Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) bi urteko zigorra jarri dio Alberto Contador txirrindulariari (Espainia, 1982), 2010eko Frantziako Tourrean klenbuterolarekin emandako positiboagatik, TASek dopajea egiaztatzerik ez duela izan aitortu arren.
Orduan irabazitako Tourra eta iazko Italiako Giroko garaipena kendu egin dizkiote Contadorri. Ondorioz, 2010eko Tourreko irabazle ofiziala Andy Schleck da —eta Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadikoa hirugarren geratu da— eta iazko Girokoa Michele Scarponi.
Contadorrek aurtengo abuztuaren 6ra ezingo du korritu. Beraz, ez da ariko Tourrean eta Londresko Olinpiar Jokoetan. 30 egun ditu helegitea jartzeko.
Haren arabera, haragi xerra kutsatu bat jateak eragin zion klenbuterola gorputzean. Aldiz, akusazioak —Munduko Txirrindularitza Federazioak eta Dopajearen Kontrako Agentziak— epaiketan esan zuen txirrindulariak odol autotranfusioa egin zuela.
Efraim Barak israeldarrak, Ulrich Haas alemaniarrak eta Quentin Byrne-Sutton suitzarrak osatu dute TASeko epaimahaia. Barak-ek jakinarazi du epaia.
2010eko uztailaren 21ean egindako analisian eman zuen positibo Contadorrek, Tourrean lider zela, baina albistea irailaren bukaeran zabaldu zuten. "Ezin dut onartu zigortzea", adietazi zuen hark 2010eko urriaren 1ean emandako prentsaurrekoan.
Ganadua gizentzeko erabili ohi da klenbuterola, eta gizakietan baita kirol errendimendua hobetzeko ere, arnasketa errazten duelako. "Elikagai kutsaduragatik eman dut positibo", zioen txirrindulariak. "Akats nabarmena egin dute. Konponduko da, egia aurretik jarrita".
Nolanahi ere, aurkitutako klenbuterol kopurua oso txikia dela onartu zuen UCIk, baina ikerketa sakona egin behar zela dopatu egin den edo ez ebazteko. Zehazki, 50 pikogramo klenbuterol antzeman zituzten ziklistaren gernuan (0,00000000005 gramo mililitro bakoitzeko). "Hori ez da ezer", esan zuen Contadorrek.
2011ko otsailean hura absolbitzearen alde agertu zen Espainiako Txirrindularitza Federazioa.