Bi boladak eten dira Top 14an

Sei partida jarraian galdu ondoren, Miarritzek 15-3 irabazi dio Perpinyari; Baionak 9-6 galdu du Grenoblen

Marcelo Bosch Miarritzeko jokalaria, atzo, baloia hartzeko zorian. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
Baiona
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irabazteko zer egin behar zuen ere ez zekien jada Miarritzek. Txukun ekin zion ligari, sailkapenaren goialdean. Baina Top 14ko azken sei partidak galduta, nora ezean zebilen taldea. Burua altxatu eta mamu guztiak uxatzeko aproposa zen atzoko aurkaria, Perpinya, eta lapurtarrek ez zuten huts egin. 15-3. Lau puntu. Eta sailkapeneko zazpigarren posturainoko jauzia, 24 puntu lortuta. Baionari, berriz, azkenaldiko bolada ona eten zitzaion Grenoblen. Ligako azken partidan Bordele menderatuta, eta Europako Challenge kopan bi partida irabazita iritsi ziren lapurtarrak Top 14ko 11. jardunaldira. Baina amore eman behar izan zuten Grenoble igo berriaren zelaian (9-6). 11. postuan dira orain baionarrak,20 punturekin.

Partida estua espero zen atzo Aguileran, baina Yachvili agertu zen oreka desorekatzeko. Min hartuta, denboraldi hasieratik jokatu ezinik ibili da Miarritzeko jokalaria, eta atzo berragertu zen—Hariñordoki ez da osatu oraindik—; nola berragertu ere. Txalo zaparrada handia eskaini zioten zaleek partida hasi aurretik, eta bost zigor kolpe gauzatuta eskertu zuen frantziarrak harmailetatik iritsitako babesa.

Ez zen entsegurik izan Miarritze eta Perpinyaren artean, baina lehen zatirako nahikoa desorekatuta geratu zen lehia. 4. minutuan gauzatu zuen Yachvilik lehen zigor kolpea; 8.ean bigarrena; 27.ean hirugarrena; eta arauzko denbora beteta zegoenean, 43.ean lehen zatiko azkena. 12-3 aurretik zen Miarritze. 47. minutuan iritsi zen behin betiko 15-3koa.

Baionak, berriz, ondo estutu zuen Grenoble —igo berritan, partidarik ez zu galdu etxean—. Etxekoak jarri ziren aurretik, baina Boyetek 3-3koa lortu zuen8. minutuan. Arganesek 76. minutuan lortu zuen 9-6koa, baina lapurtarrek ez zuten denborarik izan emaitza iraultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.