Eusko Label liga

Beste bandera bat zakuratu du Oriok

'San Nikolas' ontzia izan da nagusi Getxoko uretan, eta, hala, denboraldiko bosgarren estropada irabazi du.

Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, Getxon (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE
Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, Getxon (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko uztailaren 26a
20:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Oriok irabazi du Getxoko bandera, nork bestela. Gorka Aranberri patroiaren aginduetara erritmo bizian joan da San Nikolas ontzia, eta hura izan da, beste behin, garaile. Zazpi estropada jokatu dituzte, eta zakuan bost bandera ditu dagoeneko. Lidergoa sendotu du hala.

Bazirudien Oriok Zierbena izango zuela aurkari, baina ez dio eutsi Orioren abiadurari. Lehen ziabogan, bi segundora zituen Galipoak, eta, bigarrengoan, dagoeneko, zazpira. Ahalegin handia egin dute guztiek, baina bakarrak lortu du saria: San Nikolas-ek. Azkenean, lau luze eginda, ia hamalau segundoren aldeaz irabazi dute. Zierbena izan da bigarren, eta Donostiarra hirugarren, hemezortzi segundora.

Laugarren, berriz, bigarren txandako irabazlea izan da, Urdaibai. Bou Bizkaia-k irteera paregabea egin du; indartsu ekin diote, eta ez du errukirik izan. Bigarren minuturako, lau segundo atera dizkio Getariari, eta bost Isuntzari eta Aresi. Eta ondo hasitakoa ondo bukatu dute. Aurkaririk ez du izan bigarren txandan. Are, laugarren izan da estropadan, ohorezko txandan aritu den Hondarribiaren aurretik. Beraz, bihar onenekin arituko dira lehian berriro.

Isuntzak, berriz, bigarren luzean estutu egin du, eta Getariari atzetik hozka egin dio. Baina abisua baino ez da izan. Pixkanaka, gipuzkoarrek aurrera egin dute, eta tartea zabaldu. Zazpigarren izan da Getaria, eta zortzigarren Isuntza.

Lehen txandan, San Juan izan da irabazle, eta bigarren txandako Getaria, Isuntza eta Ares baino azkarrago ere izan da. Lehen ziaboga ematerako, abantaila esanguratsua eskuratu dute pasaitarrek, eta bukaerara arte gogor segitu dute lanean. Lanaren erdia egiterako, esku-eskura zuten lehen txandako garaile izatea, eta ez dute alferrik galdu. Nagusi izan da Erreka, eta seigarren amaitu du estropada. Arraunlariek behin baino gehiagotan esan izan dute bigarren txandan aritu nahi dutela borrokan, eta gaur demostratu dute badutela gaitasuna.

Uretan, Ondarroa izan dute atzetik. Antiguako Ama-k bigarren luzean hartu dio aurrea Cabo Galiziako taldeari, eta ondo eutsi dio aldeari, erraz; baita paladaz palada handitu ere. Azkenerako, zortzi segundo atera dizkio; bigarren txandako Aresen aurretik bukatu du Bizkaiko taldeak.

Kaiku, larri

Bizkaitarra, beste behin, pattal aritu da, eta hura izan da ontzirik makalena Getxon. Ez du hasiera ona egin Eusko Label ligan, eta gaur ere ez da ondo ibili; minutu bat eta hogeita sei segundo kendu dizkio Oriok. Azken-aurreko postuan dago Kaiku sailkapen nagusian. Hau da, zuloan, Caborekin batera. 16 puntu ditu Bizkaiko taldeak, eta bat gutxiago Galiziakoak. Ondarroak, hamargarren sailkatuak, berriz, 27.

Txanponaren beste aldean, eta egindako lanaz harro, hala esan du Orioko entrenatzaile Iker Zabalak: «Oso pozik nago. Zorionak Oihan Gozategi ere, bere lehen bandera irabazi baitu. Hori ere inportantea da. Gaurko estropada, hasi eta buka, biribila izan da; denbora oso ona egin dugu. Bandera hartu, eta biharko estropadan pentsatzen jarriko gara».

Bihar, hain zuzen, Kantabrian izango dute estropada Eusko Label ligako ontziek: Castron (Espainia); 12:20an hasiko da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.