Lagun Arok plaza zailean saiatu beharko du azken egunetan hartu dituen bi muturrekoak ahazteko. Aurten aurkari gaiztoa izaten ari da Valladolid, zortzi onenen artean sartzeko lehiatzen ari delako, eta bere etxean menderaezin izaten ari da aurkari gehienentzat. Bistakoa da, donostiarren egoera animikoa txarra dela, eta txarragoa izan liteke iluntzeko zortziak aldera. Bilbon hartu zuten lehen kolpea, eta ostegunean bigarrena, Ilunben. Lo kantxaratzen badira, beste muturreko bat jasoko dute.
Valladolideko Porfi Fisac hitz goxoak izan ditu bere lehengo taldearentzat, eta sailkapenean betetzen duen postua eta bere jokoaez datozela bat esan du. Esanak esan, Valladolidek lotuta dauka hurrengo sasoian ACB ligan jarraitzea, eta etxeko lan zailenak ere eginak, titulua lortzeko kanporaketetan parte hartzeko. Batzuen eta besteen azken asteetako bidea zehatz aztertu, eta inork gutxik emango luke txakur txikirik Lasoren taldearen alde. Gipuzkoarrek dena dute kontra; emaitzak, buruko indarra, eta Domen Lorbeken eta Tsikitixviliren arazo fisikoak.