Reala burua jaso ezinda dabil, eta 3-1 galdu du Betisen zelaian

Bigarren zati oso kaskarra jokatu du Sergio Franciscoren taldeak, eta kolpe handia jaso du. Betisen hiru goletan akats larriak egin ditu atzealdean, eta psikologikoki ere behera egin du bigarren gola sartu diotenetik.

Sergio Gomez, burumakur, partida amaitu eta gero. JOSE  MANUEL VIDAL / EFE
Sergio Gomez, burumakur, partida amaitu eta gero. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 19a
23:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goi mailako kirolean akatsak garesti ordaintzen dira. Aurkariek ederki aprobetxatzen dituzte. Bada, liga hasi denetik hori izan da Realaren patua: jokatutako bost partidetan egin ditu bizpahiru akats larri. Gaurkoan ere bi gol oparitu ditu Betisen zelaian, eta atzean talde biguna dela berretsi. Hala, burua jaso ezinda segitzen du, 3-1 galdu baitu. Asteburuko emaitzen arabera, baliteke jaitsiera postuetan sailkatzea, bi puntu baino ez ditu eta. 

Datuak kezkagarriak dira: jokoan izan diren hamabost puntuetatik soilik bi lortu ditu; denboraldi osoan ez da minutu bakar bat ere egon aurretik markagailuan; hemezortzi hilabete daramatza partida baten emaitza irauli gabe; eta, aurreko sasoiko neurketak kontua hartuta, azken 22 neurketetatik hiru baino ez ditu irabazi. Baina datuak alde batera utzita, kezkagarriena bigarren zatian emandako itxura izan da. Bigarren gola jaso eta gero, psikologikoki behera etorri da taldea, kaskar jokatu du, eta Betis nahieran aritu da. Lehen zatiko azken hogei minutuetan egindako joko onak ere ez ditu goxatuko eta lasaituko zale txuri-urdinak. 

Aurreko jardunaldian Real Madrilen aurka zelairatutako hamaikakoarekin alderatuz, Sergio Franciscok hiru aldaketa egin ditu: Elustondo, Goti eta Guedes aulkian geratu dira, eta hasieratik aritu dira Aranburu, Brais Mendez eta Kubo. Betis nagusi izan da hasierako minutuetan, baloia bereganatu du, eta Realak ia ez du aurkariaren zelaia zapaldu. Hala, zazpigarren minutuan Betisek gola sartu du. Lo Celsok zeraman baloia, atzelariek ez dute haren jarduna oztopatu, eta area ertzera iritsi da. Argentinarrak pasea eman dio Cucho Hernandezi. Aurrelariak ez zuen inor gainean, eta gola sartu du. Gaizki eta bigun defendatutako jokaldia izan da. 

Kolpe gogorra izan da hori Realarentzat, eta hurrengo minutuetan ezinean aritu da. Baina orduan Betisek oparia egin dio. Baloia ateratzerakoan akatsa egin du, eta, presioa baliatuz, Oiartzabalek baloia berreskuratu du; berehala Barrenetxeari eman dio, eta hark atzean utzi du Pau Lopez atezaina. Baina ezin izan du errematatu, eta, hori ikusita, Brais Mendezi eman dio baloia, eta areako ertz batetik gola sartu du (12. min).

Hortik aurrera norgehiagoka parekatu egin da. Ez da gol aukera argirik egon, eta bi taldeek buruz buru jardun dute. Realak aurreko neurketetan baino oldarkorrago jardun du minutu horietan, batez ere baloia galtzean. Hori izan da lehen partidetan izan duen ahulgune nagusietakoa, baina gaur horretan eta buruz burukoetan ondo aritu da lehen zatian. Presioan eta laguntzetan ere gehiago asmatu du. Baloia gehiago izatea falta izan zaio, eta zelai erdiaren kontrola izatea. Epaileak txartel horia atera die talde txuri-urdineko hiru erdilariei —Braisi, Pablo Marini eta Gorrotxategiri—, eta antzeman egin da.

Baina Betis ere ez da ondo aritu, atzean zalantza asko izan ditu, eta zuzen ateratako korner batean txuri-urdinek ez dute aparte izan gola. Azken minutuetan Sergio Franciscoren taldea nagusi izan da, eta hiru aukera izan ditu gola sartzeko. Kubok, Aranburuk eta Oiartzabalek, baina, ez dute errematean asmatu. Hala, ez da beste golik izan lehen zatian. Baina Realak hobeto amaitu du. Betisen zaleek txistu artean agurtu dute beren taldea. 

Jokaldi eztabaidagarri bat izan da lehen zatian. 34. minutuan Natan atzelariak falta egin du. Argia izan da, baina epaileak txartel horia hari atera beharrean Amrabati atera dio. Handik gutxira Natanek beste falta bat egin du, eta orduan atera dio txartela. Lehenengoa ere atera izan balio, kaleratu egin beharko zukeen Betiseko erdiko atzelaria. Hori dela eta, aldagelara bidean, Realeko jokalariek azalpenak eskatu dizkiote Mateo Busquets epaileari.  

Bigarren zatian, gainbehera

Aldagelatik bueltan, Realak aukera bat izan du, baina Betisek berehala sartu du gola. Fornalsek erdiratu egin du, Remirok akatsa egin du baloia aldentzean, eta sarera joan da baloia. Hortik aurrera txuri-urdinen gainbehera iritsi da, eta itxura oso kaskarra eman dute. 68. minutuan iritsi da etxekoen hirugarrena. Lo Celsok pase sakona eman dio Bellerini, hegalekoak baloia erdiratu egin du, eta Fornalesek bakar-bakarrik egin du errematea atzetik iritsita. Remirok ezin izan du ezer egin. Beste behin ere, atzealdean oso bigun aritu dira.

Hortik partida amaiera bitartean, noraezean jardun du Realak, nortasunik gabe, bigun. Alferrikakoak izan dira Sergio Franciscok egindako aldaketak. Betisek hainbat aukera izan ditu gol gehiago sartzeko, baina ez du asmatu. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina kezkagarria izan da taldeak eman duen itxura. Sergio Franciscok lan handia du aurretik. Lehenengoa: psikologikoki taldea suspertzea. Izan ere, gaurkoa kolpe oso handia izan da abiatu berri den proiektu batentzat. Lau egun ditu horretarako. Txuri-urdinek Mallorca hartuko dute asteazkenean Anoetan. Ezinbestean irabazi beharreko partida da, gauzak are beltzago jar ez daitezen. 

Betis 3-1 Reala

Betis: Pau Lopez; Bellerin, Diego Llorente (Bartra, 46, min.), Natan, Junior Firpo (Valentin Gomez,70. min.); Amrabat, Fornals (Marc Roca, 70. min.); Antony (Pablo Garcia, 70. min.), Lo Celso (Riquelme, 86. min,), Ez Abde eta Cucho Hernandez.

Reala: Remiro; Aramburu (Aritz, 75. min.), Zubeldia, Caleta-Car, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Carlos Soler, 58. min.), Pablo Marin (Zakharian, .66. min.), Brais Mendez; Take Kubo (Sucic,66. min.), Barrenetxea (Guedes,58. min.) eta Oiartzabal.

Golak: 1-0: Cucho Hernandezek (7. min.). 1-1: Brais Mendezek (12. min.). 2-1: Remirok bere atean (49. min.). 3-1: Fornalsek (68. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.