Bigarren Mailako txapelketak aurtengo Lehen Mailakoaren berezitasun berdinak izango ditu: hamasei pilotarik hartuko dute parte eskailera bidezko kanporaketetan, eta sake marra lau t'erdira atzeratuko dute. Parte hartzaileen artean 2. Mailako bi txapeldun ohi egongo dira: Iñigo Leiza eta Kepa Peñagarikano. Lehia asteburu honetan hasiko da, eta finala ekainaren 11n jokatuko da.
Txapelketa ostiralean hasiko da, eta lau adar ditu. Lehen partida Gorkak eta Argotek jokatuko dute, Quintanar de La Sierran, eta irabazleak Olazabal eta Merino I.a ditu aurretik. Larunbatean bi partida jokatuko dira. Zornotzan, Iza eta Galarza ariko dira, eta irabazleak Jaunarena eta Lemuno ditu aurretik. Haron, berriz, Ricok eta Ceciliok neurtuko dituzte indarrak, eta irabazleak Peñagarikano eta Zabala izango ditu hurrengo aurkari. Azkenik, Olaetxeak eta Zabaletak astelehenean jokatuko dute, Eibarren. Leiza eta Ongai dituzte aurretik adarrean.
Albisu, Lehen Mailakoan
Jon Ander Albisu izango da berritasun nagusia Lehen Mailako buruz buruko txapelketan. Gaur aurkeztuko dute Bilbon, eta Asegarceko zazpi kide hauek izango ditu alboan: olaizolatarrak, Bengoetxea VI.a, Beloki, Arretxe II.a, Urrutikoetxea eta Ruiz. Aspetik, berriz, hauek ariko dira: Irujo, Xala, Gonzalez, Aritz Lasa, Retegi Bi, Beroiz, Merino II.a eta Idoate.
Bigarren Mailako buruz burukoan ere lau t'erdiko marrara atzeratu dute sakea
Hamasei pilotarik hartuko dute parte, tartean Peñagarikano eta Leiza moduko txapeldun ohiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu