Zesta-punta

Betiko gordeko dute oroimenean

Aratz eta Maia Goikoetxea anai-arrebek zesta-puntako Master Seriesa irabazi berri dute etxean, Berriatuan. «Sekulako ilusioa» piztu die. «Ez dugu sekula ahaztuko».

Maia eta Aratz Goikoetxea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maia eta Aratz Goikoetxea, Berriatuko Master Serieseko txapelekin, herriko Munitibar frontoian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzaren 9a da urteko egunik handiena Berriatuan, Bizkaian: San Gregorio eguna ospatzen dute. Aurten, ordea, lau hilabete lehenago izan da festa herrian: urtarrilaren 9an. Egun horretan jokatu zituzten Berriatuko zesta-puntako Masters Serieseko bi finalak, eta bietan etxeko pilotari batek jantzi zuen txapela. Etxe berera joan ziren bi txapelak: Goikoetxea-Bilbao familiarenera. Etxeko semeak eta alabak eraman zituzten: Aratzek (Berriatua, 2011) eta Maiak (Berriatua, 2009). Han bai, han izan zen festa.

Astebete joan da ordutik, baina oraindik ere emozioz gogoratu dute egun horretan bizi izandakoa. «Oso berezia izan zen. Anaiak eta biok finala jokatze hutsa polita izan zen; beraz, imajinatu zer izan zen biok ondo jokatuta txapela irabaztea: izugarri ederra izan zen. Ez dugu sekula ahaztuko, eta beti izango dugu gogoan», azaldu du Maiak.

Aratzi egun horretako zenbait irudi datozkio burura oraindik ere, eta bereziki bat: frontoiarena. «Bete-betea zegoen. Sekula ez dut horrela ikusi. Maia eta biok ginen herriko pilotari bakarrak; beraz, ikusle gehienak gure alde zeuden: familia, lagunak, ezagunak... Gozamena izan zen horrela jokatzea». Pozak goia jo zuen txapelak buruan jarri zizkietenean. «Gurasoak, senitartekoak, lagunak... Hantxe zeuden denak guri begira, oso harro, eta gu, izugarri pozik. Oso polita izan zen», kontatu du Aratzek.

Lorpen handi horrek ospakizun handia behar zuen, eta biek ala biek bete-betean ospatu zuten, elkarrekin, herriko gaztetxean. «Kontzertua zegoen han. Luze joan zen gaua», esan du Aratzek. «Ondo ospatu genuen», gehitu du Maiak.

Bientzat izan da oso berezia etxean irabaztea. Aratzentzat, ordea, are bereziagoa, lehen aldiz jokatu baitu profesionalekin. Estreinako biribila izan du. «Sekulakoa da lehen aldiz profesionalekin jokatzea eta txapela irabaztea». Ezin zuen izan bikotekide hoberik: Aritz Erkiaga, egungo puntistarik onena. «Harekin jokatuko nuela esan zidatenean, izugarri poztu nintzen. Banekien asko lagunduko zidala, eta horrela izan zen: hark esan zidan une oro zer egin behar nuen. Asko eskertu nuen, lehen seteko tarte batean ez bainekien zer egin. Hark esan zidan nola jokatu, eta bete-betean asmatu zuen. Hortik aurrera, gora egin genuen».

«Anaiak eta biok finala jokatze hutsa jada polita izan zen; beraz, imajinatu zer izan zen biok ondo jokatuta txapela irabaztea»

MAIA GOIKOETXEA Puntista

Maiak eskarmentu handiagoa du onenekin jokatzen. Oraingoan, Lur Lejardirekin batera aritu da, ondo aritu ere. «Askotan jokatu dugu elkarrekin, eta bikote ona osatzen dugu. Ezin hobeto ekin diegu urteari eta ligari. Ea eusten diogun». Ez du berehalakoan ahaztuko 2025a. Ekainean, historia egin zuen, hark eta Elaia Gogenolak euskal selekzioaren lehen partida ofiziala jokatu baitzuten Gernika-Lumon (Bizkaia), Nazioen Ligan; jokatu eta irabazi. «Egundoko ilusioa egin zidan partida hori jokatzeak, historikoa izan baitzen». Irailean, berriz, beste mugarri bat ezarri zuten hark eta Gogenolak, lehen Jai Alai liga irabazi baitzuten. «Onenak aritzen dira ligan, eta Lauko Finala jokatze hutsa jada garrantzitsua izan zen. Gauza handia izan zen hura irabaztea». Aurten, horren pare ibili nahi du. Beste bi helburu ditu begiz joak: aurrenekoz jokatu nahi du Winter Series txapelketa, eta, Munduko Txapelketan ari, urrian, Argentinan.

Aratz, berriz, afizionatuetan ariko da berriro. «Banekien berriro jokatuko nuela afizionatuetan. Oso gaitza da profesionaletan aritzea, oso gaztea bainaiz: 16 urte baino ez ditut. Ilusio handia piztu dit profesionaletan aritzeak, baina ilusio handia dut maila nagusiko Euskadiko Txapelketa jokatzeko ere; lehen aldiz ariko naiz». Profesionaletan jokatzea «pizgarri» izan zaio. «Asko ikasi dut, eta mesede egingo dit txapelketan ondo aritzeko. Ea urte ona egin eta berriro profesionalekin jokatzeko aukera dudan». Hala ere, ez dago itsututa horrekin. «Pare bat urte barru aukera gehiago izango dut. Asko dut ikasteko». Horretarako, prest dago AEBetara joateko. «Arinago edo beranduago, baina AEBetara joan nahi dut».

Desioa: «Gozatzen» jarraitzea

Kirol helburuak alde batera utzita, desio bera dute biek: «zestan gozatzen jarraitzea». Halaxe dabiltza, umetan osabek zestaren harra barruan sartu zietenetik. Aratz berehala hasi zen bete-betean. «6 urterekin jada kiniela erako txapelketak jokatzen hasi nintzen». Maia, ordea, ez zen berehalakoan zaletu. «Hasieran, ez nuen zestan jokatu nahi; gaitza iruditzen zitzaidan. Osaba Anderrek konbentzitu ninduen [Ander Bilbao puntista ohi eta euskal selekzioko hautatzaileak]». Hain zuzen, Maiak osaba du erreferente. Aratzek, berriz, Imanol Lopez.

«Gurasoak, senitartekoak, lagunak... Hantxe zeuden denak guri begira, oso harro, eta gu, txapela jantzita, izugarri pozik»

ARATZ GOIKOETXEA Puntista

Atzelariak dira biak. Nola ikusten du batak bestea? Maia: «Aratzek maila handia du, eta ondo eusten dio atzean. Ea urrun iristen den. Gustura hartuko nituzke haren indarra eta errebesa». Aratz: «Maiak dauka errebesik onena nesken artean. Erraz iristen da atzera, eta nagusitu egiten da. Eskuma ederra du». Biak bat datoz: arlo fisikoan dute gehien hobetzeko. «Lanean ari gara», azpimarratu dute.

Zesta dute pasio, baina ikasketak dituzte lehentasun. «Ikasketarik gabe ezin zara bizi», nabarmendu du Maiak. Aratzek futbolean ere jokatzen du, herriko taldean. Eibarren harrobian ibili zen, baina zestan «serio» aritzea hobetsi.

Berriatuan zesta-puntarako zaletasun handia izan da betidanik, baina, azkenaldian, ume asko dabil zestan, tartean neska ugari. Maiak argi du: «Oso garrantzitsua da hori etorkizunerako, eta ohore handia herriarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.