Badu bigarren etxe bat Petra Bisa igerilariak (Iruñea, 2003): igerilekua. Eta ura du bidelagun. 7 urte zituela hasi zen igeriketan, eta, besakadaz besakada, aurrera doa bere kirol ibilbidean, geroz eta azkarrago. Abiadura da Bisaren indargunea, eta estilo libreko 50 metrokoa bere espezialitatea. Hortxe moldatzen da ondoen. Hain zuzen, ekainean Euskal Herriko marka hautsi zuen Palman (Herrialde Katalanak) jokatu zen Espainiako Txapelketan. Hala ere, ez dago konforme, eta hobetzen segitu nahi du.
Denboraldi honetan, Madrilgo Real Canoe taldean ari da, Bidasoa utzita. Hala ere, Donostian entrenatzen da oraindik ere, Irakasletza gradua egiten ari baita EHUn, baina otsailean joango da Madrilera bizitzera. Igerilariak azaldu duenez, bere ibilbidean aurrerapauso bat egin du: «Bidasoa klub indartsua da, baina Real Canoe koxka bat gorago dago. 22 urte ditut, gaztea naiz oraindik, eta uste dut zerbait gehiago eman ahal diodala igeriketari».
Oraingoz, bi txapelketa jokatu ditu taldearekin. Lehena azaroan izan zen: Espainiako Txapelketa 25 metroko igerilekuan. «Oso urduri nengoen», aitortu du. Bigarrena, berriz, kluben arteko Espainiako Kopa, abenduan. Oroitzapen politak ditu, taldea bigarren geratu baitzen, eta estilo libreko 50 eta 100 metroko erreleboetako probetan Espainiako marka hautsi baitzuten —Bisa lehiatu zen proba horietan—: «Intentsitate handiko txapelketa izan zen, baina asko disfrutatu nuen».
Konfiantza hartzeko balio izan zion: «Taldekideok babes handia eman genion elkarri. Entrenatzaileak esan zidan lasai egoteko. Konfiantza osoa jarri zuten nigan; hori transmititu zidaten. Gainera, oraindik ez dut haiekin lan egiteko aukera izan. Txapelketetatik ezagutzen naute».
Izan ere, ikasketak eta igeriketa uztartu ahal izateko, Donostian entrenatzen da orain ere, Gipuzkoako teknifikazio zentroko bi entrenatzailerekin. «Moldatzen eta egokitzen ari naiz. Gustura eta oso eskertuta nago, baina, nolabait, han dut burua. Taldearen dinamikan sartu nahi dut lehenbailehen; hara joateko gogoz nago». Otsailean bukatuko du praktikaldia, eta orduan joango da Madrilera. Hala ere, hauxe aitortu du: «Pena emango dit euskara nire egunerokoan ez egoteak, baina pozik nago hartutako erabakiarekin».Â
Hainbat txapelketa dauzka begiz jota Bisak, eta tartean bada harentzat berezia den bat: otsailaren 13tik 16ra euskal selekzioarekin lehiatuko da, Lisboan: «Arras polita da ofizialtasuna lortzeko saiakera horretan taldearen parte izatea. Nortasun kontua da. Aspalditik naiz euskal selekzioaren parte, eta gogotsu nago».
«Pena emango dit euskara nire egunerokoan ez egoteak, baina pozik nago hartutako erabakiarekin»
PETRA BISAÂ Igerilaria
Horrez gain, arreta udako Espainiako Txapelketan du jarria. «Orain egin ditudan denborak hobetu ditzakedala uste dut. Ondo kokatu gabe-edo hasi dut sasoia. Klaseak eta praktikaldia izan ditut, entrenamenduetara berandu iristen naiz... Aldaketa asko izan dira. Madrilera joandakoan zerbait finkoa izango da, orekatuago egongo naiz, eta espero dut hobeto lehiatzea». Helburuei dagokienez, hauxe dio: «Udan ondo aritzea da nire denboraldi honetako helburua: nire onena ematea, eta disfrutatzea». Izan ere, Bisarentzat garrantzitsua da egiten duen hori gustura egitea, motibazioz.Â
Talde lana
Iruñeko Anaitasuna taldean hasi zen Bisa igeriketan, eta kide baten lana goraipatu nahi izan du, Iñaki Sanchez entrenatzailearena —8 urte zituenetik 19 urte zituenera arte izan zuen entrenatzaile—: «Oso ondo errespetatu zuen nire erritmoa. Pixkanaka-pixkanaka ikasi nuen. Hori izan da nire oinarria».
2024-2025eko denboraldian, berriz, Bidasoa taldera egin zuen jauzi: «Unibertsitatean hasitakoan Donostiara etorri nintzen, baina Anaitasuna klubean jarraitu nuen beste bi urtez. Ikusi nuen taldeek Espainiako Kopa eta halakoak jokatzen zituztela, eta nik ere lehiatu nahi nuen. Niretzat, igeriketa taldeko kirol bat da. Orduan, entrenatzaileekin hitz egin, eta Bidasoarekin akordio bat lortu nuen».Â
Besteak beste, taldeko giroan egin du azpimarra: «Bidasoan nire lagunak zeuden: June Ilzarbe, Amaia Zendoia, Olatz Altuna... Oso polita izan zen haiekin txapelketa garrantzitsu batera joatea, baita Ohorezko Mailara igotzea ere. Igeriketak harreman oso politak eman dizkit, eta gauza asko ikasi ditut». Hain justu, erreferenteen inguruan galdetutakoan, Zendoia eta Altuna aipatu ditu. Baita Simone Manuel igerilari afro-amerikarra, Alia Atkinson jamaikarra eta Lidon Muñoz espainiarra ere.
Aurrera begira, ez du luzera begirako helbururik jarri nahi: «Neure buruarekin exijentea naiz, baina gozatu egin nahi dut, eta gutxinaka segi». Gustatuko litzaioke noizbait nazioarteko txapelketa batean parte hartzea, baina argi du: «Horra iristeko pauso batzuk falta zaizkit. Gauza asko ditut hobetzeko; esaterako, koordinazioa. Egunero hobetuz joan nahi dut, eta eroso sentitu hartzen ditudan erabakiekin».
Elkarrizketa bukatutakoan, motxila hartu eta aldageletarako bidea hartu du Bisak, jarraian uretan murgiltzeko. Eguneroko lana baita aurrera egiteko gakoa, eta, gaur-gaurkoz behintzat, igerilekua da nafarraren bigarren etxea.Â