Bera Bera. Obein, Carvalho,Rubio (6, 2p), Cuña (1), Punko (4), Altuna (4), Fernandez (4, 1p) —hasierako zazpikoa—, Gadelha, Jose Carlos, Agirre (7), Ziarsolo (1), Berta(1).
Itxako. Stefani,Barno (1),Egozkue (1p), Pinedo (6), Alonso (6, 1p),Pena (4), Fernandez (2) —hasierako zazpikoa—,Navarro, Aguilar (3), Tervel(1), Martin (1), Soit (2), Kurbanova, Turey (5).
Markagailua. 2-3, 4-9,6-12, 10-13, 11-17, 14-20 (atsedenaldian); 15-21, 17-23, 20-25, 22-28, 28-33.
Epaileak. Muro eta Rodriguez. Bi minutuz kanporatuak: Bera Berako Carvalho, Cuña eta Ziarsolo; eta Itxakoko Barno (2), Pinedo, Pena eta Tervel.
Bestelakoak. 500 ikusle inguru Donostiako Bidebieta kiroldegian.
Bera Beraren aurkako derbiak sasoiko hirugarren txapela eman dio Itxakori. ABF ligako hirugarren txapela da jarraian Lizarrako jokalarientzat. Eta txapelketa amaitzeko bertze hiru jardunaldi gelditzen dira, oraindik ere. Sasoi osoan erakutsitako nagusitasuna saritzen du Itxakok Donostian irabazitako txapelak. Bide erraza izan dela dirudien arren, txapela ahaleginaren ondorio dela azpimarratu zuten Lizarrako jokalariek atzo, garaipena eman zien partida amaitu eta gero. Pozarren ziren jokalariak, bai eta taldeko gainontzeko kideak ere. Sasoia, dena den, ez da oraindik amaitu, eta atzo denek zuten gogoan igandean norgehiagoka hagitz garrantzitsua jokatu behar dutela. Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulikora etxeko lanak eginda joanen da Itxako. Eta hori ez da, inondik inora, edonolako marka.
Itxakok 28-33 irabazi zuen atzo Donostian. Emaitza horrek Lizarrako taldearen jokoaren neurria ematen du, hagitz pista zaila baita Bera Berak defendatzen duena. Donostiarrek, gainera, bazuten irabazteko arrazoirik, hurrengo sasoian Europara itzul- tzeko aukera emanen zien puntuaren bila atera baitziren pistara. Baina atzo Itxakoren eguna zen, eta Bera Bera ere ez zen gai izan ABF ligako txapeldunari traba egiteko.
Itxakok partida osoan izan zuen kontrola bere esku; ez zuen inolako arazorik izan partida bere alde jartzeko. Hasierako minutuetatik argi eta garbi utzi zuen txapela etxera eraman nahi zuela. Eta horretarako egin zuen lan. Giltza, ohi bezala, defentsa izan zen. Sendo agertu ziren Ambros Martinen jokalariak, eta horrek aukera eman zien kontraerasoari etekina ateratzeko. Erasoan, halaber, beldurrik gabe aritu ziren Martinen jokalariak. Ardura ez zen txantxetakoa, are gutxiago donostiarren etxean, baina nafarrek erabateko kontzentrazioa erakutsi zuten une oro. Tentsioari eutsi zioten norgehiagoka osoan, eta jarrera horrek, jokoan zenaren garrantziaren jakitun izateak, garaipenaren bidea zabaldu zien Lizarrakoei.
Jaun eta jabe
Partidan erabat sartuta egoteak, aukera ederra eman zion Itxakori nahi bezala jokatzeko. Eta hori lortzen duenean, aurkari arriskutsua da Lizarrakoa. Hamabost minutu nahikoa izan zituzten Martinen jokalariek markagailuan sei goleko aldea ezartzeko, 6-12. Alde horri eusteko arazorik ez zuten izan nafarrek, eta 14-21 ailegatu zen partida atsedenaldira.
Bigarrenean egoera ez zen gehiegi aldatu. Pistan jaun eta jabe jarraitu zuen Itxakok, eta Bera Bera ezinean aritu zen nagusitasun horri aurre egin nahian. Lizarrako jokalariek egindako hutsek baino ez zioten aukera eman etxeko taldeari markagailuan hurbiltzeko. Hurbildu bai, baina berdinketa ere urrun gelditu zitzaien Bera Berako jokalariei. 28-33 amaitu zen norgehiagoka nafarren alde, eta garaipenak txapela eman zien.
Partida bukatu eta gero, pistan ospatu zuten garaipena Lizarrako taldeko kideek. Irribarrea aurpegitik ezin kendu zegoen Ambros Martin entrenatzailea. Liga balio handiko txapela dela azpimarratu zuen, sasoi osoan egindako lanak eman dielako. Martinek, gainera, txapela lortzeko modua nabarmendu zuen atzo. «Gure nagusitasuna agerian utzi dugu. Umil izaten jarraitu behar dugu, baina Ligan egindako lanak argi utzi du merezitako txapela dela irabazi duguna».
Iritzi bera agertu zuen Itxakoko kapitain Andrea Barnok. Familiarekin ospatu ahal izan zuen lehen unean atzoko txapela, Donostian Lizarratik etorritako hainbat zale baitzegoen. «Partidan erabat sartuta atera gara. Irabazi nahi genuen, eta, horretaz gain, igandeko partidarako sentsazio onak hartu».
Ligako txapela ez dela erraza izan azpimarratu zuen Barnok. «Akaso jendeak hori pentsatuko du, baina ez da hala izan. Sasoi osoan betean aritu behar izan dugu».
Liga irabazi eta gero, hau da, etxeko lanak egin eta gero, igandean orain arteko bere partidarik garrantzitsuena jokatuko du Itxakok: Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulikoa, Hungarian. Partida horren beldur dela onartu du Martinek: «Erabateko konfiantza dut jokalariengan, baina kanpoko faktoreek kezkatzen naute, eta horiek ezin ditugu kontrolatu». Itxakok anitz sufritu beharko duela argi du. Oraingoz, hala ere, Liga gozatzeko ordua da.
Bera Bera 28. Itxako 33
Bi puntu, eta txapela
Itxakok ABF liga irabazi du Donostian, Bera Beraren pistan; hirugarrenez lortu du, jarraian, eta sasoiko hirugarren txapela duOrain Txapeldunen Ligako finalerdietako kanporaketa gainditzea da nafarren xedea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu