Bi abiadura izan ditu euskal txirrindularitzak aurtengo denboraldian. Gizonezkoen kasuan, pedalek mantsoki egin dute bira. Orotara sei garaipen lortu dituzte, eta World Tourrean bakarra, Alex Aranbururena (Cofidis). Itzuli handiei erreparatuz, guztiz itzalpean geratu dira euskal ziklistak: ez dute irabazterik izan, ezta sailkapen nagusietako hamar onenen artean sartzerik ere. Lehen aldiz gertatu da hori; orain arte, itzuli handietan garaipenik lortzen ez zenean, gutxienez aurreneko hamarren artean sailkatzen zen norbait, eta alderantziz. Emakumeek ere mugarriak ezarri dituzte, baina onerako: Laboral Kutxak urrats handia egin du elitean finkatzeko, eta Paula Ostizek (Movistar) urrezko dominak lortu ditu Munduko eta Europako txapelketetan, junior mailan.
Urte luzez, garai bateko Euskaltelen aritu ziren txirrindulariek gailurreraino eraman dute euskal ziklismoa. Denboraldiz denboraldi, arrastoa utzi izan dute astebeteko itzulietan nahiz klasiko aldapatsuetan. Eta batez ere, itzuli handietan eman dute zeresana. Ezer ez da betiko, ordea, eta distira galtzen hasi da arrakastaz arrakasta ibili den belaunaldia. World Tourrean hamabi euskal ziklista aritu dira aurten, eta horietatik seik 30 urte baino gehiago dute. Omar Frailek eta Jonathan Castroviejok (Ineos) agur esan diote txirrindularitzari, eta ikusteko dago noiz arte jarraituko duten Mikel Landak (Soudal), Pello Bilbaok (Bahrani) eta Ion Izagirrek (Cofidis). Gorenean aritu diren 25 urtez azpiko euskal txirrindulariak, ordea, hiru izan dira bakarrik: Jon Barrenetxea (Movistar), Igor Arrieta (UAE) eta Markel Beloki (Education First).
Goiz da oraindik jakiteko ea gazteek etorkizunean beteranoen lekukoa hartuko duten edo ez. Aurten, bederen, oso ondo aritu dira Arrieta eta Beloki. Nafarrak lehen garaipena lortu du profesional gisa, Ordiziako klasikoan; Belokik, berriz, agerraldi ederrak egin zituen Espainiako Vueltan. Dena den, haiei oraindik ezin zaie eskatu emaitza handiak lortzeko. Ardura hori eskarmentu handiena duten txirrindulariena da, eta kale egin dute aurten. Analisia, agian, desberdina zatekeen Landa Giroko lehen etapan erori izan ez balitz. Lasterketak izandako bilakaera eta arabarraren sasoia ikusita, podiuma lorpen errealista izan zitekeen. Haatik, Landak ezbehar bat topatu zuen bidean berriz ere. Gero Vueltan izan zen, baina ez taldeburuekin lehiatzeko moduan. Hamaseigarren etapan gertu izan zuen garaipena, baina bigarren izan zen. Besoak 2021ean altxatu zituen azkenekoz.
Bilbaorentzat argi-ilunak izan ditu denboraldiak. Lehen hamarren artean izan da World Tourreko lau itzulitan: Arabiar Emirerrietan, Tirreno-Adriatikoan, Polonian eta Guangxin. Alabaina, garaipenik gabeko lehen urtea izan du 2017az geroztik, eta Giroan ez zen nabarmendu. Izagirrek, berriz, jarraian bigarren urtea du irabazi gabe. Nahiko indartsu amaitu du sasoia, baina orokorrean, kamuts ibili da, Cofidis taldearen ezinak kutsatuta bezala. Aranburuk lehen urtea izan du talde horretan, eta aldaketak ez dio onik egin. Itzulian, Beasaingo etapa irabazi zuen, polemika eta zalaparta artean. Sailkapen nagusian, berriz, zazpigarren postua eskuratu zuen, meritu handikoa. Hortik harago, ordea, klasiko apur batzuetan azaldu da bakarrik. Tourrean, oharkabean igaro zen. Oier Lazkanorentzat, berriz ahazteko modukoa izan da Red Bullen egin duen lehen sasoia. Paris-Roubaixen ostean, ez du beste lasterketarik jokatu. Joan den astean, gainera, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak behin-behinean zigortu zuen Lazkano, Movistarren aritu zen denboraldietan (2022-2024) «azalpenik ez duten anomaliak» aurkitu dituelako pasaporte biologikoan.

Apal ibili dira euskal ziklistak itzuli handietan, eta gutxi izan dira, gainera. Giroa salbuespena izan da; iaz ez zen euskal txirrindularirik atera, baina aurten zazpi lehiatu dira —2017tik izandako gehien—. Tourrean, berriz, soilik bik parte hartu dute; 1983az geroztik, Tourreko tropelean ez da horren euskal herritar gutxi izan. Vueltan, berriz, hiru izan dira bakarrik. 1940ko hamarkadaz geroztik izan den kopuru eskasena da. Horretan eragin handia izan du Kern Pharmak eta Euskaltelek gonbidapenik lortu ez izanak, eta datorren urtean ere Euskaltelek ez du izango Vueltan aritzerik; UCIren sailkapeneko lehen 30 postuetatik kanpo geratu izanaren ondorio da hori.
Gorenean tokia hartu dute
Laboral Kutxa hazi besterik ez da egin tropelean daramatzan zazpi urteetan. Aurtengo denboraldia, ordea, berezia izan da; «historikoa», sasoi amaierako oharrean taldeak nabarmendu duenez. Izan ere, munduko hamabost onenen artean sartu da, eta hori horrela, automatikoki jasoko du gonbidapena datorren urtean World Tourreko lasterketa guztietan aritzeko. Ez du eskatu maila nagusiko talde izateko lizentzia, eta erabaki logikoa dirudi: egutegirik onena izango du aurrekontua asko igo behar izan gabe —horretara derrigortuta legoke World Tourreko talde bilakatuko balitz—.
Urteari amaiera bikaina eman dio taldeak, Usoa Ostolazak Guangxi itzulian hirugarren eginda. Taldeak World Tourreko proba batean lortu duen lehen podiuma da. Ane Santestebanek erretiroa hartu du, baina Ostolaza prest dago haren lekukoa hartzeko. Aurten bere egin ditu El Salvadorreko eta Pirinioetako itzuliak, eta lehen hamarren artean sartzeko zorian izan zen Vueltan. Taldeak hamahiru garaipen lortu ditu osotara, eta iaz bezala, hiru itzuli handietan parte hartu.
Movistarrek sailkapeneko bigarren postua eskuratu du hala Vueltan nola Giroan, Marlen Reusserri esker. Etorkizunera begira, harribitxi bat dauka: Paula Ostiz. Iraila ametsetako hilabetea izan zen nafarrarentzat, Movistarren elastikoarekin debuta egiteaz gain, Munduko Txapelketa irabazi baitzuen junior mailan. 22 urte ziren euskal herritar batek ez zuela ortzadar elastikoa irabazten —2003an, Joane Somarribak eta Igor Astarloak jantzi zuten—. Europako Txapelketan, berriz, Ostizek urrezko domina kolkoratu zuen erlojuaren aurka eta errepideko proban. Modu horretan, bukaera paregabea eman zion euskal ziklismoarentzat gazi-gozoa izan den denboraldi horri.