Eskubaloia. Asobal liga

Bideek Iruñean egin dute bat

Bi euskal talde ariko dira sasoi honetan Asobal ligan, biak Iruñekoak: San Antonio eta Anaitasuna. Bi taldeotako entrenatzaile Juanto Apezetxea eta Aitor Etxaburu lagunak dira, eta orain, gainera, aurkari.

Anaitasunako entrenatzaile Aitor Etxaburu eta San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxea, elkarri bostekoa ematen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Iritsi da motorra martxan jartzeko ordua. Asobal liga gaur hasiko da Amaya Sport San Antoniorentzat. Huescaren aurka jokatuko du Juanto Apezetxeak (Oieregi, Nafarroa, 1968) zuzentzen duen taldeak aurreneko partida, 21:00etatik aurrera, aurkariaren pistan. Anaitasunak bihar ekinen dio lanari, Granollersen kontra. Katalunian ariko dira Aitor Etxabururen jokalariak (Eibar, Gipuzkoa, 1966).

Denboraldi berezia izanen da oraintxe hasiko dena Nafarroako zaleentzat. Arrateren krisiak Anaitasunari egin dio mesede, Iruñeko taldeak beteko baitu gipuzkoarrek Asobal ligan hutsik utzitako tokia. Ondorioz, Nafarroako hiriburuko bi talde izanen dira eskubaloiaren maila nagusian. Aspaldiko partez, San Antonioren eta Anaitasunaren arteko derbiekin gozatu ahal izanen dute zaleek. Duela 31 urte jokatu zuten bi taldeok beren arteko azken derbia, 1980ean, hain zuzen ere. Sasoi haren bukaeran, San Antonio Lehen Mailara jaitsi zen. Anaitasunak, berriz, mailari eutsi zion.

Geroztik, talde bakoitzak bere bidea egin du. San Antoniorentzat urte zailak izan dira azkenak. 2001ean Europako txapeldun izan zen taldearen helburuak erabat aldatu dira: orain, mailari eustea da lehentasuna. San Antoniok behera egin du azken boladan; Anaitasunak, berriz, gora. Azken hiru sasoietan, Asobal ligara igotzeko txartela eskura izan du, baina ihes egin dio, azkenean. Aurreko denboraldian ere, gol bakar batek utzi zuen Anaitasuna Asobal ligara zuzenean igotzeko aukerarik gabe. Pistan galdutakoa, hala ere, bulegoan lortu du Iruñeko taldeak, eta Asobal ligan ariko da bihartik aurrera, 28 urte geroago.

«Pozgarria da hiri berean bi talde izatea Asobal ligan. Zaleentzat saria da». Juanto Apezetxearenak dira hitzak. Iruñeko aurkariarekin harreman estua du;Anaitasunako entrenatzaile izan zen San Antonioren ardura hartu baino lehen. «Sei urtezizan naiz Anaitasunako entrenatzaile azken etapan, eta lehen ere aritu nintzen bi urtez. Anaitasunako bazkide ere banaiz!».

Taldearekin ez ezik, Anaitasunako entrenatzaile Etxabururekin ere harreman estua du. Sumatzen zaie biei, elkarrekin daudenean. «Bidasoako entrenatzaile nintzenean, Juanto Anaitasunan ari zen. Elkarri laguntzen genion, bagenuen konfiantza, eta hori eskertzekoa da», azaldu du Etxaburuk. Asobal ligan bi urtez aritu zen gipuzkoarra Bidasoa entrenatzen —Ohorezko Mailan ere entrenatu du—. Apezetxeak argi du baduela eskarmentu nahikoa orain hasiko duen etapa berriari aurre egiteko. «Ez du gomendiorik behar. Oraingo ardura lasaitasunez hartzeko besterik ez nioke esango».

Lana eta urduritasuna

Etxabururi sumatzen zaio egunotako lan kargak utzitako arrastoa. «Hamar eguneko epean egin behar izan dugu beste taldeek hainbat hilabetetan egiten dutena». Asobal ligan aritzeko gonbidapena abuztuaren amaieran jaso zuen Anaitasunak, eta, ondorioz, korrika eta presaka aritu behar izan dute taldeko arduradunek dena Asobalek eskatzen dituen baldintzetara egokitzeko. «Gauza anitz aldatu da; lehen behar ez genituen baimenak behar ditugu, hamaika paper eta hamaika kontu».

Etxaburuk onartu du Anaitasunakoentzat ez dela batere erraza izan Asobal ligan aritzeko erabakia hartzea. «Gauza anitz hartu behar izan dugu kontuan». Baina kontent da egindako urratsarekin. «Taldea Asobal ligan aritzeko prest dagoela uste dut».

Horixe nabarmendu du entrenatzaileak. Eta hori da, gainera, hari dagokion esparrua. «Egunotan jokalariak jabetu dira gutxien egoera berriak sortu dituen aldaketa guztiez». Entrenatzailearen lanean izan du eraginik, noski, aldaketak. «Egun batetik bestera aurkari berriei buruzko informazioa biltzen hasi behar izan dugu!».

Etxaburuk ez du zalantzarik merezitako saria dela Asobal ligan aritzeko aukera. Baina azpimarratu du sari hori ez dagokiela bakarrik berari eta oraingo jokalariei. «Azken urteotan lan egin dutenena ere bada sari hori; Juanto Apezetxearena ere bai». Maila guztietan eskubaloiarekin «gozatzen» duela argi utzi du Etxaburuk, baina Asobal ligak badu, haren ustez, bertze edozein mailak ez duen zerbait: «Anitzez ere gehiago eskatzen die taldeei; lehiaketa luzea da, eta irauten duen bitartean erakutsi behar dute jokalariek euren mailarik onena. Hori pizgarri polita da kirolarientzat».

Erronkari aurre egiteko gai izanen da Anaitasuna, Etxabururen hitzetan. «Sailkapeneko beheko postuetan lehian ariko diren bospasei taldeekin borrokatzeko gai izanen gara. Behetik hasita hirugarren sailkatzea arrakasta handia litzateke guretzat».

San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxeak ere mailari eustea jo du helburu nagusitzat. Etxabururi oraingo egoera bereziak sortu dion urduritasunaren arrastorik ez zaio igartzen nafarrari. Lasai dago. Bigarren urtez jarraian ariko da San Antonio zuzentzen, eta kontent egoteko arrazoiak baditu, aurreko denboraldian egindako lanari so eginez gero. Gaztetasunaren aldeko apustua egin zuen taldeak, krisi ekonomikoak behartuta, eta emaitza onak lortu zituen. «Apustu hori berretsi dugu, eta, berriz ere, Ligako talderik gazteena izanen gara».

Jokalari gazteek dakitena erakusteko eta irabazteko grina berezia dutela uste du Apezetxeak, eta San Antoniok hori profitatu nahi du bere alde. Oraindik, hala ere, lan anitz badu taldeak egiteko, entrenatzaileak onartu duenez. «Jokalari bat edo bi aldatuz gero, defentsan edo erasoan, sistemak lantzen hutsetik hasi behar dugu». Taldea bide onean dela uste du, baina hobera egiteko tarte zabala duela oraindik. «Dena dela, ligako talde guztiak gaude egoera berean».

Aurreko sasoiko esperientzia lagun, Asobal ligaz gozatzen jarraitzeko asmoa du Apezetxeak. Esku artean duen arduraz ederki jabetzen da, eta lasaitasunez eta seriotasunez egiten dio aurre erronkari. Gozatzen jarraitu nahi du, eta sumatzen zaio. Oraingoa, gainera, Nafarroako eskubaloiarentzat garai hagitz garrantzitsua dela erran du. «San Antonio, Anaitasuna eta Itxako, hirurak daude maila nagusian. Zaletasunari mesede eginen dio horrek. Aurreko sasoian jada nabaritu genuen guk jarraitzaileak berriz pistara gureganatzen hasi ginela. Asobal ligan bi talde izateak lagunduko du zaletasun hori zabaltzen. Zaleek profitatu beharko lukete, akaso ez baita oraingo egoera berriz izanen».

Ligak aginduko du. Eta Ligak erranen du talde bakoitzak non egon behar duen. Horixe azpimarratu du Etxaburuk. Asobalen lan ona eta polita egiteko prest da Anaitasuna, entrenatzaileak nabarmendu duenez. San Antonio ere bai. Horixe berretsi du Apezetxeak. Asobalen, sasoi honetan, aspaldiko laguna izanen du bide lagun. Bai eta aurkari ere pistan. Etxabururen eta Apezetxearen bideek, bertze behin, bat egin dute. Gurutzatu egin dira. Anaitasunak eta San Antoniok ere bat eginen dute pistan aurtengo denboraldian. Duela 31 urteko derbiak gogora ekartzeko aukerak hartu du jada Iruñeko giroa, eta zaleak kontent dira, hiriko bi taldeen arteko lehiaren lekuko izateko aukera izanen dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.