Beste final bat gehiago

Osasunak jaitsiera postuetatik atera nahi du gaur, Betisen zelaian irabazita

Iruñea
2009ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Finala zen, eta galdu egin dugu», esan zuen Jose Antonio Camachok, Sportingen aurka 1-2 galduta. Osasunako entrenatzaileak ez zuen hor amaitu esaldia, dena dela: «Beste hamabi final geratzen zaizkigu», esan zuen. Eta bai, martxa honetan beste edozein taldek baino final gehiago jokatu behar ditu Osasunak sasoi honetan. Ez da harritzekoa lehen itzulian 13 puntu bakarrik bildu zituztela gogoan izanez gero. Bigarren itzuli hasieran bildutako puntuei esker, Osasuna bizirik dago oraindik mailari eusteko lehian, eta ez da gutxi, lehen itzulia hain puntu gutxirekin amaitu eta gero. Manuel Ruiz de Lopera futbol zelaian ariko dira gorritxoak, eta irabaziz gero, Betis zuloan hondoratu eta jaitsiera postuetatik at izango dira gorritxoak -gol aldea Osasunarentzat izateko bi goleko aldeaz irabazi beharko dute nafarrek, lehen itzulian 0-2 irabazi baizuen Betisek Iruñean-. Horretarako,etxetik kanpo orain artean ez bezala ibili beharko dute Camachoren mutilek: Nafarroako Erresumatik at ez dute oraindik partidarik irabazi -zazpi galdu eta sei berdindu-, eta gaur irabazten badute, une aproposean iritsiko da lehen garaipena.

Betisek kalitate handiko jokalariak ditu, eta ez da batere erraza izango gaur arratsaldeko lehia gorritxoentzat, baina baikor izateko arrazoirik bada. Paco Chaparroren taldea denboraldi pattala egiten ari da; egun batean egundoko erakustaldia eman eta hurrengo jardunaldian negargarri aritzeko gai da Betis. Oso talde irregularra da, eta etxean jokatu dituen partidetako estatistikek Betis talde ahula dela ondorioztatzera behartzen dute: Ruiz de Loperan jokatutako hamabi partidetatik bi besterik ez ditu irabazi Chaparroren taldeak, bost partida berdindu eta beste bost galdu. Osasuna talde ahula da etxetik at, baina Betisek ere ezin du erronkarik jo etxean. Gainera, Betiseko jokalari garrantzitsu asko ez dira ariko gaur;besteak beste, jokatu ezinda dira zelai erdian hegaletatik aritzen diren bi jokalari: Juanma eta Mark Gonzalez. Eta ezin da ahaztu Ruiz de Loperan emaitza ezin hobeak izan dituela Osasunak: 0-5, orain bi denboraldi; eta 0-3, iragan sasoian.

Betisek jokalari batzuk falta ditu, eta Osasunak ere bai. Izan ere, Camachok ez du zelairatzerik izango azken boladan zelairatu duen hamaikakoa. Eta aldaketak egin beharko ditu: Pandiani eta Krutxaga min hartuta dira, eta Dady eta Sergioren ordua da orain. Derrigorrez egin beharreko bi aldaketa horiez gain, bestelako berritasunik ere izango du hasierako hamaikakoak. Azpilikueta, esaterako, hamaikakora itzuliko da partida bateko zigorra bete du eta; orduan, Javier Flaño ordezkoekin utziko du, eta Masud ere ordezkoen aulkian izango da, Antonio Hidalgoren mesedetan. Iragan asteburuan, Sportingen aurka hasieratik zelairatu zuen hamaikakoarekin alderatuz gero, lau aldaketa egingo ditu Camachok, beraz.

Nekunam, hasieratik

Osteguneko lan saioa ikusita, bazirudien sasoi honetan lehendabiziko aldiz Javad Nekunam hasierako hamaikakotik at utziko zuela Camachok, baina, azkenean, ez da halakorik gertatuko, eta Krizstian Vadocz hungariarrak aukeraren zain jarraitu beharko du. Ligako lehen hogeitasei jardunaldietatik bakarra ez du jokatu Nekunamek, aurreko partidan, txartel gorria atera ziotelako eta zigortuta zegoelako. Kopako lau norgehiagoketan ere hasieratik jarri zuen euskarri irandarra Camachok. Jokatzeko moduan izan den aldi guztietan hasieratik aritu da, beraz, bai Zigandarekin eta bai Camachorekin. Eta hori ez da gaur Ruiz de Lopera zelaian aldatuko, nahiz eta azken partidetan ez duen dakiena erakutsi. Gaur ere izango du aukera jokorik onena berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.