Higinio Rivero (Barakaldo, Bizkaia, 1982) hasi da Milanen eta Cortina d'Ampezzon (Italia) egingo diren Paralinpiar Jokoetarako entrenatzen. Otsailean izango dira, eta iraupen eskian eta biatloian hartuko du parte —iraupen eskia eta tiroa—. 2021eko eta 2024ko udako Paralinpiar Jokoetan ere aritu zen piraguismoan. Berriki brontzezko domina irabazi du kirol horretan Europako Txapelketan, eta pozik dago horrekin. «Teknikan eta taktikan aldaketa batzuk egin genituen aurreko bi urteekin alderatuz, eta dena primeran atera zen». Istripua izan aurretik, eskalada eta txirrindularitza egiten zituen, eta mendian ere ibiltzen zen.
Piraguismoan bi aldiz hartu duzu parte Paralinpiar Jokoetan. Zergatik hasi zinen?
Istripuaren ondorengo errehabilitazioagatik hasi nintzen piraguismoan. Ez nuen uste lehiatzen hasiko nintzenik, baina orain ezin diot lehiatzeari utzi.
Non entrenatzen zara piraguismoan?
Ni Plentziako klubean nago. Normalean ibaian entrenatzen naiz, eta gutxi batzuetan itsasoan, baldintzen arabera. Parisko Paralinpiar Jokoak, adibidez, Legution [Araba] prestatu nituen. Neguan, berriz, Murtziako [Espainia] Goi Errendimendu Zentroan entrenatu naiz, aurten lehenengo aldiz. Emaitza onak lortu ditut, eta, beraz, han jarraituko dugu.
Zergatik erabaki zenuen neguko kiroletara aldatzea, kasu honetan iraupen eskira? Lehenagotik pentsatuta zeneukan?
Duela lau urte izan nuen aukera. Iraupen eskia aukeratu nuen mendira itzultzeko aukera ematen zidalako eta nire kabuz igo nintekeelako mendira. Mendizale amorratua naiz, eta, probatzerakoan, asko gustatu zitzaidan. Altuera handian egiten den kirola denez, pentsatu genuen niretzat onuragarria izan zitekeela. Bastoiak mugitzeko eta erabiltzeko formak antza dauka piraguismoan arraunak mugitzeko erarekin. Neguan denboraldiaurrea egiten hasi ginen, eta ondo nindoala ikusi genuen. Bi kirolak bateragarriak zirenez, eskian ere apustu egitea erabaki genuen.
Biatloiko Munduko Txapelketan parte hartu zuen lehen euskal herritarra izan zara. Otsailean izan zen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Iaz ezin izan nuen parte hartu, ez nituelako puntu nahikoak munduko zerrendan. Txapelketa ez zitzaidan ahal nuen bezain ondo atera, batez ere tiroan. Kosta egin zitzaidan arreta jartzea, eta tiro asko huts egin nituen. Hala ere, iraupen eskian munduko txapeldun izan zena baino hobeto ibili nintzen tiroan, eta eskian ere nahiko ondo jardun nuen.
Zeintzuk dira parabiatloiaren zailtasun nagusiak?
Nik iraupen eskian ez dut hankekin indarra egiten. Patinatzea bezala da, bastoiekin egiten dut bultza, eta gorputzeko goiko aldea nekatzen da. Biatloian gauzak zailagoak dira. Eskian bihotz taupadak oso azkar doaz, eta bat-batean geratu egin behar duzu tiro egiteko. Hortaz, bihotz taupadak apaldu behar dituzu, eta arreta jarri. Gainera, presioa ere gehitzen da.
Desgaitasunak nola eragiten dizu eskian eta parabiatloian?
Nik hankak eta gorputz enborra dauzkat kaltetuta, eta lehiaketa aulki batean egiten dugu. LW 10,5 da nire desgaitasun gradua. Bost gradu daude, eta denak batera lehiatzen gara. Graduaren arabera, denboraren ehuneko bat kentzen zaio kirolariari. Asko ikasi behar izan dugu teknika aldetik, hemen inork ez baitu iraupen eskia aulki batean egiten. Nazioarteko probak aztertu ditugu ikasteko.
«Hemen inork ez du iraupen eskia aulkian egiten. Nazioarteko probak aztertu ditugu ikasteko»
Orain datorren urteko Paralinpiar Jokoetan jarriko duzu arreta osoa. Zer helburu dauzkazu?
Iaz prestakuntza ez zen behar bezalakoa izan, Parisko Paralinpiar Jokoak irailean bukatu genituelako, eta berandu hasi ginelako. Aurten, ordea, jada hasi dut neguko denboraldiaurrea. Munduko Txapelketan zazpigarren eta bederatzigarren geratu nintzen, eta orain lehen hamarren artean finkatu nahi dut biatloian, 2030eko Neguko Paralinpiar Jokoetara ere sailkatzeko gertuago egoteko. Batez ere ikasi egin nahi dut, oraindik gazteegia bainaiz lehen bost postuez edo dominez hitz egiteko.
Neguko kiroletarako, non eta nola entrenatzen zara?
Orain etxean nago, eta beste jarduera batzuk egiten ditut buruz lasaiago egoteko. Hemen elurrik ez dagoenez, eski ergometroan ibiltzen naiz. Roller eskian ere ibiltzen naiz, gurpilak dituzten eskietan. Candanchura ere [Aragoi, Espainia] joaten naiz entrenatzera, bertan baitago bakarrik eski eta tiro eremua. Horrela, bi kiroletan batera entrenatzen naiz han. Etxean ere entrenatzen naiz tiroan, aire karabina batekin. Arma ez da kargatuta egoten, noski; baina gorputz jarrera, pultsua mantentzea eta arnasketa lantzen ditut.
Zer kirol duzu gustukoago: piraguismoa, iraupen eskia edo biatloia?
Oraintxe bertan nahiago dut biatloia, Paralinpiar Jokoetara joango naizelako. Baina bakoitzak bere momentua izaten du. Aurten brontzezko domina irabazi dut piraguismoko Europako txapelketan, eta helburua bete dut. Ezin dut aukeratu bien artean, bi kirolak asko gustatzen zaizkidalako eta bateragarriak direlako. Niri triatloia ere gustatzen zait, baina ez da bateragarria piraguismoarekin, triatloiaren denboraldiak piraguismoarekin bat egiten du eta.
Zer desberdintasun dago kirola aisialdiagatik edo lehiatzeagatik egitearen artean?
Lehiatzerakoan asko eskatzen diot neure buruari, eta sakrifizio handia egiten dut. Berriki, adibidez, mendiko ibilbide bat egin behar nuen bizikletan, eta beranduago hasi nintzenez, ordu bakarreko entrenamendua egin dut. Aisialdiagatik egingo banu, hor bukatuko nukeen; baina orain lehiagatik egiten dudanez, etxeko bizikletan egin dut falta zitzaidan beste ordua. Ezin dut entrenamenduko momenturik galdu, arerioek ere ez baitute momenturik galtzen.