Athleticen gorakada ez da kasualitatea. Talde zuri-gorria urrats sendoak ematen ari da azken jardunaldietan. Pixkanaka-pixkanaka hazten ari da Caparrosen taldea. Egungo Athleticek ez dauka zerikusirik sasoi hasierakoarekin. Orduan merezi gabeko garaipenak eskuratu zituen, baina azkenaldian ez da horrelakorik gertatu. Azken hilabeteko emaitzak sasoi hasierakoak bezain onak izan dira, baina orain ondo egindako lanaren ondorioa da. Horrek ez du esan gura Athleticek joko ikusgarria egiten duenik. Ez eta arlo askotan hobetu behar ez duenik ere. Ez. Hala ere, talde guztiek amestutako oreka lortzetik gertu da Athletic. Aspaldian ez da samurra bizkaitarrei golak sartzea. Aukerak sortzea ere ez da samurra. Egungo Athletic ez da sarri askotan erditik bi eginda ikusi den taldea. Lerro artean leku gutxi lagatzen du, eta, horrela, jokalari guztiak sentitzen dira babestuta.
Caparrosi asko kostatu zaio taldeari sendotasuna eman dion giltza aurkitzea. Talde zuri-gorriaren ardura hartu zuenetik era guztietako frogak egin ditu. Azkenean, inor gutxik sinesten zuen apustuarekin lortu duen arrakastan. Fran Yesteri eta Carlos Gurpegiri esker lortu du sendotasuna. Basauritarrak baloiaren jabetza eta neurketaren kontrol handia eman dio. Horren ondorioak zeintzu izan diren asmatzea ez da gaitza. Yestek patxada eman dio Athleticen jokoari. Gainera, jakinekoa da baloiaren jabe izanez gero baloiaren atzetik ibili behar denean baino neke gutxiago pilatzen dela. Ondorioz, taldea erditik apurtzea ere zailagoa da.
Gurpegik, berriz, eskarmentua eta defentsako lana eman dizkio taldeari, eta askatasuna Iraolari. Usurbildarra orain ari da gozatzen. Erasora joateko askatasun osoa dauka, jakin badakielako Andosillakoak behar den moduan zainduko duela hark utzitako lekua. Azken jardunaldietan argi ikusi da eskuin hegaleko nekaezinak asko eman diezaiokeela zuri-gorrien erasoari. Horregatik, Gurpegiren lesioak min handia emango dio Athletici. Izan ere, lehoien artean ez dago bere ezaugarriak dituen beste jokalaririk. Susaeta eskuin hegalera bueltatzea edo aspaldian oso gutxi jokatzen ari den David Lopez zelairatzea dira Caparrosek dituen aukera garbienak. Batek jakin zer egingo duen teknikari andaluziarrak. Bestalde, Ustaritzen lekua beteko duen futbolaria zein izango den erabaki beharko du entrenatzaileak. Vienan San Josek jokatu zuen. Maila ona eman zuen, gainera. Horregatik, askok uste dute nafarrak jarraitutasuna izango duela. Baina ez da ahaztu behar jokalari handia eta motela dela San Jose. Villaren, Mataren, Pablo Hernandezen eta enparauen abiadurarekin arazoak izan ditzake. Horregatik, ez da baztertu behar Etxeitak jokatzea. Apur bat azkarragoa da. Gainera, orain arte San Josek baino gehiago jokatu du. Bestalde, Europako Ligan atseden hartu ostean Susaeta, Orbaiz eta Koikili bueltatuko dira.
Talde guztietan dira garrantzitsuak hamaikakoak. Baina talde on batean baleko hamaika jokalarik baino gehiagok egon behar dute. Beraz, gaur du Athleticek hori erakusteko aukera. Baina beste arrazoi askogatik ere bada garrantzitsua gaurko neurketa. Ligaren lehen herena beteko da eta Athletic gora begira dago une honetan. Inork ez daki zein egoeratan egongo den maiatzean, baina argi dago norgehiagoka batzuetan gertatzen dena erabakigarria izaten dela taldeen bidea zehazteko. Horregatik da garrantzitsua Valentziaren kontrako neurketa. Unai Emerik zuzentzen duen taldea, berriz, sasoi onean dagoen maila oneko futbolariek osatutako taldea da. Ez da samurra izaten gisa horretako aurkariak mendean hartzea. Azterketa gogorra izango da, beraz. Baina gauzak ondo eginez gero, baliteke jokalarien mentalitatea aldatzea. Behin betiko gora begira egoteko behar duten indarra har dezakete zuri-gorriek. Horretarako, Valentzia mendean hartzeko, sendotasuna erakutsita hartu beharko dute. Baina ez hori bakarrik. Garaipena eskuratu ez arren ere, goi mailako talde bati aurre egitea oso garrantzitsua izango da. Sevilla taldea Real Madrilen eta Bartzelonaren alternatiba bada, ez baita gutxiago izango Valentzia, Manolo Jimenezen taldeak baino puntu bat gutxiago baitu. Erdipurdiko taldeek eta maila ona dutenek bide ezberdinak hartzen dituzten bidegurutzean dago talde zuri-gorria. Zein bide hartuko du?
Bidegurutze erabakigarria
Athleticek denboraldi hasieran zituen helburuak aldatzeko aukera izan dezake gaur, Valentzia sendotasunez menderatzen badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu