Euskal Herriko Itzulia. Erreportajea

Beste familia

Lagun onak dira Sergio Luis eta Sebastian Henao, eta Xabi Zandio. Nafarrak asko lagundu zien kolonbiarrei Iruñera iritsi zirenean, eta, orain, haien zuzendaria da, Sky taldean.

Imanol Magro Eizmendi.
Gorraitz
2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Negu gorria zen. Iruñean igaro nuen lehen egunean sekulako elurtea bota zuen». Sergio Luis Henaok (Rionegro, Kolonbia, 1987) memoriaren irratia sintonizatu du, eta txirrindularizaleek hainbeste maite dituzten anekdota horietako bat kontatzen hasi da. 2012ko otsailean hotz denboralea egon zen Nafarroan, eta orduan lurreratu zen Kolonbian hainbeste zeresan eman zuen igotzaile hark. «Sekulako hotza egiten zuen, gaueko hamabietan iritsi nintzen etxera, eta ez nuen berogailua pizten asmatu. Hura zen hotza! Galtzekin eta berokiarekin sartu nintzen ohera, 'bihar dena ezberdina izango da' pentsatuz». Xabi Zandiok (Iruñea, 1977), alboan eserita, xehetasunak gehitu ditu, erdi barrezka. «Mallorcatik gentozen, eta baldintza haietan Iruñeko taldekoek ez entrenatzea erabaki genuen, baina Sergio bere kasa irten zen, eta iparralderantz jo zuen».

«Hamarrak aldera esnatu nintzen, eta etxea ilun zegoen. Ez zuela argitu uste nuen, pertsianak nola igotzen ziren asmatu nuen arte, eta dena zuri-zuri zegoen... Baina ni txirrindulari ondratua naiz, lanera etorria, hori erakutsi nahi nuen, eta pentsatu nuen: ' hauek ez badira irteten, ni bakarrik noa. Bi ordu egingo ditut norabide batean, eta bi kontrakoan'». Eta han abiatu zen. «Ia galdu egin nintzen, ama maitea!».

Zandiok ezin du barrea ezkutatu, eta Sebastian Henao ( Rionegro, 1993) taldekide eta lehengusuak adi entzuten du. «Aurrera egin, eta Ibañetara —1.057 metro eta Iruñetik 50 kilometrora— iritsi nintzen, elurrez beteta. Eta ni aurrera, entrenatu beharra zegoen. Elurra kentzeko makina handia zegoen errepidean, eta ni haren atzetik igo nintzen. Zer pentsatuko zuen gidariak! Blai egin nintzen, arropa guztia mela-mela eginda, ezin nituen abiadurak aldatu. Haizea, hotza, galduta... Orduan ezagutu nuen zer den hotza!».

«Kolonbian badugu elurra, baina mendi tontorretan, urrun, parkeetan. Han, 3.000 metrora bizi gara, baina ez dago elurrik, hamabost gradutik gora egiten du beti», zehaztu du Sebastianek. «Elurra hemen ukitu nuen aurrenekoz», gehitu du Sergiok. «Orduan joan ez bazen, jada ez dago hemendik botako duenik. Etorri zenetik hona guztiz aldatu da. Lehen, lotsatia zen, ez zuen hitz egiten, eta begira orain. Nik banekien kosta egin zitzaiola Kolonbiatik irtetea. Sergio Kolonbian dominadore bat zen, eta banekien aurretik ere eskaintza onak izan zituela», azaldu du Zandiok. Baina zergatik Iruñera? Sergiok azaldu du. «Rigoberto Uranen eskutik etorri nintzen, eta hura, Mauricio Ardilaren atzetik. Han beti elkarrekin aritzen ginen, eta hau toki ona zela esan zidan. Kontua da ez nekiela irten edo ez, eta Rigo-k esan zidan, 'Sky taldeak nahi zaitu'. Eta nik esan nion: ' Hala bada, bidal iezadazu kontratua'. Jaso nuen arte ez nuen sinetsi. Sinatu, eta etorri egin nintzen. Hura gero Italiara joan zen, eta hemen gelditu nintzen ni. Eta orain arte».

Skyk Gorraitzen (Nafarroa) hartu duen hoteleko harreran daude solasean hiru lagunak, eta denbora guztian ari dira elkarri adarra jotzen. «Etorri zirenean hauek ez ziren horrelakoak, pentsatu nuen, oso argia ez da izango...», bota du Zandiok. Bi kolonbiarrek, baina, hitz onak baino ez dituzte taldekide ohi eta orain zuzendaria denaren inguruan. Sebastian 2014an etorri zen, eta hark lehengusua izan zuen bidaide. Hark dena errazago izan zuen. «Xabik asko lagundu gaitu. Dena non dagoen erakutsi digu: dendak, bankua... Nora joan, non jan, Xabi hau, Xabi hura... Pertsona oso ona da. Edozein kolonbiar Iruñera datorrenean beti Xabirengana bidaltzen dute, berdin dio Cajar Ruralekoa bada ere!».

Paris-Nizako solasaldia

Xabi lotsatzen hasia da. Sergiok jarraitu du: «Etorri nintzenean asko lagundu ninduen, berarekin erosi nituen lehen patatak eta lehen arroz kiloa. Gainera, asko hitz egiten zuen, jatorra zen, gaztea zirudien. 'Hau tipo ona da' esan nion neure buruari». «Nola, zirudien?», moztu du Zandiok. «Aizu, etorri nintzenean 32 urte nituen». Sebastianek are gehiago piztu du debatea. «Bai, bai, nik ere berdin pentsatu nuen. Etorri nintzenean gaztea izango zinela pentsatu nuen, hain hiztuna, ilea zenuen...28 bat urte izango zenituela uste nuen, eta harritu ninduen 35 zenituela jakiteak. Guretzat taldeko aitona zen». Zandio ezin izan da isilik gelditu: «Zuekin egoteak urdindu dit ilea!».

Zandio pertsona oso atsegina da, eta horri ere barre egiten diote kolonbiarrek. «Beti ari zaizkit horrekin adarra jotzen». «Ezin zara berarekin kalean ibili», argitu du Sebastianek. «Ehun pertsonarekin gurutzatuko kalean, eta 120k ezagutzen dute, harrigarria da». Biek, gainera, Kolonbiara inoiz joan ezin izana aurpegiratu diote Xabiri. «Askotan gonbidatu dut, baina ez. Ea ezkontzen naizenerako...», gehitu du Sergiok.Dagoeneko, biek ondo ezagutzen dute Iruñea. Orain, urtean hiruzpalau hilabetez etortzen dira, eta irrikan egoten dira etortzeko. «Nire emazte Carolina ere oso gustura etortzen da. Iaz aita izan nintzen, eta semea ere etorriko da. Gustuko dugu hau: giroa, lasaitasuna, janaria... Eta txirrindulari lagun multzoa». Sebastianek jarraitu du. «Hona etorri eta lagunekin entrenatzea gauza handia da: Xabi, haren anaiak, Imanol Erbiti, Enrique Sanz...». Zandiok zirikatu egin ditu. «Baina han gusturago daude, kosta egiten zaie etortzea. Jende asko pasa da gure multzotik: Denis Mentxov, Vladimir Karpets, Ardila, Uran... Beti izan dugu giro ona».

Bi lehengusuek denbora asko egiten dute elkarrekin, eta zaletasun handia bera dute: autoak. «Autoak ikustea gustatzen zaigu, aztertu, bideoak ikusi... Ezin ditugu erosi-eta!»,dio Sergiok. Batek Mercedesa du Kolonbian, eta besteak Chevrolet bat. Zaharrenak asko laguntzen dio gazteari, baina Zandio ere maite du. «Xabi bezalakoak gutxi daude. Etapa gogorra jokatu, bost ordukoa, emaitza txarra, leher eginda iritsi hotelera, eta han ikusten zenuen irribarretsu. Beti du jarrera ona, hemen dugun beste familia da». Urrunegi joan gabe, aurten bertan animatu behar izan zuen henaotar gaztea, Paris-Nizaren bigarren etaparen ondoren. Pasadizoa konta dezala eskatu dio Sergiok Zandiori. «Nik hitz egin nuen Sebas-ekin. Txirrindularitza utzi nahi zuela zioen, ernegatuta zegoela bi etapa horietan pasatu zuen miseriarekin. Haizea zegoen, haize babesak, bera ezinean... egun osoa jota pasatu zuen. Eta ni hasi nintzaion esaten txirrindularitza horrelakoa dela, kokatzen ikasi behar dela, denok izan ditugula seigarren kilometroan atzean gelditu garen etapak eta bost ordu bakarrik igaro ditugunak. Ikasi egiten da». Sergiok atera dio irribarrea lehengusuari. «Eta gero, azken etapan, pila bat lagundu ninduzun. Halako itzulietan igotzen da maila».

Taldeko zuzendarietako bat da Zandio. Azken urteetan tropelkideak izan dira, eta orain nagusia da. «Baina ni ez naiz aldatuko, e! Ni berbera izango naiz aurrerantzean ere. Gainera, orain arte lasterketa bakarrean egon naiz, Voltan, eta Itzulia da bigarrena». «Bai, baina Skyren historiako txarrena izan da», jo dio adarra Sergiok —Chris Froome izan zen taldeko lehena, 30., ia ordu erdira—. «Halakorik ikusi gabeak ginen, eta bera autoan». Sebasek ere barre egin du, eta Zandiok bere ohore garbitu du. «Ez zen nire errua izan».

'Narcos'-en gezurrak

Henaotarrak Rionegro hirian jaiotakoak dira, Antioquiako departamentuan. 2.000 metrora dagoen 120.000 biztanleko hiri industriala da, Medellindik 45 kilometrora. Sergiok dioenez, Iruñea «seguruagoa» da, baina hura gustura bizi da han. «Kolonbia estiloko hiria da, ordena falta ordenatua. Gu kanpoaldean bizi gara. Entrenatzeko toki ona da, gidariek errespetatzen gaituzte». Rionegro, baina, zerbaitegatik ezaguna bada Pablo Escobar droga saltzailearen jaioterria delako da. Narcos telesailak berriz ere ezagun bilakatu du. «Beti gauza txarrak zabaltzen dira, horrek saltzen du, eta gauza onak egiten badituzu ez da nabarmentzen», defendatu du bere jaiolekua Sergiok. «Narcos telesailak saltzen duena ez da erreala. Pertsonaia batzuek utzi ziguten ondarea da, baina ez da egungo irudi erreala». Sebas-ek ere hitza hartu du: «Hor agertzen dena ez da egungo Kolonbiaren irudia. Nazioak dezente egin du hobera, eta erakusten dena beste garai bat da».

Kirolari kolonbiarrek oso sustraitua dute nazio izaera hori, eta henaotarrak ez dira gutxiago. «Erantzukizun bat dugu, nazioa aldatu dela erakustea, eta kirola izan daiteke erakusleihoa. Nazioaren izena atzerrian zabaltzen dutenetako batzuk gara. Kolonbiak hobera egin du, ez da film eta telesailek erakusten duena». Gizarteak hobera egin du, baita txirrindularitzak ere. Inoizko belaunaldi onena du, baina ez dago ez UCI mailako talderik ezta lasterketarik ere. «Kudeaketa falta da. Baliabideak badaude, baina enpresa batzuk sartzea falta da. Antolatuko balira jendearen babesik ez litzateke faltako, zaletasuna asko hazi baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.