Binakako Txapelketa

Beste bat Jaka eta Zabaletarentzat

Binakako Txapelketako orain arteko bikote onenak erraz irabazi dio Altuna III.a-Galartza bikoteari Eibarren (22-9). Jakak 10 tanto egin ditu.

jarraia176380.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 19a
09:54
Entzun

Oraingoz aurkaririk ez daukate Jakak eta Zabaletak Binakako Txapelketan. Gaur ere irabazi egin dute, aise gainera, Altuna eta Galartzaren aurka. Eibarren aritu dira, eta txapelketako sailkapenean alde handiz buruan direnek 22-9 irabazi dute. 

Hasieratik nagusitu dira gorriak, Altunaren eta Galartzaren opariak baliatuz. 5-1 ipini dira hasi bezain azkar, eta 15-3raino joan dira segituan. Zabaleta nagusi zen atzealdean, eta Jaka dotore aritu da baliatzen atzelariaren lan bikaina. Zoratu egin du Altuna aurreko koadroetan hamabosgarren tantora heldu artean. Ondoren, hiru tanto egin dituzte urdinek, baina azkar suspertu dira Jaka eta Zabaleta, eta 22-9 amaitu da partida. 

Bikote sendoa dira Jaka eta Zabaleta: atzelaria aurkariak menderatzen ari da, eta aurrelaria trebe dabil tantoak egiten. Hamar egin ditu gaur Lizartzakoak. Zortzigarren puntua lortu dute gaur bederatzi jardunalditan, eta dagoeneko hiru puntuko koska ateratzen diote bigarren bikoteari. 

SAILKAPENA

1. Jaka-Zabaleta 8 puntu
2. Artola-Imaz 5 pt.
3. Ezkurdia-Martija 5 pt.
4. Altuna-Galartza 5 pt.
5. Laso-Albisu 5 pt.
6. Irribarria-Rezusta 4 pt.
7. Olaizola-Urrutikoetxea 3 pt.
8. Bengeoetxea-Mariezkurrena 1 pt.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.