Biek behar dute garaipena

Sailkapeneko azkeneko bi postuetan daude Espanyol eta Osasuna, eta zulotik ateratzeko, derrigor irabazi beharra dute gaur

Iruñea
2009ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Futbol partida batean ikuskizun ederraz gozatu ahal izateko behar diren baldintzetako bat betetzen du gaur Osasunak eta Espanyolek Nafarroako Erresuman jokatuko duten norgehiagokak. Bi taldeak irabazteko asmoz zelairatuko dira. Inor ez da konformatuko puntutxo bat lortzeko lanarekin. Irabaztea ez den beste ezer porrota da gaur bi taldeentzat. Ikuskizuna izateko, jokalariak lasai eta jokatzeko gogoan izatea ere garrantzitsua izaten da, dena dela. Eta horrek kale egiten du gaur: Nafarroako Erresuman aurrez aurre izango diren bi taldeak jaitsiera postuetan dira, eta urduritasuna ere agertuko da. Sailkapeneko atzealdeko postuek lotu egiten dituzte jokalariak. Ez dute futbolean gozatzen, eta horrela zaila da ikuskizun onik izatea. Urduritasunak baldintzatutako norgehiagoka izango da ziurrenik.

Ikuskizunak ahaztu, eta puntuak nahi dituzte gorritxoek eta katalanek. Espanyol azkena da, baina Mallorcaren aurka kontrako 1-3koa orekatzeak adorez indarberritu dituela dirudi. Pochettinoren taldea ondo jokatzen ari da, baina zulotik atera ezinda ibili ohi diren taldeen gaitzak jota dabil, eta partidak irabaztea ikaragarri kostatzen zaio. 26 jardunalditan bi partida irabazi ditu etxean, eta beste bi etxetik at -etxean irabazitako partidetako bat Osasunaren aurka izan zen-. Gaurko lehia azken aukera da katalanentzat. Galduz gero, Bigarren Mailara jaisteko hautagai nagusia izango da Espanyol.

Osasunaren egoera ez da askoz samurragoa. Gaur galdu arren, Espanyolen aurretik jarraituko du. Baina etxeko azken partidan Sportingen aurka galdu ostean gaur ere aurkari zuzen baten aurka galtzea kolpe ikaragarria litzateke Jose Antonio Camachoren taldearentzat. Espanyolek baino partida bat gehiago soilik irabazi du Osasunak sasoi honetan. Eta bost garaipen horiek etxean lortu dituzte gorritxoek. Une erabakigarrian etxean bi aldiz jarraian kale egitea hondamena izan daiteke sasoia hasi zenetik etxetik at irabazi gabe dagoen taldearentzat. Espanyol mendean hartu eta bide batez jaitsiera postuetatik irten nahi dute nafarrek. Hori da asmoa. Baina gorritxoei ere, Espanyolekoei bezalaxe, sailkapenak ez die lasaitasunik emango.

Camachok beldurrak uxatu nahi izan zituen atzo: «Zerbait esku artean daukazuenean eta galtzeko arriskua dagoenean ageri daiteke beldurra, baina guk une honetan ez daukagu ezer, eta, ondorioz, galtzeko beldurrik ere ezin dugu izan. Zerbait lortu nahi duenaren motibazioarekin ariko gara, beldurrik gabe», esan zuen Osasunako entrenatzaileak. Baina urduritasuna uxatzea kostako zaie haren jokalariei, hala ere.

Hamaikakoan, bi zalantza

Camachok ez du erabaki oraindik hasierako hamaikakoa. Bi zalantza ditu, bata atzealdean eta bestea aurrealdean. Defentsan, Josetxo edo Sergio, eta erasoan, Masud edo Dady. Horiek dira entrenatzaile espainiarrak argitu beharreko zalantzak. Atzealdean Sergiok izan beharko luke Miguel Flañoren bikotekidea, baina atzoko lan saioan Sergiok min hartu zuen bizkarrean, eta ez zuen amaitu entrenamendua. Hemeretzi jokalari sartu zituen deialdian Camachok atzo. Ez dirudi Sergiok ezer larria duenik, baina minarekin jarraitzen badu, Josetxori utzi beharko dio bere tokia defentsaren erdialdean, eta Cesar Krutxaga ordezkoen aulkian eseriko litzateke. Aurrealdean, berriz, Pandianiren bikotekidea nor izango den erabaki beharko du Camachok gaur. Uruguaitarra uste baino lehenago osatu da, eta hasieratik ariko dela argi dago. Berarekin batera Masud edo Dady ariko den argitzeke dago orain. Portugaldarrak aukera gehiago dituela dirudi, baina irandarra ari zen partidarik gehienetan aurrealdean jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.