Autoak eta arrauna uztartu zituen atzo San Miguel ligak. Bilboko estropadari, lehiaketako aurrenekoari, Seat banderaren izena jarri zioten. Etxe horren iragarki batean, esaldi hau erabiltzen dute: gidatzean sinesten dutenentzat. Atzoko emaitza ikusita, Orioren garaipenak sinesmena zabaldu du berriz bere zaleen artean.
Erlojuaren aurka jardun arren, pusketa atera zien bigarrenari eta gainerakoei. Ez da ohikoa izaten banaka aritzean halako tarteak egotea. Erakustaldia eman zuten Joxean Olaskoaga Aizperro-ren arraunlariek. Hiruzpalau bandera irabazteko erronka omen zeukaten Ligaren atarian, eta bat lortu dute. Aurrenekoan. Azken urteetan, betiko emaitza paregabeak ez izatearen eraginez, fedea galdu samar zutenek badaukate berriz ere sinesteko motiboa.
Hirugarren txandan aritu zen garailea. Hondarribia, San Pedro eta Castro kide zituela. Hasi eta buka hartu zien aurrea aurkari horiei. Lanak aurrera zihoazen neurrian, aldea handiagotuz joan zen. Baina bigarren txandako ontzi baten lana ikusgarria izan zen. Pedreñak aldez aurretik uste zena berretsi zuen, faboritoen artean dela, eta aurrea hartu zien Urdaibairi eta Kaikuri. Oso denbora ona eginez. Hain ona, lehen txandan bikain aritu zen San Juanena hobetu egin zuen.
Espainiarrak ziren erreferentzia oriotarrentzat. Lehen ziabogan, ezin estuago, biek marka berdina egin zuten. Bigarren aldiz buelta ematean, aurrea hartu zuen Oriok. Pedreñak baino segundo bat gutxiago. Hirugarrenean, estropadak askotan erabakitzen diren luze gogor eta neketsu horretan, handitu egin zen aldea. Bost segundo azkarrago zebilen Orio. Erakustaldia, lehengoa hala ez bazen, behintzat, azkenerako utzi zuen. Azken luzean hautsi zituen Pedreñaren itxaropen guztiak. Azken ziabogatik helmugara bitartean, beste bost segundo atera zizkien espainiarrei. Azkenean, hamar segundorena izan zen aldea.
Lehen biekin batera, San Juanek ere egundoko lana egin zuen. Igo berria bada ere, aurrea hartu zien gainerako oilarrei. Atzean laga zituen Castro, Urdaibai eta Kaiku. Tiranek iazko Ligaren bigarren zatiko itxura eman zuen, eta zazpigarren egin. Beste ezustea ere Pasaiatik heldu zen. San Pedrok zortzigarren egin zuen, Hondarribia eta Astillero atzean utziz. Zumaiaren borrokak ez dira ibaietan jokatzen, eta azken-aurreko izan zen. Beste ondorioa: Zarautz oso-oso atzean dago. Zumaiak berak 22 segundo atera zizkion.
Gaur, hiru estropada
San Miguel Ligak segida izango du gaur, Donostian (Gipuzkoa), 12:00etan hasita. Atzoko sailkapenaren arabera osatuko dituzte hiru txandak. KAE 1 ligakoek ere lana egin beharko dute. Ordu berean, eguerdian, Elantxoben (Bizkaia) daukate hirugarren jardunaldiko estropada. KAE 2 ligakoak ordu erdi lehenago hasiko dira lanean. Donibane Lohizunen (Lapurdi).
Berriz sinesten hasteko
Oriok erakustaldia emanda irabazi du San Miguel ligako aurreneko estropada, Bilbon, erlojuaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu