Saskibaloia

Biek hobetu nahi dute ligan

Baskoniak azken sasoi kaskarra ahaztu nahi du Paolo Galbiatiren esanetara. Bilbo Basketek Europa Kopa irabazi zuen, baina hamaseigarren geratu zen ACB ligan, eta postu hobea lortu nahi du oraingoan.

Baskonia-Bilbo Basket. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Baskoniak eta Bilbo Basketek aurreko sasoian Buesa Arenan jokatutako derbia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko abuztuaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken denboraldia ez zen berdina izan ACB ligako bi euskal taldeentzat. Bilbo Basketek FIBAren Europa Kopa irabazi zuen —bizkaitarren lehen garaikurra da—. Baskoniak, ordea, sasoi kaskarra egin zuen, eta ez zen sailkatu ez Espainiako Koparako ezta Euroligako kanporaketetarako ere.

Baskoniak aurreko denboraldi etsigarria ahaztu nahi du, eta proiektuaren norabidea aldatu. Aldaketa garrantzitsua egin du Josean Kerejeta buru duen zuzendaritzak: Pablo Laso kargutik kendu du, eta haren ordez Paolo Galbiati fitxatu. Italiarra bere herrialdeko Trento saskibaloi taldeko teknikaria izan da azken bi sasoietan. Italiako Kopa irabazi berri du, eta denboraldiko entrenatzailerik onena izendatu dute Italian. 

Iazko udan eman zizkioten Lasori Buesa Arenako giltzak. Arabako taldeko jokalari ohia Gipuzkoa Basketen, Real Madrilen eta Bayern Munichen aritua da entrenatzaile, eta, bi Euroliga irabaziak dituenez gero, bazirudien albiste ezin hobea zela hura taldera itzultzea. Baina sasoia etsigarria izan zen, baita emaitzak ere. Baskonia Espainiako Kopatik eta Euroligako kanporaketetatik kanpo geratu zen, eta Real Madrilek kaleratu egin zuen ACB ligako final-laurdenetan.

Urtero legez, hainbat aldaketa egon dira taldean. Oraingoz, gasteiztarrek bost jokalarirekin sinatu dituzte kontratuak, eta beste zortzi jokalarik utzi dute taldea. Joko antolatzailearen postuan izan da aldaketarik handiena: Kamar Baldwin Bayern Munichera joan da, eta Ognjen Jaramazek taldea utzi du. Haien ordez, Matteo Spagnolo eta Rafa Villar ariko dira: Alba Berlinetik iritsi da Spagnolo, eta Lleidatik Villar. Markus Howardek eta Trent Forrestek taldean jarraituko dute.

Bestalde, Hamidou Diallo eskolta fitxatu dute Shanxi Loongsetik, Clement Frisch hegaleko pibota Sluc Nancytik, eta Rodion Kurucs hegala UCAM Murtziatik. Azken horren fitxaketak zeresana eman du, 2021ean jokalari letoniarra erruduntzat jo baitzuten indarkeria matxistako auzi batean.

Gaur egun, Baskoniak pibotaren postua nahiko hutsik dauka salmenten ondorioz. Chima Moneke Izar Gorrira joan da, eta Donta Hall Olympiakosera. Euroligako beste talde batek fitxatu du Nikos Rogkavopulos: Panathinaikosek, hain zuzen. Sander Raieste, berriz, UCAM Murtziara joan da, Ousmane N'Diaye Vanoli Cremonara, eta Pavel Savkov MBA Moskun ariko da, utzita.

Urte bereziari segida eman nahian

Bilbo Basket hamaseigarren izan zen joan den denboraldian ACB ligan. Hala ere, zaleek ez dute inoiz ahaztuko sasoi hori, bilbotarrek FIBAren Europa Kopa irabazi zuten eta. Jaume Ponsarnauk jarraituko du entrenatzaile, baina Sergio Garcia bigarren entrenatzaileak taldea utzi du, eta Gipuzkoa Basketeko teknikaria izango da aurrerantzean. Bizkaitarrek berriz ere jokatuko dute aurten Europako laugarren txapelketa, eta bi txapelketetarako prest izateko moduko taldea osatu dute.

Baskoniaren antzera, Bilbo Basketek ere iraultza egin du joko antolatzailearen eta eskoltaren postuan. Ruben Dominguez NCAA ligara joan da, eta Mohammed Ali Abdur-Rakhmanek, Kristian Kullamaek, Zoran Dragicek eta Malcom Cazalonek taldea utzi dute. Haien ordez, Margiris Normantas, Aleix Font eta Justin Jaworski fitxatu dituzte bilbotarrek. Gainera, Melwin Pantzar Unicajatik itzuli da, utzita, eta Harald Freyren kontratua 2027ra arte berritu dute.

Hegalean ere aldaketak egin ditu Bilbo Basketek: Stefan Lazarevic eta Darrun Hilliard fitxatu dituzte, lehena Soccerbetetik eta bigarrena Unics Kazanetik. Tomasz Gielo, berriz, King Szczezinera joan da, Thijs De Ridder Virginiara (AEB), eta Xavi Rabasedak taldea utzi du. 

Saskiperako ere egin dituzte fitxaketak. Zehazki, bi hegaleko pibot batuko dira taldera: Martin Krampelj esloveniarra Yalovasporretik iritsi da, eta Luke Petrasek estatubatuarra Anwil Wroclawetik. Marvin Jonesek taldea utzi zuen ekainean, eta PAOK Tesalonikak fitxatu du, hau da, bilbotarrek Europa Kopako finalean menderatu zuten taldeak. Amar Sylla hegal pibotak, azkenik, 2027ra arte berritu du kontratua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.