behar dute. Hori lortu dutenean, sasoi onak egin ditu Urietaren taldeak.Â
Teknikariak beste denboraldi batez jarraituko du aulkian, hamargarrena. Taldearen izaera lehiakorra berreskuratzea izango da haren helburua. Ligako lehen partidan Perfumerias Avenidaren aurka neurtuko ditu indarrak etxean; azken partida, aldiz, Esteponan jokatuko du.Â
IDK Euskotren
Ez du hainbeste sufritu nahi
IDK-k denboraldiko azken jokaldian lortu zuen kategoriari eustea. Gertu izan zuen amildegia. Maria Eraunzetamurgilen hiruko bati esker lortu zuen beste sasoi batez gorenean jarraitzea. Hain zuen ere, Eraunzetamurgilekin batera, soilik beste bi jokalarik jarraitzen dute Azu Muguruzaren esanetara: Roso Buchek eta Lara Gonzalezek. Besteek taldea utzi dute, tartean aurreko sasoietan jokalari garrantzitsuak izan ziren bik: Alba Prietok eta Becky Masseyk.
Joan direnak ordezkatzeko ondorengo jokalariak fitxatu ditu: Itziar Ariztimuño eta Hannah Jump joko antolatzaileak, Khadija Faye hegalekoa, Paige Robinson eskolta, Irene Murua eta Veronika Remenkova hegal pibotak eta Yvonne Ejim pibota. Itziar Ariztimuñoren eta Irene Muruaren fitxaketek sortu dute ikusminik handiena. Lehenak eskarmentua emango dio taldeari, eta besteak gaztetasuna. Aspaldi ez zeuden hainbeste euskal jokalari multzoan.
Aurreko sasoian bezainbeste ez sufritzeko, etxean emaitza hobeak lortu beharko ditu IDK-k. Gainera, partidetan ez ditu hainbeste gorabehera izan behar, aurkariek segidan sartutako puntuek min handia egin baitzioten. Sasoia etxean hasiko du, Kanaria Handiaren kontra; bukatu ere Gaskan egingo du, Gironaren aurka.