Lezamako lanak direla-eta Athleticeko zuzendaritzaren eta Marcelo Bielsaren arteko bi eguneko eztabaida latzaren ondoren, gaur Bielsa entrenatzailearen laguntzaileak zuzendu du taldearen entrenamendua, uztailaren 2tik bezala: Luis Boninik. Ondorioz, teknikari taldeak klubean segitzen du, ez du ospa egin ika-mikagatik.
"Lezamako lanak gaizki egiten ari dira, eta nahita dabiltza oker", zioen Bielsak herenegun, besteren artean, eta atzo zuzendaritzak agiri bat atera zuen, harekin ados ez dagoela esateko. "Athletic ez dator bat, inondik inora, lanen bilakaera, lanen kontratuaren betetze maila eta eraikitze proiektuan diharduten pertsonen profesionaltasunari buruz Marcelo Bielsak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuen iritzi pertsonal eta subjektiboarekin".
Agiri horren ostean kolokan egon zen Bielsaren jarraipena. Zuzendaritzak eta entrenatzaileak bilera bat egin zuten atzo arratsaldean, etorkizuna erabakitzeko.
Gaur beste lan saio bat egingo du Athleticek, zazpietatik aurrera, denboraldi-aurrerako planean ageri den legez. Prestaketa fisikoa lantzeko entrenamenduak egiten ari dira, Bielsa gabe. Xabi Clemente prestatzailearen laguntza ari da izaten Bonini.