Irakasle eta ikasle izan ziren, lau urtez, Markinako pilota eskolan. Andoni Aretxabaletak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992) igandean egingo du debuta, etxean, eta ez nolanahikoa: Bengoetxea VI.arekin, Berasaluze VIII.a eta Belokiren aurka. Xabi Urberuaga (Aulesti, Bizkaia, 1981), berriz, duela urtebete irten zen Aspetik, enpresak kontratua berritu ez zionean. Garfen debuta egin, eta bederatzi urtez aritu zen profesionaletan, enpresen laguntza handirik gabe. Debutaria eta profesionaletatik irten berria sokaren bi muturrak dira, eta Markinako Uniko harmailetan egin dute bat, zesta-puntaren unibertsitatean, esku-huskari buruz hitz egiteko. Sakrilegioa dela pentsatuko duenik egongo da.
Zer moduz zaude? Urduritasunik?
ANDONI ARETXABALETA: Oraingoz nahiko trankil nago, tenplatuta. Suposatzen dut igandean urduriago egongo naizela, baina oraingoz, lasai. Ez naiz urduri jartzekoa, baina igandean ez dakit zer pasako den, jende asko sartzen da hemen.
Sentsazio hori gogoratzen duzu?
XABIER URBERUAGA: Nik debut desberdina izan nuen, Asperekin entrenatu ondoren Garfek eman zidalako aukera; Aulestitik urrun, Fiteron (Nafarroa). Egun polita izan zen, eta ametsa konplitu nuen. Nik Etxaniz II.arekin debutatu nuen, Atxa eta errioxarren baten aurka, Marin igual. Herriko jaietan izan zen, eta irabazi genuen. Nik uste dut apur bat irabazten utziko zidatela [barrez]. Baina Andonirena bezalako debut bat, etxean, Asegarce… Beste sentsazio batzuk izango dira.
Andoni, partidan pentsatu al duzu?
A.A. Gogorra izango da. Aurkaria bikote gogorra da, pilotalekua ere ona, Belokirentzako ona. Belokik hemen ez du huts askorik egingo [erreminta pilotalekua da, frontis altukoa]. Gutxienez nire maila emateak arduratzen nau.
A zer nolako aldea debut partida batetik bestera.
X.U. Horrek pilotari bakoitzaren maila islatzen du. Nik afizionatuetan Antiguako torneoa baino ez nuen irabazi. Andoniri berriz, enpresak ikusi dio etorkizuna duela, pilotari egina dela, eta horregatik jarri dio halako debuta.
A.A: Niretzako ere sorpresa izan da. Ez nuen halako partidarik espero. Pozik nago, ez naiz kexatzen, baina ez nuen uste estelarra jokatuko nuenik hasteko. Ni, gainera, egunkarietan enteratu nintzen debutatu behar nuela.
X.U. Tira, halako partida bat jokatzeko maila baduzu, niri normala iruditzen zait halako partida jartzea hasteko.
Etxean nola hartu dute debutaren albistea? Eta zurea Xabier, nola hartu zuten?
A.A. Ni baino zoriontsuago. Etxean badugu afizioa.
X.U. Sorpresa izan zen. Afizionatuetan nahiko justu ibili nintzen, txapelketetan nabarmendu gabe… Baina Aspekoak fijatu ziren, eta Garfera joateko esan zidaten, hobetuz gero Aspen hasteko. Sorpresa, batez ere, Aspera pasatzea izan zen. Gutxik esperoko zuten ni Aspen hastea.
Zergatik uste duzu iritsi zarela profesionaletara? Zure azken urtea afizionatuetan ona izan da.
A.A. Ni, egia esan, desiratzen nengoen pilota handiekin hasteko. Azken urtean txapelketa onak jokatzeko aukera eman didate, eta gustura aritu naiz; aurrelariek ere asko lagundu didate.
Lehen zailagoa al zen debutatzea? Aldatu al da egoera azken urteetan?
X.U. Ikusten da krisia badagoela, baina hainbeste pilotari kalera bidalita, bada, debutak ere behar dira. Ni gogoratzen naiz duela hamabost bat urte zaila zela debutatzea, baja gutxiago zeudelako. Urtean pare bat debut egoten ziren; orain, berriz, sei kanpora, sei barrura… Debutatzea, halere, beti da zaila, eta gaur egun, nabarmentzeaz gain, zerbait berezia behar da pauso hori emateko.
Zein da profesional eta afizionatuen arteko desberdintasun handiena?
A.A. Afizionatuetan jendea lehenago nekatzen da, eta errazago egiten du kale: zabalera, gora… Edo aurrelaria sartu eta galdu. Hemen, ez baduzu kentzen, aurrelari guztiek dakite errematatzen, eta atzelariek ez dute galtzen.
X.U. Niretzako zailena eskuek eustea da. Afizionatuetan beste pilota batzuekin jokatzen da. Nire garaian gazte askok debutatu zuten, eta eskuko minaren erruz ez zuten jarraikortasunik izan.
A.A. Niri, bada, profesionaletako pilotak hobeto egokitzen zaizkit eskura. Orain arte txikiagoekin jokatzen nuen, eta sartu egiten zitzaizkidan eskuan; azken aldian, berriz, ez dut arazorik izan.
Ondo ezagutzen duzu; nolako pilotaria da Andoni? Zer du hobetzeko?
X.U. Gazte gaztetatik oso segurua izan da. Bi eskuekin ondo moldatzen da, ezkerrez asko kentzen du; eskuinez ere bai, baina kostatzen zaio gozatzea. Bi eskuekin beti jartzen du urrun, aurrelaria saihesten du; ondo ibiltzen da, eta duen garaierarako oso koordinatua da. Halere, lautik erregulartasunez gozatzea eta pilota urrun jartzea falta zaio. Puntan jokatzeko beste jarraikortasun bat behar da frontisaren goiko harlauzak aurkitu eta urrun jartzeko. Gero, koordinatua dela nabarmenduko nuke berriz; berak euskal dantzak egiten ditu, eta horrek asko lagundu dio.
A.A. Ez ditut euskal dantzak utzi oraindik, baina, lehen joaten nintzenarekin alderatuta, gutxitan noa orain. Noizean behin joaten naiz, tarte libreren bat daukadanean. Hilabetean behin bai. Gustuko ditut dantzak, gustura joaten naiz, baina orain ez dut denbora askorik izaten.
Harritu al zaitu Andoni profesionaletara iritsi izanak?
X. U. Ez, klubean hitz egiten genuen goizago edo beranduago iritsiko zela. Agian ez nuen hain goiz espero. Nire ustez, debutatu badu, erregularra delako izan da, beti ematen du bere maila.
Nolako entrenatzailea zen Xabi?
A.A. Gogorra. Arlo fisikoa asko lantzen zuen, gogor egiten zigun. Korrika eginarazten zigun, eta hori ez zitzaidan gustatzen. Baina eskerrak; gogor egin izan ez balit, agian ez nintzateke iritsi izango orain nagoen tokira.
Jarraitu zenuen pilotari zenean?
A.A. Bai [ozen esan du]. Etxean argazki bat daukat, aspaldikoa, Xabik debutatu eta lehen partidetako bat. Errioxa inguruan edo izan zen; gu gazte-gazteak ginen, eta Xabi ere ez zen oso heldua orduan. Gero, telebistaz partida asko ikusi dizkiot. Gogoratzen naiz Beginori buruz buru irabazitako partida, eta Olaizola II.aren aurkakoa… Pena izan zen, lanak eman zizkion.
X.U. Zera pasa zen, duela lau urte hasi nintzela eurekin, eta justu azken urteak izan ziren nire onenak. Eta ordurako eurak kozkortuta zeuden. Bigarren Mailakoak irabazi nituenenean hauek 16 urte zituzten, eta ni baino altuagoak ziren.
Profesionaletan jokatzen hastea ametsa al da?
A.A. Txikitatik telebista ikusi eta «horiek bai jokatzen dutela» pentsatzen nuen, eta nire burua hor ikustea... Ametsa da bai.
Zer iritzi diozu?
X.U. Pilotari batzuentzat ez da ametsa izan behar; zure bilakaera ona izan bada, debutatzea beste pauso bat izan behar da. Andoniren kasua da, gazteetan eta afizionatuetan hala nabarmenduta, nik uste helburu bat gehiago izan behar zuela debutak.
Profesional mundua espero zenuen bezalakoa izan al zen?
X.U. Zorionez, nik herrian mundu hori ezagutzen zuen botileroa nuen, Ansotegi, eta gazte-gaztetatik kontatu zidan zer zegoen: interes ekonomikoak, hanka-trabak, eta askotan, zuk hobeak merezi arren, beste maila bateko partida batzuk jokatuko dituzula. Nik banekien Lehen Mailan ezingo nuela jokatu, baina noizean behin estelarren bat, edo lehen partida bat Eibarren… Ez zen hainbeste, eta ni bezala, asko. Motibazioa mantentzea garrantzitsua da, bestela mailak behera egiten du.
Hori gazte bati azaltzea erraza da?
X.U. Barruan sartu eta ikusi arte, zaila da. Berak ikusiko du: «Nik honek baino gehiago jokatzen dut eta halere Bigarren Mailako partidak jokatzen ari naiz, eta horrek, berriz, estelarrak». Sentituko du. Nik hirugarren eta lehen partiden artean sentitzen nuen; ea berak lehen partida eta estelarren artean sentitzen duen.
Aholku bat ematen ausartzen zara?
A.A. Laster eskatuko diot.
X.U. Itxaropena ez galtzeko, eta une askotan buru janean ibiliko dela, «horrek zergatik?» galdetuz, baina denak buelta ematen du. Begira Albisu, duela urtebete Bigarren Mailan ez zuen irabazten, eta urtebete geroago puntan dago, ondo jokatzen. Nik uste dut, duen gaiarekin, enpresak Andoniri konfiantza emango diola eta lagunduko diola.
A.A. Nik oraindik ez dakit non sartu naizen, enpresa mundua ezagutu egin behar dut oraindik.
X.U. Ez dugu hitz egin, baina aholkuak enpresakoek emango dizkiote, Oinatzek, Belokik…
Belokirekin egon zinen logelan Asegarceren egonaldian, zer moduz?
A.A. Ondo, tipo ona da, oso jatorra. Ilusio handia egin zidan harekin egoteak.
Zuk soberan izango duzu ilusioa Andoni, baina zure burua kartelean ikustean zer pentsatzen duzu?
A.A. Hasteko irrikan nago. Kartelak bazter guztietara nola heldu diren pentsatzen dut, eta oso arraroa egiten zait nire izena hor idatzitza ikustea. «Hori ni naiz eta!» pentsatzen dut, eta arraroa egiten zait. Oraindik ez naiz ohitu izena hor ikustera.
Ilusioa oso garrantzitsua da?
X. U. Nire kasuan, urtez urte ilusioak gora egin zuen, hobera egin nuelako, baina ilusioa mantendu egin behar da. Gogoratzen dut profesionaletako azken hilabeteetan, ilusioak behera egin zuenean, nire mailak ere behera egin zuela. Azken urtean afizionatu mailan aritu naiz, eta nabaritzen da…
Azken urteetan bizkaitar kopurua murriztu egin da enpresetan.
A.A. Asegarcen asko gaude bada! Urruti, Zabala, Apraiz, Pablito, Iza, Zearra…
X.U. Azken urteetako batez bestekoa ikusita, antzera ibiliko gara. Asegarcen asko daude. Aspen murriztu da kopurua bereziki, Larrinaga dago bakarrik. Halere, azken urteetan utzi duten asko 30 urtetik gorakoak ginen. Asegarcen, berriz, gazteak dira, eta onak: Urruti, Apraiz, Pablito, Zabala estelaristak dira, Andonik ere estelar asko jokatzeko itxura du. Ez dut uste maila baxuan gaudenik.
Baduzu botilerorik? Xabiri eskatzeko moduan zaude.
A.A. Ez daukat, eta ondo legoke.
X.U. Berak eskatzen badit, ni prest, edozein txapelketetan. Egin izan diot Baque torneoan, eta pilotari lasaia da. Baina tira, inguruan ere baditu pilotaz asko dakiten pertsonak, eta ziur ni baino botillero hobeak izango direnak.
Aholku emaile ona al da?
A.A. Bai, gauzak esan behar diren bezala esaten daki.
Bi muturren korapiloa
Andoni Aretxabaleta eta Xabier Urberuaga pilota profesionalaz mintzatu dira. 19 urteko gazteak igandean emango du lehen pausoa, Markinan egingo duen debutean; besteak iaz bukatu zuen bederatzi urteko bidea. Markinako pilota eskolak lau urtez elkartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu