Gozatu eta ospatu. Hori da Itxakoren helburua Korvexen aurkako gaurko partidan (19:00etan). Txapeldunen Ligako aurreneko ligaxkako azken jardunaldian deus ez du jokoan Lizarrako taldeak, hurrengo faserako B multzoko buru sailkatu baita jada. Ondorioz, besta bilakatu nahi du gaurko norgehiagoka taldeak, jokalariei egin duten lana eskertu ahal izateko. Lehen aldiz gainditu baitu Itxakok Txapeldunen Ligako lehen fasea, eta Lizarran ospatu nahi dute.
Itxakok ez zuen ongi hasi Europako bidea. 23-24 galdu zuen Leipzigen aurka lehen partida. Gainontzeko norgehiagoka guztiak, berriz, irabazi egin ditu. Austriako Hypo mendean hartu du etxean eta haren pistan; alemaniarrei irabazi die Lizarran, eta, Korvexi, berriz, etxetik kanpo (27-32). Hungariarrak etxean ere mendean hartzeko aukera izanen du gaur Itxakok. Presiorik gabe ariko dira jokalariak, baita hungariarrak ere, gaur zer gerta ere, ez baitira hurrengo ligaxkarako sailkatuko. Azkenak izango dira.
«Zaleak jokalariek egin duten ahaleginaz jabetzea nahiko nuke, eta egin duten lan hori eskertzea». Ambros Martin entrenatzailearenak dira hitzak. Txapeldunen Ligako hurrengo faserako sailkatu izana lorpen handitzat jo du. «Gauza handia da talde honek lortu duena, ez baita batere erraza astean intentsitate handiko bi partida jokatzen aritzea».
Lau taldeko bi multzo
Itxako zortzi onenen taldean dago jada, bigarren ligaxkarako sailkatu eta gero. Eta aurrera jarraitzeko aukera badu. Bigarren ligaxkan lau taldeko bi multzo ariko dira lehian. Itxakorekin batera, bere multzoko buru sailkatu den bertze talde bat, eta bigarren sailkatu diren bertze bi talde izanen dira.
Bigarren ligaxka horretan lau talde sailkatuko dira finalerdietarako, multzo bakoitzeko lehenengo biak alegia.
Besta bilakatu nahi du Itxakok Korvexen aurkako partida
Lizarran gaur deus ez da jokoan, nafarrak Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkan sartu baitira jada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu