David Rodriguez Carvajal. Helvetia Anaitasunako jokalaria

«Bi taldeok behar ditugu puntuak, baina guk haiek baino gehiago»

Partida berezia izango da gaurkoa David Rodriguez Carvajalentzat. Batetik, derbi bat jokatuko du, eta, bestetik, bere talde ohiaren aurka ariko da. Neurketa «polita eta gogorra» izango dela dio.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bartzelonako eta San Antonioko jokalari izan da, bertzeak bertze. San Antonio dena irabazteko lehiatzen zen garaian. Anaitasunakoa da orain David Rodriguez Carvajal (Tuineje, Kanariar Uharteak, Espainia, 1978). Bere talde ohiaren kontra ariko da gaur.

Zer moduz Anaitasunan?

Gustura nago. Aurreko sasoian ailegatu nintzen, taldea Ohorezko B mailan zegoenean, eta hasieratik harrera beroa egin zidaten. Taldea familia baten gisakoa da. Ez dut inolako arazorik izan, eta hori jokalari batentzat hagitz garrantzitsua da. Nire emaztea eta alaba hemengoak dira, eta haiek ere kontent dira.

Nola hartu zenuen igoera?

Arraroa izan zen, egia errateko, lehenengo aldia baita igoera bulego batean lortzen dudana. Uda luzea izan zen jokalariontzat. Ez genuen argi igoko ginen edo ez, Arratek utziko zuen edo ez. Nahi genuen gauza bakarra zen gure etorkizuna argitzea, jakitea non ariko ginen. Asobal ligan jokatzeko aukera sortu, zuzendaritzak aztertu, eta aukera profitatzea erabaki zuen taldeak.

Asobal liga ongi ezagutzen duzu zuk. Nolakoa izan da Ohorezko B mailan aritzea?

Nik aurreko sasoian argi utzi nuen ez nuela Ohorezko B mailan aritzeko inolako arazorik. Nahiago nuen maila horretan aritu, eta ikasi. On egin zidala uste dut, gainera, lasai aritu nintzelako, eta gauzak hagitz ongi atera zitzaizkidan.

Sasoia nola hasi da zuretzat? Nola ikusten duzu taldea lehen txanpa honetan?

Nik uste dut arduraren eragina sumatu duela taldeak orain arte. Asobal ligan gaude, eta gauzak ongi egin behar ditugu, hori da helburua. Emaitza onak lortu ditugula uste dut. Lehen jardunaldian, adibidez, ezustean harrapatu genuen Granollers. Inork ez zuen espero han irabaziko genuenik. Nik uste dut taldea ongi ari dela. Arduraren zama sumatzen du, baina ongi ari da, eta poliki-poliki ari gara pistan gure lana erakusten.

Aldagelako giroa nolakoa da? Taldekide gazteenei aholkuak ematen dizkiezu?

Ni saiatzen naiz aholkuak ematen, bai. Baina, aldi berean, gazteek errateko dutena entzuten ahalegintzen naiz. Beti bada zerbait ikasteko aukera, beteranoenen edo gazteenen eskutik. Giroa hagitz ona da. Taldekide gehienak hagitz gazteak dira. Ni naiz zaharrena, 33 urterekin. Giroa alaia da, ongi pasatzen dugu, baina, aldi berean, argi dugu denok zer ardura dugun. Badakigu 1.900 bazkide badela gure atzean, haiek ere astero borrokatzen dira gure alde.

San Antonioren aurkako derbia berezia izanen da zuretzat?

Bai, zalantzarik gabe. San Antonioko jokalaria izan naiz, eta han baditut lagunak. Zale anitz ezagutzen dut, halaber. Badakit haiekin arazorik ez dudala izanen. Espero dut kiroldegia betetzea, eta, batez ere, gure jarraitzaileek gure alde egitea, eta Anaitasunak irabaztea.

San Antoniorekin Liga irabazi zenuen; Anaitasunarekin Ohorezko B mailan hasi zenuen ibilbidea. Aldea handia da. Nola da hori zuretzat?

Argi dago egoera erabat ezberdinak egokitu zaizkidala eskubaloiaren munduan. Bi garai izan dira. San Antoniorekin aritu nintzenean, taldea goian zegoen. Europako Kopa, liga, kopa... dena irabazteko lehiatzen zen. Anaitasunarekin, berriz, Asobal ligara igotzeko lan egin nuen. Galdarren aritu nintzenean ere mailari eustea zen helburua. Badakit zer den hori. Eta ez dago arazorik. Partidak ezberdinak dira, esperientziak ezberdinak dira, baina denek irakasten dizute zerbait. Mailari eutsi behar diozunean, adibidez, partida bakoitzak nolako garrantzia duen ikasten duzu, eta ikasten duzu nerbioei eusten. Hori hagitz garrantzitsua da.

San Antoniorekin aritu zinen garaiaz zer oroitzapen duzu?

Batez ere Leonen irabazitako liga dut gogoan. Eta partida on anitz ere bai. Gogoan ditut taldekideak, lagunak. Zaleak ere bai. Onena opa diet. Baina gaurtik aurrera!

Nolako partida espero duzu?

Lehia handiko derbia izanen da. Polita eta gogorra. Bi taldeok behar ditugu puntuak, baina guk haiek baino gehiago. Puntuak premiazkoak dira guretzat. Haiek izanen dute bertze aukerarik, esperientzia gehiago dute.

On egin dio eskubaloiari Iruñean bi talde izateak?

Guk Anaitasunako zaleen berotasuna sumatzen dugu. Haiek biziki poztu dira gure igoerarekin, eta gozatzen ari direla uste dut. Hori espero dut behintzat. Gure helburua mailari eustea da. Eta ahalik eta azkarren lortzea. Partidak gehiago gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.