Betikoan bukatu

Bihar hasiko da Dakar Rallya Auverniako eskualdean, Frantzian, eta urtarrilaren 18an izena ematen dion hiriko helmuga berreskuratuko du

jon ordonez garmendia
2003ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Iparraldetik hegoaldera, Thierry Sabine aitzindariak 1979an marraztutako ibilbidea berreskuratuko du bihar Dakar Rallyak. Bere 25. aldian, iaz, Libiatik pasarazteagatik izkin egin zion izena ematen dion hiriari, eta Egipton amaitu zen. Libiako basamortuan hasi zen munduko rally garrantzitsuenaren historia. Bertan galdu zen 1977. urtean Sabine, Abijan-Niza rallyan parte hartzen ari zela, eta bertan maitemindu zen dunez. «Abiatzen direnentzako apustu bat, geratzen direnentzako amets bat» marrazterako orduan, ordea, Europan hasi eta Dakarren amaitzen zen rallya izan zuen buruan.

Auverniako eskualdetik abiatuko da bihar auto, moto, quad eta kamioi karabana, eta Dakarrera bidean, Frantzia, Herri katalanak, Espainia, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Mali eta Senegal zeharkatuko ditu. Ibilbideko 11.052,5 kilometroetatik 9.037 Afrikan korrituko dira. Fronte Polisarioak herenegun jakinarazi zuen ez duela eragozpenik jarriko rallyak Sahara zeharkatzeko, eta zorte ona opa zien gidariei. Arazoak, ordea, Europan egon daitezke. Globalizazioaren aurkako mugimenduez beldur, lehen etapan Millau-n egitekoa zen kontrola bertan behera utzi dute antolatzaileek. Frantziako hamaika erakunde ekologistek gainera, tartean Greenpeace, rallyak mezu kutsagarria zabaltzen duela salatu dute. Gainera, Robin des Bois talde ekologistak ibilbideak Narbonan babestutako baso bat zeharkatzen duela salatu du. Antolatzaileek beharrezko baimen guztiak lortu dituztela erantzun dute, «baita Basoen Bulego Nazionalekoa».Eguerdian hasiko da lasterketa, eta urtarrilaren 18an iritsiko da Dakarreko Aintzira Arrosara. Egun bateko atseden bakarra izango da bidean, urtarrilaren 12an. Aurten inoiz baino gidarigehiagok nahi izan dute parte hartu, eta antolatzaileek karabana mugatu beharra izan dute: 200 moto, 140 auto, 58 kamioi eta laguntzarako 165 ibilgailu. Hamasei emakume ariko dira, 11 autoetan, 1 motoan, 3 quadetan eta 1 kamioian. Izena emandakoen artean 17 txapeldun daude: Hiroshi Masuoka japoniarra, Ari Vatanen finlandiarra, Bruno Saby, Rene Metge, Joan Louis Schlesser, Richard Sainct eta Stephane Peterhansel frantziarrak, Jutta Kleinschmidt alemaniarra, eta Edi Orioli eta Fabricio Meoni italiarrak, besteak beste. Berrikuntzen artean taldekako saria egongo da. Horrek emozio gehiago eman dio lasterketari, autoetan batez ere, taldeak asko indartu baitira. Lehen aldiz ere, Afrikako hiri eta herriak zeharkatzerakoan abiadura mugatu egingo da. GPS sisteman abiadura radarrak izango dituzte gidariek, eta lekuan lekuko abiadura legeari lotu beharko zaizkio jendea bizi den guneetan, orduko 30 eta 50 kilometro artekoak. Abiadura gainditzen duenak isuna ordaindu beharko du; diru hori giza laguntzako programetan erabiliko da Patrick Zanirolli lasterketako zuzendariak aurkezpenean azaldu zuenez.Etapa gogorrenak urtarrilaren 10ekoa eta 17koa izango dira. Egun horietan oraindik lasterketan jarraitzen duten parte-hartzaileek GPSrik gabe osatu beharko dute etapa, 910 kilometrotakoa lehena eta 665ekoa bigarrena.

-

FABORITOAK



Etxe handien arteko lehia



Bihartik aurrera, autoetan Mitsubishi eta Nissan etxeen arteko borroka espero da. Mitsubishi izan da azken bi urteetako irabazlea Hiroshi Masuokarekin. Japoniarrak Gilles Picard izango du ondoan. Beste auto batean Stephane Peterhansel izango du gidari, motoetan txapeldun izandakoa, eta hirugarren batean Miki Biasion, rallyetan bi aldiz munduko txapeldun. Pajero autoak Citroenek Munduko Rally Txapelketan erabilitako oreka sistema berriaren antzeko bat izango du berrikuntza. Nissanek Ari Vatanen, Colin McRae, Yves Loubet eta Pascal Maimon izango ditu gidari auto banatan. Wolkswagenek bere lehen 4x4 autoa sortu du, eta Jutta Kleinschmidt eta Bruno Saby izango ditu gidari.

-

Sei galdera



Zenbat balio du parte hartzeak? Hainbat faktoreren araberako gastua da, baina guztira 210.000 eurotik gora beti ere.

Zenbat irabazten da? Mailaren arabera, etapa bat irabazteagatik 1.000 euro, eta autoetan rallya irabazteagatik 14.000 euro.

Zer ibilgailu behar da? Basamorturako bereziki prestatutakoa. 120.000 euro balio du prestaketak.

Isunik ba al dago? Bai. VISA txartela aurkeztea beharrezkoa da, horiek ordaintzeko.

Zenbat gasolina behar da?

Ibilgailu bakoitzak 4.800 litro beharko du lasterketa osoa egiteko.

Zer gertatzen da matxurarik bada? Antolatzaileek gidariak jasotzen dituzte baina ez ibilgailuak. Jabeak eraman ezin badu, basamortuko legeak ibilgailua erretzera behartzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.