Betekada

Antolatzaileek zailtasuna muturreraino eraman, eta aspaldiko itzuli zailena antolatu dute; lau etapa gogorrak dira oso, eta azken eguneko erlojupekoa, Oiartzunen, gaiztoa eta arriskutsua.

ANDONI URBISTONDO OIARTZUN
2007ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Tropeleko txirrindulariei itzuliko ibilbidea hitz batean laburbiltzeko eskatu, eta bat etortzen dira denak. Hitz ezberdinekin, baina esanahi berarekin: gogorra. Batzuek gehiegi diote; besteek, asko. Mendateak sobera daudela diotenak ere ez dira gutxi. Euskal Herria menditsua dela onartzen dute, eta ulertzekoa dela antolatzaileek ikuskizuna izateko mendate asko eta tenteak jartzea. Baina horretan ere neurria edukitzea komenigarria litzatekeela pentsatzen dute, eurek sufritzen dutelako gehien bizikleta gainean.

Ibilbidea aztertu duen kazetari taldeak ere antolatzaileek neurrigabe jokatu duten susmoa du. Datuak argigarriak dira. 36 mendate igoko dituzte, bost etapetan. Egunero zazpi, batez beste. Bederatzi mendate ditu lehen etapak, biharkoak. Urretxun hasi eta bukatuko da, eta 139 kilometro bakarrik ditu. Santa Barbara gainean bukatuko da txirrindularien lana, eta hirutan igoko dute. Ez da mendate pikoa, baina min egin dezake. Dozena bat segundo egon daitezke jokoan helmugan, azken igoera baino lehen has daitekeelako borroka. Gabiria eta Aztiria aldapa aproposak dira horretarako.

Bigarren etapa da itzuliko gogorrena, bosgarrena ahaztu gabe. Bizkaian bukatuko da, Enkarterrin, eta eskualde hartan aldapa tenteak eta errepide estuak daude. Lehen 100 kilometroetan Udana, Kruzeta, Bikosgana, Garate eta Berbikiz pasako ditu tropelak, baina azken 40 kilometroetan hasiko da dantza. Escritak galbahe handi samarra egin dezake, baina Ubal izango da etapako une erabakigarria.

Ubalek zortzi kilometro eskas ditu, eta pendiza %6koa da. Lau kilometrok %7ko langa ukitu edo gainditzen dute, eta azken kilometroa da denetan gogorrena: %8,4. %14 eta 15eko horma pare bat ditu tarte horretan. Jaitsierako errepidea estua da, eta Pozalaguako haitzuloetara daraman igoera, zaila. Igoera ikuskatu dute talde askok, eta azken kilometroko malda handiarekin izutu dira: %15eko aldapa omen batzuentzat, tenteagoa besteentzat. 300 bat metroko aldapa da.

Ohi den moduan, Gasteizen bukatuko den etapa da lasaiena. Normalean, 80 lagun inguru helmugaratzen dira elkarrekin, eta oilarrak ez dira mugitzen. Indarrak gordetzea txarra ez, osteguneko eta ostiraleko etapetan beharko dituztelako.

Laugarren saioak Gasteiz eta Lekunberri lotuko ditu. Azazeta, Opakua, Zuarrarrate eta Huitzi igoko dituzte etapako lehen zatian, baina Leaburuko igoeran eta batez ere Azpirotzen hasiko da festa. Azpirotz motza bezain gaiztoa da, eta haraino bitartean dagoen goranzko ordokian min handia egin dezake talderen batek, erritmo handia jarriz gero. Gakoa lasterketa Azpirotzen lehertzea da, baina historiak erakutsi du gaina harrapatu eta Lekunberrira dauden hiru kilometroak egiteko fresko eduki behar direla hanka zuztarrak. Horregatik irabazi zuen Denis Mentxovek 2004. urtean.



OIARTZUN, MUGARRI. Bosgarren etapa izango da, ondo bidean, denetan garrantzitsuena, txirrindularien nekea pilatuz joango delako egunez egun, eta bosgarren eguneko maldak bigarren egunekoak baino gogorragoak izango direlako. Aurreko etapetan bezala, ibilbideko lehen erdia lasaiagoa da, tartean Huitzi eta Usategieta gainetatik pasatuko badira ere.

Tropela Lesakara iristearekin bat sartuko dira etapako tarte gogorrenean. Inguruko zikloturistek ondo ezagutzen dituzten lau mendate igoko dira jarraian, atseden hartzeko tarte handirik gabe, eta jaitsiera arriskutsuekin. Agiña da lehenengoa. Malda handi-handirik gabekoa da Agiña, hasierako kilometroa (%9) eta azken kilometro erdia izan ezik (%10). %6aren bueltan egiten du bidea leporaino.

San Anton urtegi zoragarria zeharkatu ondoren, Aritxulegin gora abiatuko da tropela. Tentea da Aritxulegi, hiru kilometroko aldapa laburra bada ere. Gainean 200 bat metroko tunela igaro, eta Gipuzkoan sartuko da tropela, ziztu bizian Oiartzun aldera jaisteko.

Jaizkibel da hurrengoa, mendate aski ezaguna txirrindularientzat, Donostiako klasikoan urtero igotzen dutelako. Pasaiatik igoko dira, eta lehen hiru kilometroak oso pikoak dira. Ezer gutxi, dena den, Erlaitz mendateko hasierarekin alderatuz gero. Erlaitz da kilometro osoak %10etik gorako pendizarekin dituen Euskal Herriko mendate bakarretakoa (%10,6, 11,2 eta 12,2, hurrenez hurren), eta min egingo du, ziur. Gainetik helmugara 15 kilometro daude, ia denak beherantz.

Lehen egunean ez bada, itzuliak Oiartzunen egingo duen bigarren egunean erabakiko da, bai edo bai. 14 kilometroko erlojupeko gaizto, bihurri eta zaila. Arriskutsua ere bai, zergatik ukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.