Garaipen garrantzitsua lortu du Alavesek Espanyolen zelaian. Gasteizko taldeak segida eman nahi zion Betisen aurka lortutako garaipenari, eta bete du helburua: 1-2 irabazi du Kataluniako taldearen aurka, emaitza iraulita. Modu horretan, arnasa hartu du Alavesek, eta zertxobait gehiago urrundu da jaitsiera postuetatik. Gainera, lortu du azken bi hilabeteetako bolada txarra etetea. Dudarik gabe, balio handiko sei puntu lortu ditu azken bi jardunaldietan.Â
Oso ondo zelairatu da gaur Eduardo Coudetek zuzendutako taldea, oldarkor, eta hasi orduko izan du lehen aukera garbia. Pablo Ibañezek penalti puntuan egin du errematea, behartuta, eta gutxigatik joan da kanpora. Jokoaren ekimena izatean saiatu da Gasteizko taldea, eta Espanyol baino hobeto aritu da lehen minutuetan. Hala ere, kostatu zaio arriskua eta aukerak sortzea.
Nahiko itzalita zegoen etxeko taldea, baina bat-batean piztu da, eta piztu du sua: 15. minutuan gola sartu du. Roberto izan da goleatzailea. Ezker hegaletik erraz iritsi da area ingurura Espanyol, eta Carlos Romeroren erdiraketa sareratu egin du Robertok. Errazegi egin du errematea.
Partidak itxura txarra hartu Alavesentzat. Baloia izan bai, baina Dmitrovici apenas ari zen lanak ematen. Pablo Ibañezen jaurtiketa on bat geratu du atezainak, baina, hortik aurrera, ez du lanik izan.
Talde bat trabatuta dagoenean, garrantzitsuak izaten dira geldikako jokaldiak, eta halaxe berdindu dute partida gasteiztarrek, 27. minutuan. Antonio Blancok aldaratzea jaso du area kanpoan, eta jaurtiketa indartsua egin du atera, zuzenean sarera.
Elkarri neurria hartu nahian aritu dira gero bi taldeak, baina azken minutuetan gora egin du Espanyolek, eta erasokorrago aritu da. Gainera, lehen zati bukaeran min hartu du Protesonik, eta atsedenaldian halabeharrez egin behar izan du aldaketa Coudetek. Facundo Garces sartu da haren ordez.
Kirolaren Arbitraje Auzitegiak (KAA) behin-behinean eten du FIFAren Diziplina Batzordeak Alaveseko jokalariari jarri zion urtebeteko zigorra; Garces beste sei jokalarirekin zigortu zuten, Malaysiako selekzioarekin jokatzeko dokumentuak faltsutzea egotzita. Hala, jokalaria aste honetan bertan hasi da berriro taldearekin lanean, eta uste baino minutu gehiago izan ditu gaur.
Bigarren zatian ere hobeto zelairatu da Espanyol. Defentsa lanetan aritu da Alaves, sufritzen. Susto bat hartu du 56. minutuan: baloiak Garcesi eskuan jo diolako penaltia eskatu dute aurkariek, baina epaileak adierazi du aurretik Espanyoleko jokalari bati jo diola. Eta eskerrak.
Aldaketak, gako
Orduerdi falta zela, partidaren gidoia aldatzeko asmoz, aldaketa bikoitza egin du Coudetek. Youssef eta Gebara zelairatu dira Paradaren eta Caleberen ordez. Eta orduantxe suspertu da taldea. Aldaketak egin eta hurrengo minutuan Youssef bakarrik geratu da Dmitrovicen aurrean, baina atezainak ondo itxi dio atea, eta kornerrera urrundu du baloia. Kornerreko aldaratzean, berriz, Gebarak jaurtiketa ona eta indartsua egin du, baina oso gutxigatik kanpora joan da.
Bere horretan segitu du Espanyolek, bigarren golaren bila. Hala ere, Alavesek lortu du tartean behin arnasa hartzea eta aurkariari min egitea.
Baita hozka egitea ere. 71. minutuan, meritu handiz, baloi bat bukaeraraino borrokatu du Toni Martinezek, eta Lucas Boyeri eman dio pasea; aurrelariak baloiari bultza besterik ez dio egin behar izan taldearen bigarren gola sartzeko.
Tentsio handikoak izan dira azken minutuak. 83. minutuan gola sartu du buruz Kike Garciak, baina jokoz kanpo zegoen aurrelaria. 87. minutuan, geldiketa ikusgarria egin du Siverak, epaileak Gebarari egindako falta adierazi duen arren. Eta 93. minutuan, Kike Garciak buruz egindako errematea gutxigatik joan da kanpora.
Azkenerako, eutsi dio emaitzari Gasteizko taldeak, eta hiru puntu garrantzitsu lortu ditu.Â
Espanyol-Alaves
Espanyol. Dmitrovic; Riedel (Sanchez, 79. min.), Calero (Rubio, 84. min.), Cabrera, Carlos Romero; Jofre (Milla, 57. min.), Urko (Pickel, 84. min.), Edu Exposito, Terrats (Dolan, 57. min.); Kike Garcia eta Roberto.
Alaves. Sivera; Otto, Protesoni (Facundo Garces, 46. min.), Pacheco, Parada (Youssef, 61. min.); Blanco, Ibañez, Calebe (Gebara, 61. min.), Aleña; Toni Martinez eta Lucas Boye (Guridi, 73. min.).
Golak. 1-0: Robertok (15. min.); 1-1: Antonio Blancok (27. min.); 1-2: Lucas Boyek (72. min.).