Tadej Pogacar txirrindularitzaren historian uzten ari den arrastoa handitzen ari da lasterketaz lasterketa. Lehenbiziko aldiz lehiatu du Suitzako Itzulia, eta, bertze hainbat probarekin egin duen bezala, estreinakoan irabazi du. Eta, bere izena lehiaketa zahar horren palmaresera gehituta, bertze marka historiko bat harrapatu du: astebeteko zazpi tzuli nagusietatik seigarrena irabazi du. Orain arte, Primoz Roglic herrikideak baino ez zuen hori egina: 2023an Kataluniako Volta irabazita gainditu zuen bortz itzuli ezberdinen langa, baina esklusibitateak hiru urte baino ez dio iraun. Bi txirrindularien gaitasuna eta adina kontuan hartuta, apustu errazagoa ematen du Pogacarren alde egitea zazpikotea nork lehenago osatuko. Euskal Herriko Itzulia da palmaresean falta duen proba bakarra. Â
Roglicek, hain zuzen, Suitzako Itzulia falta du zazpikote hori osatzeko. Aurten hartu du parte lehenbiziko aldiz, eta Pogacarrengandik urruti bukatu du, bederatzi minutu baino gehiagora. Tropeleko izar handietako bat da, baina 36 urte ditu, eta gainbehera hasia du. Zail izanen du heldu den urtean zazpikotea osatzeko.Â
Dena den, Pogacarrek osatuko ote duen ere ez da segurua. Euskal Herriko Itzulia egun bakarreko bi proba ospetsuen artean jokatzen da beti, apirilaren hasieran: igandean, Flandriako Tourra izaten da; astelehenean hasten da Euskal Herriko Itzulia, larunbatera arte; eta, hurrengo igandean, Paris-Roubaix jokatzen dute. Bi Monumentu horiek Pogacarren urteko helburu nagusietakoak izaten dira; are gehiago Paris-Roubaix, irabazteko gai izan ez den Monumentu bakarra baita —birritan egin du bigarren—. Horregatik, Paris-Roubaix irabazita ez duen bitartean eta Flandriako Tourra irabazteko gaitasunari eusten dion heinean, zaila ematen du Pogacarrek Euskal Herriko Itzulia lehiatzea.
Sean Kellyrena egitea litzateke hori. Sean Kelly irlandarra klasikozale aparta eta astebeteko itzulietan historiako espezialistarik onenetakoa izan zen. Zazpi nagusietatik lau irabazi zituen, baina kopuru absolututan itzuli gehien dituen txirrindularia da: hamalau —zazpi Paris-Niza (inork baino gehiago), hiru Euskal Herriko Itzuli, bi Kataluniako Volta eta bi Suitzako Itzuli—. 1984an, apirilaren 1ean bigarren egin zuen Flandriako Tourrean; biharamunean, Euskal Herriko Itzuliko lehenbiziko etapa irabazi eta itzuliaren bukaerara arte eraman zuen soinean maillot horia; eta, astea bukatzeko, garaile izan zen Roubaixko belodromoan. Hori guti ez, eta 1986an gauza bera egin zuen: apirilaren 6an, Flandrian bigarren; biharamunean, Euskal Herrian atera eta itzulia irabazi —oraingoan, azken eguneko bi sektoreak irabazi eta maillot horia orduan eskuratuta—; eta, aste hondarrean, Paris-Roubaixen gailendu. Egiari zor, garaiak diferenteak direla alde batera utzita, Pogacarrek ez duen abantaila bat zuen Kellyk: Euskal Herriko Itzuliak garai hartan bortz egun zituen, eta tartean atseden egun bat zegoen Paris-Roubaix hasi aitzinetik.Â
Litekeena da, ordea, zazpikotea ez osatzeak lorik ez kentzea Pogacarri; baina ezta Roglici ere. Izan ere, astebeteko itzuliak ez dira izaten txirrindularien urteko helburu nagusiak. Bertzelakoa da egutegian jokatzen duten rola: helburu nagusiak erdiesteko bidean dauden tarteko helmugak dira. Izar handiek zer-nolako sasoia duten probatzen dute, lehenbiziko buruz burukoak izaten dituzte, gazteek etorkizunean zer izan daitezkeen erakusten dute, eta hiru asteko itzulietan faborito ez direnak ogi gogor bilakatzen dira hagin zorrotzenentzat. Baina astebeteko itzuli batean huts egiteak ez du denboraldia hondatzen, eta denboraldiko helburu nagusirako prestaketak erabakitzen du zeinetan parte hartu, markak ezartzeko aukerak baino gehiago: Pogacarrek Monumentuak, Frantziako Tourra eta Munduko Txapelketa ditu aurtengo helburu nagusiak; Roglicek, berriz, Espainiako Vuelta bortzgarren aldiz irabaztea. Suitzako Itzulia bidean paratu duten test bat izan da, marka historiko bat lortzeko aukera bat baino gehiago.Â
Hala ere, astebeteko itzuli nagusiak irabazteak prestigioa ematen dio palmaresari, eta txirrindularitzako izar ia denek utzi dute lorratza proba horietan. Errate baterako, itzuli ezberdin gehien irabaztearen marka Eddy Merckxek izan zuen 47 urtez. 1968 eta 1974 artean bortz ezberdin irabazi zituen —Paris-Niza hiru bider, eta Kataluniako Volta, Erromandiako Itzulia, Dauphine Kriteriuma (aurten Auvernia-Rodano Alpeetako Itzulia izena eman diotena) eta Suitzako Itzulia aldi banatan—. Richie Porte australiarrak 2021ean Dauphine irabazi zuenean berdindu zuen Merckxen marka —bi ziklistek ez zituzten inoiz irabazi Tirreno-Adriatikoa eta Euskal Herriko Itzulia—.
Merckxen aroan, baina, ez zen astebeteko zazpi itzuli nagusiez solas egiten. Zazpiak urte berean 1969an lehiatu zituzten lehenbiziko aldiz; alegia, Euskal Herriko Itzulia 34 urteko eten baten ondoren berriz antolatu zuten urtetik. Belgikako txapeldun handiak ordurako Kataluniako Volta, Erromandiako Itzulia eta Paris-Niza irabaziak zituen. Itzulirik zaharrena Kataluniako Volta da —1911n egin zuten lehenbiziko aldiz—, eta, berriena, Tirreno-Adriatikoa —1966tik egiten da—. Zazpiak multzo gisa identifikatzea nahiko fenomeno berria da, eta gainerako itzuli txikietatik bereizteko arrazoiak dira tradizioa, lehiakortasuna eta prestigioa. Horregatik, litekeena da Merckxek erretiratu eta denbora dezentera jakitea palmares amaigabe horretan zituen bortz itzuli ospetsu zazpiko multzo baten parte zirela.  Â
47 urtean inork berdindu ahal izan ez zuen marka hori urte gutxiren buruan erori da. Roglicek eta Pogacarrek gainditu egin dute, eta, aurten, bertze txirrindulari batek lortu du Merckxekin eta Porterekin berdintzea: Jonas Vingegaardek. Danimarkarrak Paris-Niza eta Kataluniako Volta irabazi ditu, eta, horrela, Erromandiako eta Suitzako itzuliak baino ez zaizkio falta zazpikotea egiteko. Hain zuzen, Pogacarrek aurten irabazi dituen biak. Â
Pogacar, erraz eta nagusi, hamaikagarrenez
Aurtengo Suitzako Itzulia, hortaz, berezia zen. Alde batetik, 1942tik egin duten motzena izan delako: bortz etapakoa. Azken urteetan zortzi etapa izan ohi zituen, eta bederatzi eta hamar ere eduki izan ditu azken hamarkadotan. Hiru asteko itzulien ondotik, World Tour mailako luzeena zen. Diru kontuengatik, ordea, aurten laburtu egin dute. Bertzetik, berezia zen bi izar esloveniarrek markak ezartzeko aukera zutelako. Gazteenak irabazi du, ohi duen moduan: arerioei aukerarik ñimiñoena ere utzi gabe.
Lehenbiziko etapan erabaki zuen lasterketa: helmugatik 70 kilometrora erasoa jo, eta bakarrik ailegatu zen, bigarrenari, Richard Carapazi (EF), bi minututik goitiko aldea aterata. Egun horretan bertze estatistika bat bete duen historiako hirugarren ziklista bihurtu zen Pogacar: astebeteko zazpi itzuli nagusi guztietan etapa garaipenak lortu dituztenena. Orain arte, Laurent Jalabert frantziarrak eta Nairo Quintana kolonbiarrak baino ez zuten egina hori. Pogacarrek Euskal Herriko Itzulirik ez du irabazi, baina etapa garaipen bat badu hor, 2021ean irabazia —sailkapen nagusian hirugarren egin zuen—.Â
Suitzan, lehenbiziko etapako astinduaren ondoren, asteburuan aldea handitu egin du. Atzo, 24 kilometro inguruko erlojupeko laua irabazi zuen, Mathieu van der Poeli (Alpecin) segundo bat baino gutxiago aterata. Gaur, mendiko etapa nagusian, azken igoeran erasoa jo du, helmugarako zortzi kilometro falta zirela, eta nahi eran alde egin du. Azken kilometroan harrapatu du ihesaldiko azken txirrindularia, Lenny Martinez (Bahrain), eta ez du gupidarik izan harekin. Bortz etapatik hiru irabazi ditu, eta sailkapen nagusian sei minutu eta 32 segundu atera dizkio bigarrenari —Carapazi—.
Pogacarrek gero eta erronka gutxiago ditu betetzeko. Berehalakoa, hemendik bi astera hasiko da: bortzgarren Frantziako Tourra irabazi, eta Merckxekin, Jacques Anquetilekin, Bernard Hinaultekin eta Miguel Indurainekin bat egiten ahaleginduko da. Udazkenean, iraupen luzeko Munduko Txapelketa hiru aldiz jarraian irabazten duen bigarren gizonezko ziklista izatea du helburu  —Peter Saganek bakarrik egin du hori—. Eta, nork daki, horiek betez gero, heldu den urtean Sean Kellyrena egiten saia daiteke.