Binakako Pilota Txapelketako finalerako sarrerak bi orduan saldu dira gaur goizean, Aspek eta Asegarcek jakinarazi dutenez. Apirilaren 17an jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta dagoeneko sarrerarik eskuratu ez duenak telebistan ikusi beharko du Xala-Barriola eta Olaizola II.a-Begino bikoteen partida.
Telefono zenbaki bat jarri zuen Aspek erosleen eskura, eta, zehaztu duenez, etengabe aritu da jendea sarrerak erosteko hoska. 500 sarrera saldu ditu Aspek, eta dei bakoitzeko lau saldu dituztela azaldu du. Aspek dio beretzat 180 sarrera gorde dituela. Asegarcek azaldu du lau finalisten artean 300 sarrera eraman dituztela.
30 eta 140 euro bitarteko sarrerak ziren salgai jarritakoak. 3.000 lagun sartzen dira Bizkaia frontoian, baina hainbat sarrera hartuak dituzte finalistek, txapelketaren babesleek, bezero finkoek eta ordezkari ofizialek, Asegarcek atzo esan zuenez.