Herrimina berarekin eraman arren, nekez pentsatuko zukeen Realetik kanpo kontuak hain ongi joango zitzaizkionik Joseba Zalduak (Donostia, 1992). Jagoba Arrasateren eskutik lehen taldean agerpen distiratsua egin ondotik, haren ibilbideak ez zuen espero bezalako oparotasunik izan Donostian, lesioek ere buruko min ugari eman baitzioten. «Azken bi sasoiak sufrimendu handikoak izan ziren, ia ez bainuen jokatzen». Horregatik, beste denboraldi batez itzalpean egon nahi ez eta, Leganesen ari da utzita sasoi honetan. Ez edonola, gainera. Asier Garitanoren esanetara ia minutu guztiak jokatzen ari da eskuin hegalekoa, eta zoriontsu da. «Ohartu naiz Realetik kanpo ere badagoela bizitza». Espainiako Lehen Mailan egonkortuta, sasoi bikainean dago Leganes, bederatzigarren baita sailkapenean, hamazazpi punturekin,
Etxera bisitan etortzeko baliatu al duzu Ligako etenaldia?
Asmo horretan nintzen, baina ezin izan dut, astebururako ere lan saioak antolatu baititu entrenatzaileak. Ligan sasoi onean jarraitu nahi badugu, entrenatzea da sekretu bakarra, ez baikara kalitate handienetakoa duen taldea, eta ezingo gara kexatu. Joan den astean, Valentzian jokatu eta gero, bi eguneko atsedena eman ziguten, eta Donostian izan nintzen. Madrilen bizi naizenetik faltan gehien sumatzen ditudanak familia eta lagunak dira, eta haiek bisitatzeak mesede egin zidan. Indarberrituta itzuli nintzen Madrilera. Halere, haiek ere etortzen dira nigana. Asteburu honetan lagun kuadrilla bat etorri zait, esaterako.
Lau hilabete daramatzazu Madrilen. Jada neurria hartu diozu?
Bai. Neska-laguna eta biok bizi gara etxean, eta bikain egokitu gara. Leganestik hamar bat minutura dago gure etxea, Madrilgo erdigunera iristeko ere eroso gaude, eta ez gaude kexatzeko, alde horretatik. Donostian plan ezberdinak egiteko aukerak daude egunero, baina Madril beste dimentsio bateko hiriburua da. Antzerkiak, musika kontzertuak eta halakoak oso gustuko ditugu, eta toki onean gaude. Zinemara ere sarritan joaten gara.
Bost euskal jokalari ere bazarete taldean. Beraz, lagun faltarik ez duzu izango, ezta?
Zortea dut, alde horretatik. Lehen egunetan beldur apur bat banuen, talde berri batean sartu behar nuelako. Beti Realean ohituta, errespetua ematen du beste toki batean egokitu beharrak. Euskal Herriko jokalari gehiagorekin topatzeak izugarri lagundu dit. Babestuta sentitu naiz. Egia esan, ni bakarra naiz Zubietan hazia, eta beste guztiak Athleticekoak dira. Adar jotze batzuk izaten ditugu horren harira, baina oso lagunak gara. Gainerako taldekideekin ere bikain moldatzen naiz. Ez nuen usteko hain pozik biziko nintzenik.
Getafen jokaturik, Markel Bergara ere Madrilen bizi da. Elkartzen al zarete?
Bai, sarritan. Eta Marco Sangalli ere bai, hura Alcorconen ari baita. Sangalli eta biok belaunaldi berekoak gara, elkarrekin ibiliak Zubietan, eta astean bizpahiru aldiz elkartzen gara. Markel ere inguratzen zaigu, eta ez dugu afari faltarik izaten. Lagun gehiago ere baditut Madrilen.
Arlo pertsonalean pozik zaude. Kirol arloan ere pentsatuko al zenuen hain zoriontsu izaterik?
Inola ere ez. Berriro gozatzen ari naizela esan daiteke. Premia neukan Realetik irteteko, kontuak gero eta ilunago jartzen ari zitzaizkidan eta. Debuta egin eta lehen agerpenak oso onak izan ziren, baina handik aurrera gauzak ez zitzaizkidan ondo joan. Nahi nuen bakarra zen minutuak jokatu eta garrantzitsu sentitu, eta Leganesek eman dit aukera. Eskaintza gehiago banituen, eta ez nuen edozein tokitara joan nahi. Azkenean, Leganes hautatu nuen, eta ez naiz damutzen. Oso gustura ari naiz.
Igaro beharreko sufrimendua zenbateraino izan da handia?
Egun zailak pasatu ditut. Ezezkoa esango banu, gezurretan ariko nintzateke. Dena ondo doanean ez gara ohartu ere egiten nolako pribilegioa dugun, baina nik futbolaren beste aldea ere ezagutu dut. Txikitatik izan naiz Realekoa, eta zure taldean tokirik ez duzula onartu beharra gogorra da. Reala utzi behar nuela jakin nueneko lehen egunetan asko sufritu nuen. Eskerrak ondoan babes handia izan nuen. Halere, hura pasatu da, eta orain pozik nago, eta gozatzen.
Klubak erabaki al zuen zuk Realean ez jarraitzea edo zure erabakia izan zen?
Denetarik egon zen. Kluba garbi mintzatu zen nirekin, eta esan zidan Odriozolak zuela lehentasuna, eta niri aulkian egotea gehiago tokatuko zitzaidala. Ez zidan ezer bermatzen. Besteak beste, Carlos Martinez ere taldean geratzen zelako. Hiru alditatik bitan deialditik kanpo geratu baino nahiago nuen beste norabait jo. Horregatik, nik neuk garbi ikusi nuen Donostiatik urrun eraiki beharko nuela epe laburreko etorkizuna. Bi urtez hain gutxi jokatu ondotik, ez nuen nahi egoera horretatik berriro igaro.
Odriozola ez ezik, Andoni Gorosabel ere ari da jokatzen, hura ere harrobiko gaztea. Zer sentitzen duzu hura ikustean?
Poza ematen dit, benetan. Akaso, duela lau hilabete bezain triste egongo banintz orain, ez nuen sentipen bera izango. Baina nik nire bidea ongi eraiki dudala ikusten dudanez, harrobiko gazteak jokatzen ikusteak poza ematen dit. Jakina da Odriozolak ezin dituela minutu guztiak jokatu, eta, Carlos Martinez oraindik osatu ez denez, normala da Gorosabelek jokatzea. Futbola badakigu nolakoa den. Gainera, azken urteotan Zubietak eginiko ekarpen handienak eskuin hegalean egin ditu. Lehiakortasun handia dugu, eta ez zegoen denentzako tokirik.
Zergatik hautatu zenuen Leganes?
Batez ere, entrenatzailearengatik. Hura euskalduna izateak garrantzi handia izan zuen nire erabakian. Oraindik ere erabakia hartu gabe nuela berarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan nuen, eta oso garbia izan zen. Esan zidan lan saioetan nire onena eman eta partidetan erritmoari eusten banion postu hori nirea izango zela. Ez nuen dudarik izan. Gainera, Leganes nolako kluba zen azaldu zidan, eta gustatu zitzaidan. Aurrez ere banituen nire usteak, baina ezagutu ondoren uste horiek hobetu egin dira.
Bada, nolakoa da kluba?
Familia baten modukoa. Realak eta Leganesek badute antzik horretan. Klub txikia da, eta pertsona guztiak dira gertukoak. Asier Garitano da guztion ardatza, eta denen artean harreman ona dago. Horrek asko harritu nau. Herrialde askotako jokalariak izanik, pentsatzen nuen arrotzagoa izango zela giroa, baina erabat harrituta geratu naiz ikustean denek nolako konpromisoa duten taldearekin. Leganesek ez dauzka Illarramendi, Vela eta halako jokalari apartak. Aurrekontua ez ezik, kalitatea ere txikiagoa daukagu, baina talde izaera edukitzeak puntu dezente ematen dizkigu.
Hamazazpi punturekin goian zaudete sailkapenean. Espero al zenuten hain ondo hastea?
Nik neuk nahiago izaten dut partidaz partida joan, eta oso bolada onean harrapatu gaitu liga hasierak. Ilusio handia sortu da zaleen artean, eta osasun onean dago kluba. Jokalariok nahiago dugu zuhur jokatu. Ondo baino hobeto dakigu gure helburua mailari eustea dela. Orain arteko lan onari esker, jaitsiera postuekiko alde dezentea daukagu, eta horrek lasaitasuna ematen du. Egutegi zailena orain datorkigu, hurrengo partida Bartzelonaren kontra baitugu, etxean. Ikusi beharko da zenbat puntu aterako ditugun. Guk betiko ideiari eutsiko diogu: defentsan zorrotz egon, eta erasoan ahalik eta inspiratuen jokatu.
Zaldua onena bueltan al da?
Ez, oraindik asko falta zait. Pubiseko lesioek, batez ere, asko eten dute nire ibilia, eta ari naiz gerturatzen nire onenera. Pixkanaka lortuko dut.
Urte hasieran izango duzue bisitan Reala. Egutegian markatuta al daukazu?
Ez, baina badakit momentu bereziak biziko ditudala. Butarquen badakit jokatu ahalko dudala, baina zalantza dut nire klausulak badioen Anoetan joka ote dezakedan. Begiratu egin beharko dut. Nire bihotza beti izango da txuri-urdina; 13 urterekin sartu nintzen Realean, eta hari esker naiz orain jokalari profesionala. Dena eman dit, eta oso eskertuta nago.
Jarraitzen al duzu Reala?
Bai, noski. Vila-reali 3-0 irabazi zioneko neurketa ez nuen ikusi, guk ere ordu berean jokatu genuelako, baina gainerako partida guztiak ikusi ditut telebistaz. Ligari bikain ekin zion, edonori beldurra emateko moduan. Gero behera egin zuen, baina badirudi konfiantza berreskuratu duela. Kalitate izugarria duen taldea da, eta zerbait handia egitera deituta dago. Oso ondo daki zertara jokatzen duen, eta molde hori finduz joan beharko du. Etxean hobetzen badu, oso goian egongo da sailkapenean.
Eusebio Sacristanek ipinitako moldea, diozu. Bi urteotan lan ona egin duela diote zenbakiek, nahiz eta zuretzat gauzak ongi ez joan.
Hala da. Eusebio Realean dagoenetik onartu beharra dago estatistikak oso onak direla. Entrenatzaile ona da; errealitateak hala dio. Asmatu du joko estiloa taldera egokitzen, eta kalitaterik ez dute falta jokalariek. Niretzat ez da onuragarria izan haren etorrera, baina ez daukat ezer egiterik. Eusebio aulkian dagoen bitartean zail izango dut txuri-urdinez jokatzea, baina zer egingo zaio.
Beraz, zure helburua ez da Realera itzultzea?
Ikusiko da. Realetik ateratako lehen egunean zera esaten nuen: «Leganesen hazi, eta inoiz baino indartsuago itzuliko naiz». Min modukoa nuen barruan, eta nire helburua zen sekula baino hobeto itzultzea denboraldi hau igarota. Orain, Leganesen gauzak zein ondo doazkidan ikusita, ez dakit zer pentsatu. Realera itzultzeak ez lidake ezertarako balioko itzalpean egon behar banu. Behar den garaian helduko diot gaiari. Orain, pozik eta harro nago, eta eguneroko horrek balio du.
Joseba Zaldua. Leganeseko jokalaria
«Berriz garrantzitsu sentitu nahi nuen, eta lortzen ari naiz»
Realetik irten beharra zuela onartu beharrak «mina» eragin zion Zalduari. «Indarberrituta itzuli» beste helbururik ez zuen. Orain, Leganesen gauzak hain ondo doazkiola ikusita, zalantza ugari ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu