Futbola. Europako Ligako finalerdiak: Sporting Lisboa-Athletic

Bielsa: «Sportingek, ziurrenik, atzean itxarongo digu»

Athleticeko teknikariak baieztatu du Ekiza ariko dela eta gaur arte ez dutela jakingo Muniain prest egongo den edo ez

jon eskudero
Lisboa
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Final baten atarian egotea ere ez da nahikoa arrazoi Marcelo Bielsak atzean utz dezan hain berezkoa duen muturreko zuhurtzia. Athleticeko entrenatzaileak berriro erakutsi zuen atzo Sportingen aurkako joanekoaren bezperan euforiak edo gehiegizko konfiantzak ez dutela tokirik bere izaeran. «Irabaziko dugula? Irabazteko ilusioa dugu, baina ez da komeni irabaziko dugula esatea», azpimarratu zuen prentsaurrekoa hasi bezain laster.

Aurkariaz, berriz, azpimarratu zuen Sportingek «eskarmentua» duela eta ziurrenik «atzean itxarongo» diela. Ricardo Sa Pintoren laudorioak ere izan zituen hizpide. Entrenatzaile portugaldarrak Pep Guardiola eta Jose Mourinhoren pare jarri du Bielsa. Athleticeko entrenatzaileak, hala ere, ez du uste ezer egin duenik haien pare egoteko.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, baieztatu egin zuen Borja Ekizak jokatuko duela Javi Martinezen ordez. Iker Muniainen osasunaz, berriz, esan zuen gaur arte itxaron beharko dutela jokatzeko moduan dagoen edo ez jakiteko.

Iraola: «Ez dago faboritorik»

Andoni Iraolak, berriz, ez zuen kanporaketako faboritoaren rola hartu nahi izan. «Ez dago faboritorik. Bi taldeok gara indartsuak, historikoak, eta biok kanporatu ditugu talde indartsuak: haiek Manchester City eta guk Manchester United eta Schalke. Biek dugu aukera bera finalerako sailkatzeko».

Athleticeko kapitainarentzat ez da arrotza Sporting Lisboa. Aitzitik, Portugalgo taldeaz jakin beharrekoak badakizkiela erakutsi zuen. «Sporting Lisboa ez da Manchester United edo Schalke bezain talde erasokorra. Hori bai, jokalari arriskutsuak ditu aurrealdean. Van Wolfswinkelek du ardura erasoan, eta taldekideek hura bilatzen dute etengabe. Lan horretan garrantzi handia dute zelai erdiko hegalekoek, Izmailovek eta Diego Capelek. Hegaleko atzelariak ere asko igotzen dira. Ondo zaindu beharko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.