Bi oilar etxe berean

Rossik azken momentuan kendu dio 'pole'-a bere taldekide Lorenzori, Alemaniako Sari Nagusian

jon eskudero
Donostia
2009ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ez zen Valentino Rossiren (Yamaha) zirkuiturik gustukoena Sachsenringoa (Alemania), profesionaletan daraman ibilbide osoan inoiz pole-rik egin gabea baitzen bertan. Atzo, ordea, buelta eman zion egoera horri, eta lehen postutik abiatuko da gaur Alemaniako Sari Nagusian. Eguraldi txarra etsai izan arren, erakustaldia eman zuen italiarrak, eta azken momentuan kendu zion pole-a Jorge Lorenzori (Yamaha), Lorenzok egindako denbora segundu erdi batez hobetu baitzuen. Hirugarren, berriz, Casey Stoner australiarra (Ducati) izan zen.Munduko Txapelketa irabazteko hautagai nagusiak direla erakutsi zuten beste behin hiru pilotu horiek. Munduko Txapelketako sailkapen nagusiko orden berean irtengo dira gaur Rossi (151), Lorenzo (142) eta Stoner (135).

Atzokoa errebantxatzat har daiteke. Izan ere, sarritan kendu izan dio pole-a azken momentuan Lorenzok Rossiri: Kataluniako Sari Nagusian, esaterako. Rossik, ordea, lehengoa izaten jarraitzen duela erakutsi zuen beste behin, eta maisutasun handiz eskuratu zuen lehen postua. Pozik agertu zen italiarra entrenamenduen ostean: «Oso pozik nago. Lasterketa zaila izan da, euriagatik gehienbat, baina bihar euririk ez egitea eta lur lehorrarekin aritzea espero dut». Lorenzo ere sasoiko dago, eta lehia izugarria dago bien artean. Esperientzia gaztetasunaren aurka. Bederatzi puntuko aldea besterik ez dago Yamahako bi pilotuen artean, eta ez du inork hutsik egin nahi.

Efren Vazquez, txukun

Euripean aritu behar izan ziren pilotuak, eta hainbatetan erori ziren. Ikusgarriena izan zen Nicky Hayden estatubatuarra (Ducati) erori zenean. Motorraren kontrola galdu zuen, eta beste pilotu baten aurka talka egin. Hala ere, laugarren postuan sailkatu zen. Toni Elias eta Alex de Angelis Hondako pilotuek ere istripu ikusgarriak eduki zituzten, baina ez zuten aparteko arazorik izan jarraitzeko. Dani Pedrosak (Honda), bestalde, ez zuen egunik onena izan, eta zortzigarren postuan amaitu zuen karrera.

250 cc-koan Marco Simoncelli (Gilera) izan zen azkarrena, Hector Barberaren (Aprilia) eta Alvaro Bautistaren (Aprilia) aurretik. Simoncellik denboraldiko bigarren pole-a egin zuen, eta badirudi denboraldi hasieran eduki zuen lesiotik erabat osatu dela. Nagusian Aoyamak (Scot Racing) jarraitzen du lider, baina Simoncelli gero eta gertuago dauka.

125 cc-ko proban Julian Simon Munduko Txapelketako liderra (Aprilia) irtengo da pole-tik. Efren Vazquez, berriz, zortzigarren postutik abiatuko da. Horixe da entrenamendu saio batean inoiz egin duen posturik onena, eta aukera baliatzea espero du: «Saiatuko naiz lehen postuei eusten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.