Mamen Etxaniz lagunarekin astebeteko zeharkaldia egin du eskien gainean Mirene Zubimendi bidaiariak (Donostia, 1963), Laponian. Hirugarrenez izan da bertan, eta duela gutxi itzuli berri da. Kirola egitera joan aurretik jarri du hitzordua. Bederatzi hilabete barru erretiro aurreratua hartuko du, eta bidaiatzen jarraitzea du amets.
Zein da naturarekin duzun lehen oroitzapena?
Umetan Madrilen bizi nintzen. Bost ahizpa gara, eta asteburuero Guadarramara joaten ginen mendira. Gurasoak, neurrian bada ere, mendizaleak izan dira, eta, inguruko mendi gehienetara igo ginen: Peñalarara [2.428 metro] eta Monton de Trigora [2.161 metro], besteak beste. Cuerda Largako zeharkaldia ere egin genuen. Alpino estiloan eskiatzen ere hasi ginen garai hartan. Niretzat, Guadarrama oso berezia da oraindik ere. Une oro gogoan ditut hango usaina, pinuak… 18 urte nituenean Donostiara itzuli ginen berriro.
Donostian ere kirola egiten jarraitu al zenuen?
Bai. Behin Donostian, Club Vasco de Campingeko jendea ezagutu nuen, eta bertan eman nuen izena. Ia asteburuero Gipuzkoako mendietara joaten hasi nintzen. Handik gutxira, Pirinioak ezagutu nituen. Egun batean, mendi eskiko ikastaro bat antolatzen zutela irakurri nuen egunkarian. Ordura arte ez nekien existitzen zenik ere. Baina mendia gustuko nuenez, eta eskiatzen ere banekienez, izena ematea erabaki nuen. Izugarria izan zen bertan sentitu nuena! Txikituta itzuli nintzen etxera, baina mendiko eskiari katigatuta gelditu nintzen. Handik denbora gutxira mendi eskiko ekipo osoa erosi nuen Donibane Lohizuneko denda batean. Mundu horretako jendea ezagutzen hasi nintzen, eta mendi eskiko probetan lehiatzen ere bai.
Gogoratzen dituzu lehen lasterketak?
2007an Andoni Areizaga zenak lasterketa bat antolatu zuen Gavarnie inguruan [Okzitania]. Andonik proba herrikoietan parte hartzera bultzatzen gintuen, eta azkenean bi emakume joan ginen. B ibilbidean lehiatu ginen, eta podiumera ere igo ginen! Antxon Bandresek eman zigun garaikurra, Euskal Mendizale Federazioko presidente izandakoak. Ondoren, Altitoy martxan jarri zutenean, beste hiru aldiz hartu nuen parte. Andres Regil zeharkaldian ere lehiatu izan naiz, Europako Mendietan.
Noiz hasi zinen bidaiatzen?
Lehen trekkinga orain 50 urte egin nuen, Perun, Huayhuash mendilerroan. Hamabi egunetan 6.000 metroko desnibel positiboko bidea egin genuen. Malin ere egin nuen beste bat, eta Donejakue bidean ere hainbatetan egin nituen bost eguneko ibilbideak bizikletan. Lehen zeharkaldia Leon eta Santiago artean egin nuen. 310 kilometro izan ziren.
Eta zergatik ez dituzu bidaia luzeak egin?
Alde batetik, bi ume izan ditut; bestetik, lanagatik, ez dut aukerarik izan Himalaiara joateko, adibidez. Nire neurrira egindako bidaiak izan dira. Hala ere, gauza desberdin asko egin ditudala uste dut. Azken urteetan askoz maizago egin izan ditut bidaiak bizikletaz edo eskiz.
Mendiko eskian egindako zeharkaldiak ez omen dituzu ahaztuko...
Ez. Alpeetan egindakoen artean oso bereziak izan ziren Silvrettako [Austria] eta Chamonix-Zermatteko [Frantzia eta Suitza] zeharkaldiak. 2005ean ere astebete igaro nuen Vanoiseko parke nazionalean [Frantzia]. Jada hogei urte daramatzat hango eta hemengo lekuak ezagutzen.
Bizikletan ere egin dituzu bidaiak. Zer moduz?
Oso gustuko dut bizikletan ibiltzea. Donejakue bideaz gain, Pirinioetan zeharreko bidea ere egin nuen orain bi urte. Bakarrik egin nuen. Route des Cols [920 kilometro, +17.216 metro] bidea aukeratu nuen. Txirrindulariek igotzen dituzten mendate guztiak igotzen dira zeharkaldi horretan. Dena gainean neramala osatu nuen bidea: denda, sukaldea... Bizikleta elektrikoan egin nuen, eta hamabi egun behar izan nituen ibilbidea osatzeko.
Bidaietan zer nahiago duzu: inprobisatu edo plangintza bat eduki?
Inprobisatu, zalantzarik gabe! Inprobisatzeak abentura puntu bat ematen dio bidaiari. Egia da ez dudala inoiz bi hilabeteko bidaiarik egin, eta ez dakit zer egingo nukeen. Hala ere, beti izaten dut beste plan bat pentsatua. Beti eramaten dut denda, eta badakit non jarriko dudan horrelakoetan. Askotan ez dakit nora iritsiko naizen, baina ziurgabetasun hori gustuko dut.
«Inprobisatzeak abentura puntu bat ematen dio bidaiari, eta nik nahiago dut hori. Baina beti izaten dut beste plan bat pentsatua»
Zein izan da bidaia batean bizi izan duzun unerik zailena?
Iaz, eskiak hartu, eta Finlandiara joan nintzen Mamen Etxanizekin, Laponiara. Egun batean, jende gutxi ibiltzen den ibilbide bat egin genuen. Marka gutxi zeuden bidean; ia aztarnarik ez. Gainera, lurzorua oso irregularra da, eta, eski gainean gora eta behera ibili ondoren, konturatu ginen ez genuela aurrera egiten. Mapan begiratu ondoren, ibaiaren beste aldean geundela ikusi genuen. Aterpetxe batera iritsi behar genuen, eta ez genuen topatzen. Laponian oso arriskutsua da gaua kanpoan igarotzea. Eskerrak denda gainean generaman! Halako batean, arrantzaleek erabiltzen zuten txabola moduko bat topatu genuen. Ez zegoen erabat estalita edo itxita, baina, besterik ez zegoenez, bertan jarri genuen denda. Gau hartan, zero azpitik hamasei gradu egin zituen.
Beldurrik edo zalantzarik izan duzu bakarrik bidaiatzean?
Ez bereziki. Pirinioetan etxean bezala sentitu nintzen. Berez beldurtia naiz, baina bidaia hartan ez nuen inolako arriskurik ikusten. Ordurako banekien zer zen bakarrik ibiltzea. Donejakue bidean bidaiatu nuen lehen aldiz bakarrik. Orduan sentitu nuen bakardadea. Aldi berean, sekulako askatasuna sentitu nuen. Nahi nuena egiten nuen, ez nuen inorekin negoziatu beharrik. Zerbait jan edo edan nahi banuen, huraxe jaten edo edaten nuen. Bidaiek eman didaten gauzarik garrantzitsuena askatasuna izan da. Aukeratutako bakardadea ederra da!
Nola egin diezu aurre bakardadeari eta ziurgabetasunari?
Oso muturreko egoeretan ez jartzen saiatzen naiz. Orain, adibidez, Bilboko emakume gazte bat Afrika zeharkatzen ari da, eta, ama naizenez, zera pentsatzen dut askotan: 'Zer egiten du 25 urteko emakume batek Afrikan bakarrik?' Ez dakit hori egiteko gai izango nintzen! Nik, bidaiatzeko, ziur egon behar dut, eta horrelako herrialdeetan ez zait hala gertatzen. Adibidez, argi dut Afrikara ez naizela bakarrik joango. Bakarrik bidaiatu izan dudanean, askotan galdetu izan didate bikotekidea non dagoen!
Zer neurri hartu dituzu seguru bidaiatzeko?
Sekula ez dut denda errepide batetik gertu jartzen, adibidez. Nahiago dut, halaber, herrietako erdigunean lo ez egin. Taldean nagoenean, ez nau kezkatzen non lo egin. Askotan bidaiatu izan dut Julio Villarrekin, eta elizetako aterpeetan egin izan dugu lo. Animaliei ez diet beldurrik, baina pertsonen jarrerekin ez naiz asko fio.
Zer arrisku du emakumeentzat bakarrik bidaiatzeak?
Beti pentsatu izan dut emakume bat askoz ere zaurgarriagoa dela. Gizonezko batek bakarrik bidaiatzen duenean arriskua dauka, baina emakume batek are gehiago. Hori da emakumeek bakarrik gutxiago bidaiatzeko arrazoietako bat.
Zer aholku emango zenieke bakarrik bidaiatu nahi duten emakumeei?
Gehiegi ez pentsatzeko, eta bidaiatzeko. Egin dudan azken bidaian jende asko ikusi dut bakarrik bidaiatzen. Harritu egin nau horrek.
«Bakarrik bidaiatu nahi duen emakume bati gehiegi ez pentsatzeko aholkatuko nioke, eta bidaiatzeko»
Noizbait gertatu zaizu bidaia bat gehiegizkoa iruditu eta etxera itzuli behar izatea?
Ez, oraingoz ez. Bederatzi hilabete barru erretiro aurreratua hartzeko asmoa daukat. Pozik eta ilusioz nago, eta ikusiko dugu gorputzak zer eskatzen didan. Adibidez, ausartuko ote naiz Austral errepidea [Txile, 1.247] zeharkatzen bizikletan? Eguna iristen denean ikusiko dugu.
Zein kulturak edo herrialdek utzi dizu arrastorik handiena?
Huayhuasheko [Peru, Andeak] eta Maliko trekkingek. Bertako bizimoduak gogorrak dira. Laponiako bakardadeak ere arrastoa utzi dit. Hango paisaiek asko hunkitu naute.
Askok diote gaur egungo bidaietan teknologiak abenturari toki kendu diola. Hala uste duzu zuk ere?
Ez nuke hori esango. Teknologiak aukera gehiago ematen dizkizu. Gainera, horrek konponbide erraza du: ez baduzu nahi, ez erabili, eta kito! Baina bizikleta elektrikoak eta GPSak, adibidez, gauzak errazten dizkizute, eta bestelako aukera batzuk eman.
Nola uztartu izan dituzu lana eta bidaiak?
Banketxean hogei urtez lanean aritu eta gero, bost urtean behin hilabeteko baimena hartzeko aukera izan ohi dugu, eta nik aukera hori baliatu izan dut. Gainera, beste lan guztietan bezala, hilabeteko oporrak izaten ditut. Hilabete hori beti bidaiatzeko aprobetxatzen dut. Umeak txikiak zirenean ere berdin egiten genuen haiekin.
MOTZEAN
Bidaietan egindako lagunik onena?
Mamen Etxaniz.Bidaiatzeko, bakarrik edo lagunduta?
Bidaiaren arabera.
Egiteko duzun bidaia bat?
Alpeetara eta Vanoisera berriro… baina bizikletan.
Zeharkaldiak: oinez, eskiz edo bizikletaz? Eskiz.
Herrialde bat? Laponia.
Berriro itzuliko nintzateke… Laponiara.
Ez naiz itzuliko… Denetara itzuliko nintzateke.
Jateko? Lasagna.
Edateko? Ardo beltza.
Musika talde bat? Phil Collins.
Abesti bat? You'll be in my heart [Phil Collins].