Errusiako Munduko Kopa. Errusia 2 - Kroazia 2

Berriro sari potoloena

Kroaziak penaltietan kanporatu du Errusia, eta Ingalaterraren aurka ariko da finalerdietan, datorren asteazkenean

Berriro sari potoloena.
Julen Etxeberria.
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Golak. 1-0: Txerixevek (31. min.). 1-1: Kramaricek (39. min.). 1-2: Vidak (101. min.). 2-2: Fernandesek (115. min.). Epailea. Sandro Ricci (Brasil). Txartel horiak: Errusiako Gazinskiri; eta Kroaziako Lovreni, Strinici, Vidari eta Pivarici. Bestelakoak. 44.287 ikusle Sotxiko Fisht estadioan.

Penaltiak loteria bat baldin badira, Kroaziak du inork baino zorte handiagoa. Bai, behintzat, Errusiako Munduko Kopan. Penaltietan kanporatu zuen Danimarka final-zortzirenetan, bana egin ondoren, eta penaltietan kanporatu zuen atzo Errusia final-laurdenetan, bina egin ostean. Horri esker, finalerdiak jokatuko ditu Ingalaterraren aurka datorren asteazkenean, Moskun. Hogei urte ez zela horren urruti Munduko Kopan.

Errusiak, ordea, agur esan dio etxean jokatutako txapelketari. Inork ezingo dio ezer leporatu, nahikoa eta soberan egin baitu. Azkena zen FIFAren sailkapenean lehiari ekin zioten selekzioen artean, 70. postuan, eta zortzi onenen artean amaituko du. Errusia moduan, inoiz ez zuen horren bide luzea egin Munduko Kopan.

Joko gutxiko eta emozio askoko lehia izan zen. Ezusteko hasiera izan zuen. Errusia atzean zain egotera mugatu zen final-zortzirenetan. Atzo, aldiz, indarrean zelairatu zen, eta ustekabean harrapatu zuen Kroazia lehen minutuetan. Azkar egin zuten gora kroaziarrek, eta baloia mugituta nagusitzen hasi ziren. Arriskurik ez zuten sortzen, ordea. Ezta Errusiak ere. Baina halako batean Txerixevek zartakoa eman zion baloiari area kanpotik, eta gol ikusgarria sartu zuen. 31. minutua zen.

Gola jaso eta aurrera joan zen itsu-itsuan Kroazia. Lehenbailehen berdindu nahi zuen, eta helburua lortu zuen, kontraeraso batean. Mandzukicek baloia hartu zuen, eta ziztu bizian joan zen ezker hegaletik arearantz, eta han bikain eman zion baloia Kramarici, hark buruz erremata zezan. Zazpi minutu besterik ez ziren pasatu Errusiak gola sartu zuenetik.

Bigarren zatiaren hasieran areagotu egin zen Kroaziaren nagusitasuna, Errusiak atzerapausoa eman baitzuen. Ontzat ematen zuten berdinketa etxekoek. Espainiaren aurka bikain atera zitzaien apustua, eta itxaropena zuten berriz antzekoa gertatzea.

Minutuek aurrera egin ahala, gainera, kroaziarrak nekea sumatzen hasi ziren. Iritsi, iristen ziren aurkariaren areara, baina han makina bat errusiar zeuden pilatuta, eta ezinezkoa zen zirrikituren bat topatzea. Hori gutxi ez, eta Txertxesov hautatzailea erdilariak zelairatu eta zelairatu ari zen. Ez zuen ezusterik nahi. Ezta Dalicek ere. Baina izan zuen, Subaticek min hartu baitzuen bigarren zatia amaitzear zela. Joan edo ez egon zen, baina segitu egin zuen. Hura ariko zen luzapenean.

Luzapena hasi gutxira beste buruhauste bat izan zuen Dalicek, Vrsaljko lesionatu baitzen. Itxura txarra hartzen ari zen partida Kroaziarentzat. Baina korner batean arnasa eman zion Vidak, buruz gola sartuta. 100. minutua zen. Hogei minutu zituzten kroaziarrek aldeari eusteko, eta hogei minutu errusiarrek berdintzeko. Bigarrrenek lortu zuten helburua, Fernandesek binakoa egin baitzuen buruz, falta batean, 115. minutuan. 11 metroetatik Kroazia nagusitu zen. Subaticek penaltia gelditu zion Smolovi, eta Fernandesek kanpora bota zuen. Rakiticek sartu zuen gol erabakigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE