Dominion B. B. 83. Tenerife 101

Beste estropezu bat

Bilbo Basketek astindua jaso du.Hirugarren partida jarraian galdu du, eta atzera pausoa eman du liga laugarren postuan amaitzeko lehian

Alex Mumbru, saskirako bidea egiteko ahaleginean, aurkari batek oztopatuta. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Dominion Bilbo Basket. Bertans (14), Colom (13), Todorovic M. (19), Mumbru (18), Hervelle (2) —hasierako bostekoa—; Borg, Todorovic D., Williams (7), Lopez (4), Andjusic eta Wragge (6).

Iberostar Tenerife. Uriz (5), Sekulic (10), Blanco (11), Rost (8), Sikma (9) —hasierako bostekoa—; Richotti (25), Rey (6), Lampropoulos (7), Beiran (10) eta San Miguel (10).

Markagailua. 26-27, 42-54; 65-74, 83-101. Epaileak. Benjamin Jimenez, Castillo eta Munar. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 8.974 ikusle Bizkaia Arenan.

«Ez dugu ezer ere egin». Zaila da esaldi bakarrean Marko Todorovicek baino hobeto, eta gordinago, definitzea Dominion Bilbo Basketek Tenerifen aurka atzo Bizkaia Arenan egindakoa. Etxean 101 puntu jaso, eta hemezortziko punturen aldeaz galtzen denean, zaila da aitzakiak aurkitzea. Liga laugarren postua amaitzeko helburua dute bizkaitarrek —titulurako kanporaketan kantxa faktorea emango lioke horrek—, baina atzerapauso nabarmena eman dute azken hiru jardunaldietan galduta. Hori hala, garaipen bakarrera hurbil daiteke Laboral Kutxa Baskonia, gaur CAI Zaragozari Gasteizen irabazten badio (12:15, ETB1). Valentzia eta Joventut dira beste mehatxuak.

Gotorleku fidagarria izan da Bizkaia Arena sasoi honetan. Partida bakarra galdua zuen etxean Bilbo Basketek. Atzo, baina, astindu handia jaso zuen, eta itoginak nola estali jakin gabe amaitu zuen. Hiruko jaurtiketen bitartez eraitsi zuen harresia Tenerifek: orotara hamasei saskiratu zituen. Nicolas Richotti nabarmendu zen lan horretan, zazpi sartuta.

Lehen laurdenaren amaierarako ikus zitekeen puntu askoko norgehiagoka izango zela. Bi taldeen hiruko festaren ondorio 26-27 amaitu zuten. Bigarren laurdenean, baina, desagertu egin zen etxeko taldea. Espainiarrek nagusitasun osoz tarte polita bildu zuten epaileek aldagelarako bidea adierazi aurretik (42-54).

Sito Alonsok epelak esango zizkien atsedenaldian jokalariei, bestelako itxura eman baitzuten. Hala, balentriarako eguna izan zitekeela zirudien laugarren laurdenaren hasieran. Alex Mumbruren saskiratzearekin zazpi puntukoa zen aldea (67-74). Baina, bi hiruko jarraian sartu zituen Richottik, eta urrun berriro espainiarrak. Dairis Bertansek hirukoa sartu zuela? Bada, Rodrigo San Miguel eta Richottik beste bana, eta Tenerife hamasei puntu aurretik. Hortik aurrera, Bilbo Basketekoen nagikeria besterik ez.

Bestalde, Bilbo Basketek atzo jakinarazi zuen Kyle Rowley Zornotzako pibot ohia fitxatu dutela sasoi amaiera bitarte. 35 urte ditu eta 213 zentimetro luze da. Williamsek arazo fisiko txikiak ditu eta haren lan karga murrizteko fitxatu dute.

GBC lasaitasun beharrean

Ur handitan sartu nahi ez badu, gaur irabazi beharra du Gipuzkoa Basketek, Fuenlabradaren aurka (18:00). Baliteke Thomas Abercrombiek jokatzea. Espainiarrak azkenak dira, eta donostiarrek baino hiru garaipen gutxiago dituzte. Jaisteko muga Manresak ezartzen du, gipuzkoarrek baino garaipen bat gutxiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.