Osasunak ligan duen egoera aintzat hartuta, ez litzateke harrigarria izango Espainiako Kopari behar bezalako garrantzia ez ematea. Orain, Lehen Mailan jarraitzea da Osasunaren helburu bakarra denboraldi honetan. Horregatik, gaur Gijonen galtzeak igandean Sadarren Valladolid mendean hartzea ziurtatuko balu, Osasunako zale guztiek balekotzat emango lukete aukera hori. Dena dela, egia da Kopak ligarako adorea indarberritzeko ere balio dezakeela. Hain zuzen ere, hori azpimarratu zuen atzo Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaileak, Gijonera denbora-pasa ez doazela argi utzita. Ligako aho zapore garratza Kopan gozatu nahi dute nafarrek.
«Kopa egokia izango da guretzat. Lehiaketa ofizial bateko norgehiagoka da, eta behar den seriotasunarekin ekin behar diogu partida honi». Mendilibarren ustez, taldearentzat «ona» izango da beste lehiaketa batean aritzea. «Ligako egoera txarra gainditzen lagundu diezaguke Kopak». Bizkaitarrak argitu zuen ligan gutxi aritzen ari diren jokalariek jokatzeko aukera izango dutela. «Eta ea ondo lehiatzen diren, ligako partidetarako niri zalantzak eragiteko. Zelai dotore batean ariko gara, talde on baten aurka. Bidaia ez beste dena ona da guretzat».
Sporting izango dute nafarrek parean, Jose Ramon Sandoval entrenatzaile lanetan jarri zutenetik goraka datorren taldea. Gorritxoek hiru aldiz neurtu dituzte indarrak Kopan Sportingen aurka; lehen bietan, Gijongoek gainditu zuten kanporaketa, eta azkenekoan, Osasunak.
Beste lehiaketa bat da Kopa
Osasuna azken postuan dago Espainiako Ligan, baina Mendilibarrek ez dio muzin egin nahi Kopan lehiatzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu