ATLETISMOA

Betekadaren aurretik...

San Silvestre proba mordoxka bat jokatuko da urteko azken egunean, ohiturari jarraiki

Igor Susaeta.
DONOSTIA
2005eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Gaueko betekadaren eta parranda eroaren aurretik, ez dago gaizki korrika pixka bat egitea, izerdi pixka bat ateratzea. Hartara, urteko azken egunean ohitura bilakatu da, askorentzat eta askorentzat, kilometro batzuk, giro jatorrean, lasterka egitea. Sansilvestreak dira horretarako tokirik aproposenak. Euskal Herrian ospe handia du lasterketa horrek. Lurraldearen luze-zabalean mordoxka bat egiten da. Batzuk goizean, besteak eguerdian, gutxi batzuk bazkaldu ondoren, eta badira gauez korritzen direnak ere. Horietako batzuk maila altukoak dira, sari oparokoak. Beste batzuk, aldiz, herrikoiak, apalagoak. Hori bai, batzuetan zein besteetan korritu, parte-hartzaile ia guztiek helburu bera dute: urteko azken egunean kirol apur bat egitea. Horrek eman die ospea, hain zuzen, Sansilvestreei.

Dena dela, eta arestian esan bezala, badira herrikoiak izanda ere maila altu samarra duten lasterketak. Beasaingoa da horietako bat. Aurtengo ekitaldian ere, afrikarrak dira nagusitzeko faboritoak. Gizonezkoetan, Kenyatik lau korrikalari datoz, gutxienez. Tartean, iazko ekitaldiko irabazlea; Kiprono Menjo, alegia. Bere herrikide Steven Kibiwotek, Petre Kamaisek eta David Kirwak ere parte hartuko dute. Azken hori oso gaztea da oraindik, baina sekulako dohainak ditu. Halere, Said Elbuardi eta Hasid Dahou marokoarrak ezustekoa ematen saiatuko dira. Emakumezkoetan, berriz, Yesenia Centeno kubatarra etortzekoa da. Eta euskaldunen artean, Ritxar Fernandez oñatiarra parte hartzekoa da, nahi eta azken boladan kili kolo ibili. Barrutiak bederatzi kilometro izango ditu eta sariak poltsikora eramateko modukoak diraGasteizkoa ere sona handiko proba da. Hori arratsaldean jokatuko da. Beasainen arituko den Menjok ere Gasteizen korrituko du, iaz egin zuen bezala. Eritrearrak eta kenyarrak dira, bertan ere, irabazteko faborito nagusiak. Martin Fiz gasteiztarrak ez du hutsik egingo.

Vallecaskoa, luxuzkoa

Bada Sansilvestreen artean, goi mailako parte-hartzea duenik. Hori Madrileko Vallecas auzoan egiten dena da. Urtero-urtero munduko atleta onenak biltzen dira bertan. Aurtengoan ere, horietako asko irabazteko asmoarekin irtengo dira. Izena eman dutenen artean daude, besteak beste, Paula Radcliffe, Eliud Kipchoge eta Rui Silva.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.