GIRONA 1 - ALAVES 0

Beste behin ere, Alaves esku hutsik itzuliko da Gasteizera

Gasteiztarrek 1-0 galdu dute Gironaren aurka Montilivin. Ordu laurdena beteta sartu dute etxekoek garaipenaren gola. Bigarren zatian Antonio Blancok sartutako gola baliogabetu egin du epaileak, jokoz kanpo zegoela iritzita.

Jonny, Montilivin, etsita. DAVID BORRAT / EFE
Jonny, Montilivin, etsita. DAVID BORRAT / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko azaroaren 8a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek ezinean jarraitzen du Mendizorrotzatik urrun. Gainditu beharreko ikasgaia du. Beste behin ere esku hutsik itzuliko da Gasteizera, Girona azken sailkatuaren aurka 1-0 galdu ostean. Athleticen aurka San Mamesen irabazitako partida kenduta, Alavesek bisitari gisara ez du lortu hiru puntuak biltzea, eta, horren eraginez, oraindik ez ditu ligako bi partida jarraian irabazi. Lehen zatian nahiko apal ibili dira babazorroak. Baloiaren jabetza Kataluniako taldeak izan du, eta, Alaveseko Denis Suarezek izan duen aukera garbia kenduta, etxeko taldea hobeto moldatu da, eta nagusitasun hori markagailuan islatzea lortu du. Bigarren zatian, berriz, askoz itxura hobeagoa eman du Alavesek, baina ez du nahikoa izan partida berdintzeko.

Hamaikakoan, nobedade nagusia Mariano Diaz izan da. Aurrelariak ez du batere jokatu ligako azken lau partidetan, baina, Espainiako Kopan Getxoren aurka hiru gol sartu ostean, Eduardo Coudetek aukera bat eman dio, Lucas Boyeren hutsuneak behartuta. Bi aurrelarirekin jokatu du Gasteizko taldeak. Apustua, baina, ez zaio oso ondo atera. Ohi bezala, Alavesek aurkariaren esku utzi du baloiaren jabetza, bloke baxuan kokatuz.

Jokoaren ekimena Gironak izan duen arren, partidako lehen aukera garbia bisitariena izan da. Jokaldi azkar baten bitartez, Denis Suarez sukalderaino sartu da, Marianorekin bat-bikoa egin ondoren. Jaurtiketan, baina, ez du asmatu erdilariak. Damutuko zen Denis Suarez Gironaren ate aurrean huts egin izanaz, hurrengo jokaldian iritsi baita etxekoen lehenengo gola. Bryan Gilek ezker hegalean baloia hartu du, eta maisuki iskin egin dio Caleberi. Gilek egindako erdiraketa Viktor Tsygankov eskuin hegaleko jokalariak errematatu eta sareratu du buruz. Ikusgarria izan da burukada, eta Antonio Siberak ezin izan du ezer egin.

Ordu laurdena beteta, atzetik zihoan markagailuan Gasteizko taldea, eta ondorena ez da askoz hobea izan. Orduantxe iritsi baitira Gironaren beste bi aukera garbi, bata bestearen atzetik. Azzedine Ounahi erdilariaren jaurtiketa Siberaren eskuairatik gertu pasatu da, eta Gilek area barruan ezkerrez egindako jaurtiketa kanpora joan da. Gaitz erdi arabarrentzat.

Blancoren gola, jokoz kanpo

Atsedenaldiaren ondotik, taldea suspertzeko asmoz hiru aldaketa kolpetik egin ditu entrenatzaile argentinarrak. Jon Guridi, Carlos Vicente eta Abderrahmane Rebbach zelairatu dira, Mariano, Carles Aleña eta Caleberen ordez. Marrazkia aldatu du Coudetek, Guridi erdi-puntan jarrita, eta Toni Martinez aurrean erreferentzia bakar gisara. Denis Suarezen gidaritzapean, gasteiztarrek aurrerapausoa eman dute erasoan, eta oldarkorrago aritu dira. Lehen zatian ez bezala, bigarrenean Alavesek Gironaren zelaian jokatu du.

Joko onak saria izan du arabarrentzat 53. minutuan, baina gutxi iraun die pozak. Korner bat motzean atera ostean, Antonio Blancok buruz egindako errematea sareetara joan da. Amorruz ospatu dute Alaveseko jokalariek berdinketaren gola, baina epaileak adierazi du taldeko kapitaina jokoz kanpo zegoela. Hortik aurrera, jokoa bizia izan den arren, aukera garbirik ez da egon, neurketa amaierara iritsi den arte.

Arauzko denbora betetzear zela, Gironak bigarren gola sartu du, baina, jokoz kanpo zegoela iritzia, epaileak baliogabetu egin du. Horren jarraian iritsi da gasteiztarren azken aukera. Partidaren amaieran zelairatu den Pablo Ibañezek baloia erdiratu du, eta gutxigatik joan zaio errematea Nahuel Tenaglia atzelariari. Coudeten taldeak aukera paregabea galdu du Europari begira jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.