Telefonoa eskegi, eta ohikoa duen irribarrearekin eta gertutasunarekin agurtu du kazetaria Mariasun Quiñonesek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Turkiako Ankara Fomget taldean jokatzen ari da, eta eskertuta dago deitzeagatik, gogotsu baitago izaten ari den esperientzia kontatzeko. Ez du jokatzeko nahi beste aukera izan, baina, besteak beste, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketetan aritu zen: «Denbora neraman partida handi bat jokatu gabe, eta berezia izan zen». Gainera, jokatu duenean lan ona egin duela nabarmendu du: «Horri ematen diot garrantzia, jokatutako denborari baino gehiago».
Udan fitxatu zenuen Turkiako Ankara BB Fomget taldearekin. Zer moduz?
Oso gustura. Ongietorria oso-oso ona izan zen. Klubeko jendea oso jatorra da, gertukoa. Beti daude laguntzeko prest. Taldean atzerritar asko gaude, eta etxean bezala sentiarazten gaituzte. Ankaran ere gustura nago. Zailena hizkuntza da. Jatetxe batera joatean edo erosketak egitera joatean, adibidez, zailtasunak izaten ditut. Dena den, ingelesez gero eta hobeto moldatzen naiz. Gainera, taldean badira hainbat jokalari gaztelaniaz moldatzen direnak. Turkiarrez ere ari naiz pixkanaka hitzak eta esaldiak ikasten. Asko eskertzen dute.
Nolatan sortu zitzaizun hara joateko aukera?
Espainiako Ligako eskaintzak izan nituen, baina zera nuen buruan: beste esperientzia bat bizitzea, eta, ahal izanez gero, berezia izatea. Athleticen ez nuen askorik jokatu azken urte eta erdian. Hori dela eta, zailagoa izan zen eskaintzak izatea. Baina aukera hau sortu zen, eta urratsa egitea erabaki nuen.
Fomget ez da nolanahiko talde bat. Aurreko sasoian ligako txapelduna izan zen. Zein maila du hango ligak? Eta jokalariek?
Espainiako ligarekin alderatuta, koska pare bat beherago daude. Taktikoki, ordena apur bat falta da. Partidetan trantsizio asko izaten dira, zertxobait kaotikoak dira. Gainera, gure kasuan herrialde askotako jokalariak ditugu; beraz, egokitu behar izan dugu.
«Espainiako Ligarekin alderatuta, Turkiakoa koska pare bat beherago dago. Taktikoki, ordena apur bat falta zaio»
Oraintxe bertan laugarren zaudete sailkapenean; Fenerbahce dago lehen tokian, zuek baino zazpi puntu gehiagorekin. Nola dago taldea?
Aurkari zuzenen aurka ez gara nahi bezala aritu. Galatasarayren aurka galdu egin genuen, adibidez, eta entrenatzailea kargutik kendu zuten. Besiktasen kontra, berriz, berdindu egin genuen. Baina baikor naiz. Izan ere, Fenerbahce neurketarik galdu gabe zegoen, eta puntu bat lortu genuen haien aurka. Horrek indarra eta konfiantza eman digu. Kontuan izan, gainera, Galatasaray, Besiktas eta Fenerbahce gizonezkoen egituretatik sortutako taldeak direla; gurea, berriz, ez. Emakumezkoen klub bat da.
Zer moduz entrenatzaile berriarekin?
Oso gustura. Gure jokatzeko modua zertxobait aldatzen saiatzen ari da. Guk baloia gehiago izatea nahi du, eta jokaldiak gehiago lantzea. Gainera, teknikoki eta taktikoki gehiago lantzen ditu partidak, eta aurkariren bideoak ere bikain prestatzen ditu.
Nolako baliabideak dituzue?
Alde horretatik, ondo gaude. Adibidez, klubak duen etxe batean bizi naiz, eta entrenatzera autobus batean eramaten gaituzte, baita etxera ekarri ere. Izan ere, trafikoa kaotikoa da. Bazkaldu, berriz, kirol hirian egiten dugu. Bestalde, denboraldi hasieran entrenatzen ginen zelaiko belarra nahiko gogorra zen. Baina duela bi hilabetetik beste zelai batean ari gara entrenatzen. Guk bakarrik erabiltzen dugu.
Sare sozialetan zabaltzen dituzun bideoak ikusita, atezainen prestakuntzak antz handia dauka hemengoarekin.
Bai. Oso-oso gustura nago. Atezainen entrenatzailea oso langilea da, eta beti dago guk nola hobetu pentsatzen. Entrenamendu onak egiten ditugu, batez ere zelai berrian gaudenetik. Hasieran, beharbada, analitikoagoak ziren, eta zelaiaren egoeragatik ez genituen lurrean hainbeste ariketa egiten.
Gustura zaude jokatzeko izaten ari zaren aukerekin?
Egoera ez da erraza. Hemengo ligaren araudiak zera dio: talde bakoitzean gutxienez Turkiako hiru jokalari egon behar dutela zelaian une oro. Guk gutxi ditugu, eta horietako batzuk min hartuta egon dira. Beste atezaina Turkiakoa da; selekzioko atezain titularra. Beraz, egoera ikusita, entrenatzaileak haren alde egin behar izan du neurketa askotan. Aukera gehiago izan ditu jokatzeko. Baina lasai nago, nigan ere konfiantza handia dutelako, neure burua ondo ikusten dudalako, eta jokatu ditudan partidak garrantzitsuak izan direlako. Jokatu dudan denborari baino gehiago, jokatzean egin dudan lanari erreparatzen diot, eta, alde horretatik, gustura nago. Gainera, entrenatzaile berriak esan dit lasai egoteko, aukera gehiago izango ditudala jokatzeko.
Zeren falta sumatzen duzu?
Familiarena eta aldagelako giroarena. Hemen giroa oso bestelakoa da. Adibidez, estadiora aldatuta joaten gara, eta, gero, etxean edo hotelean hartzen dugu dutxa. Aldagelan apenas egoten garen. Beraz, irabazi edo galdu osteko uneak ez ditugu partekatzen. Hortik kanpo gehiago elkartzen gara.
«Familiaren eta aldagelako giroaren falta sumatzen dut. Hemen apenas egoten garen aldagelan. Hortik kanpo gehiago elkartzen gara»
Urrutitik bada ere, nola ari zara ikusten Reala eta Athletic egiten ari diren denboraldia?
Oso adi nago, eta mezuak bidali eta harremanetan nago hango jokalariekin. Reala bikain ari da, eta oso pozik nago. Ahizpa entrenatzailea da, eta ondo ezagutzen du Arturo [Ruiz]. Fitxatu zutenean, zera esan zidan: oso ondo egokituko zela Realera. Nerearekin [Eizagirre] eta Luciarekin [Rodriguez] ere hitz egiteko aukera izan dut, eta oso pozik daude. Athleticek, berriz, ez zuen denboraldia ondo hasi. Zorionez, klubak pazientzia izan zuen entrenatzailearekin, eta egoera bideratu ahal izan dute. Esperientzia duten jokalariak erabakigarriak izan dira horretan, eta gazteak ere gero eta hobeto ari dira: adibidez, Agote.
Realak bi atezain oso gazteren alde egin du. Zein iritzi duzu Julia Arrularen eta Alazne Estensororen jardunaz?
Gehien gustatzen zaidana zera da: entrenatzaileak biei eman diela jokatzeko aukera. Julia eta Alazne oso ondo ari dira. Julia oso lasaia da, eta buruz buruko jokaldietan trebea; oso bizkorra da, gainera. Alazne, berriz, garaiagoa da, eta horrek ere abantaila batzuk ematen dizkio. Urte hauetan oso lan ona egin dute atezainekin harrobian. Anderrek [Mitxelena, atezainen entrenatzaile ohia] egindako lana nabarmenduko nuke. Baita, aulkian egon bazen ere, Olatzek [Santana] egin zuena ere.
Noizbait gustatuko al litzaizuke berriz Espainiako Ligan jokatzea?
Polita litzateke, baina gaur egun ez, oso gustura nagoelako hemen. Beste urtebeterako kontratua dut hemen, eta bete egin nahi dut. Gainontzean, esperientzia laburregia izango litzateke. Baina 29 urte baino ez ditut, eta futbolean edozer gerta daiteke.