Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko erreportajea

Bi hankadun ospitaleak

Itzuliko mediku ofizialak dira Jose Ignacio Azurmendi eta Iñaki Novo. Itzuliko gorabehera guztiei erantzutea dute beren lana. Ezinbesteko jarduna da haiena.

Alfredo Galarraga, Iñaki Novo, Sara Lizeaga, Jose Ignacio Azurmendi eta Jose Mari Laskurain, Zumarraga eta Arrate arteko etapa hasi aurretik. G. ARANBURU / ARP.
unai zubeldia
Zumarraga
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erorikoa, erorikoa!». Eta dortsalen zerrenda luzea atzetik. Maria Pintueles itzuliko irratitik entzuten den ahotsaren jarraipena dira Jose Ignacio Azurmendi (Durango, Bizkaia, 1963) eta Iñaki Novo (Laukiz, Bizkaia, 1971). «Lasterketako medikuak gara gu». Ezinbesteko langileak. «Lasterketan gertatzen diren gorabehera guztiei erantzutea da gure lana». Traumatologoa da Azurmendi, eta larrialdietako medikua Novo, baina orotariko mediku bihurtzen dira errepidean. Tropelarekin batera joaten dira, «autoetan», eta, «funtsezko garrantzia» eman diete auto gidariei. «Jose Mari Laskuraini eta Alfredo Galarragari». 27. urtea du jada lehenengoak, eta 38.a bigarrenak. «Esperientzia handia daukate biek, eta horrek asko errazten du lana». Itzuliko mediku lanetan, berriz, hemezortzi urtean dabil Azurmendi, eta bigarrena du Novok. «Egun konpromisoa desagertzear dagoen arren, egitura profesional honetan lan altruista da gurea».

Azurmendik onartu du urteen poderioz «dezente» aldatu dela medikuen lana. «Garai batean taldeek ez zeukatelako medikurik beren egituran». Etapa amaituta, hotelez hotel ibili behar izaten zuten orduan «zauriak sendatuz». Egun, bestelakoa da errealitatea. «Talde guztiek dauzkate medikuak, eta, gutxi-asko, lasterketakoa bakarrik da gure jarduna, nahiz eta txirrindulariren bat ospitalera bideratzen dugunean jarraipena egiten dugun. Haien esanetara egoten gara laguntzera joateko».

Durangarrak azaldu duenez,«hiru komunikazio bide» dauzka medikuen autoak. «Itzuliko irratia daukagu, batetik; DYArena, bestetik, behar den guztietan haiekin hitz egiteko; eta, horrez gain, beste bat ere badaukagu, antolatzaileekin harremana izateko». Alde horretatik, DYAren lana «funtsezkoa» dela azpimarratu du Novok. «Haien lanik gabe ezinezkoa litzateke hau guztia gauzatzea». Argigarria da Azurmendiren xehetasuna. «Denok batera ekiten diogu lasterketari, baina ihesaldia gauzatzen denean edo lasterketa apurtzen denean, ezinezkoa da gu leku guztietan egotea». Itzuliko medikuen eta DYAko anbulantzien artean berehalako komunikazioa egoten da horrelakoetan. «Edozer gertatzen dela ere, ahalik eta azkarren erantzuteko».

Guztien lana errazte aldera, etapa bakoitzean zehatz aztertuta edukitzen dute gertueneko ospitaleak non dauden. «Tarteka izaten dira arazoak, mendateren bat igotzen hasi, ezustekoren bat izan, eta anbulantzia beste haranean egoten delako, agian». Azurmendik onartu du irratiko komunikazioa zaila izaten dela horrelakoetan. «Baina sakelakoek asko erraztu dute gure lana». Alde horretatik, urte batzuk atzera eginda, medikuen lana «beste mundu bat» zela onartu du. «Teknologia berriek izugarri lagundu digute berehalako erantzuna ematen».

«Tentsio handiko lana» da medikuena. «Beti pentsatu behar duzulako zerbait gerta daitekeela». Gertatzen denean, gainera, azkar dago erreakzionatu beharra. «Lasterketa ez delako gelditzen. Erori eta min hartu duen txirrindulariari kasu egin bai, baina berehala joan behar izaten dugu aurrera, tropelak ez duelako itxoiten». Beste kirol batzuekin alderatuta, txirrindularitzak zailtasun hori daukala azpimarratu dute biek. «Futbolean, adibidez, gelditu egiten da jokoa, eta medikuak zelaitik joan arte ez du epaileak berriz jokoa hasteko agintzen. Txirrindularitzan ezinezkoa da hori».

Txirrindularien eta medikuen arteko lotura ez da erorikoetakoabakarrik izaten. «Mila kasu egon daitezkeelako; erleen ziztadak, esaterako». Kasu bereziak izaten dira horiek. «Kasu horietan, adibidez, beste edozein pertsonari ez bezala, ezin diegu eman kortikoiderik, positibo emango luketelako». Tripako minak, alergiak... Denetariko arazoei aurre egin behar izaten diete medikuek, baina Azurmendik onartu du erorikoena izaten dela ohikoena. «Eta bitxia izaten da une hori, kolperen bat hartu eta shock egoeran daudenean, txirrindulariek, askotan, ez diotelako erantzuten medikuari. Zuzendariaren edo ezagunen baten ahotsa entzun nahi izaten dute aurretik».

Eguraldiari begira beti

Esnatzerako xehetasun bati begiratzen diote biek. «Eguraldiari». Dezenteko zortea izaten ari dira aurten Itzulian, medikuen lana erabat desberdina izaten delako euripean edo eguzkipean. «Errepidea bustita dagoenean, ez da izaten arazo handirik; baina euria hasten duen momentu horrek beldurra ematen du». Hori bai, Azurmendik gehitu du ustez arrisku handiena dagoen uneetan izaten dela, askotan, eroriko edo arazo gutxien, txirrindulariak «oso-oso adi» joaten direlako.

Harreman estuegirik ez da sortzen txirrindularien eta medikuen artean. «Badaezpada ere,medikuarengana ez gerturatzeko nahia egoten delako tropelean». Itzulian hemezortzi urte beteta, jakina, «laguntasun berezia» sortzen da batekin ez bada bestearekin. «Baina lan profesionala da gurea». Frantsesa da medikuen hizkuntza ofiziala. «Baina, gaur egun, egunerokoan, ingelesera jo beharra izaten da askotan». Behin lasterketa amaituta, berriz, «mediku txosten bat» prestatzen dutela argitu du Novok, «sekretu profesionala gordez, noski, zehaztasun askorik eman gabe». Hizkuntzari dagokionez, «frantsesa eta gaztelania» erabiltzen dira txosten horietan.

«Tentsioan» bizi dira. «Hemezortzi urte beteta ere, oraindik ez naiz ohitu. Baina, batetik, tentsio hori ona dela uste dut». Osakidetzako larrialdietan lan eginda, Novorentzat, «zoritxarrez», ohiko jarduna da berehalako erantzuna ematea. «Baina egia da urduritasun berezia nabaritzen dela lasterketan». Medikuek ez dute irabazten etaparik, baina ezinbesteko helduleku bihurtzen dira Itzuliaren egunerokoan. Isilean. Baina zintzo erantzunez beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.