Bihar hasiko da Jordaniako Rallya, Munduko Txapelketako laugarren proba

Siriako protestaldiak direla eta, proba egun bat beranduago hasiko da, eta bi jardunaldi izango ditu bakarrik

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Atzerapenarekin hasiko da Jordaniako Rallya. Gaur hastekoa zen Munduko Rally Txapelketarako puntuagarria den laugarren proba, baina antolatzaileek atzeratzea erabaki dute, automobilak eta materiala ekartzeko izan diren atzerapenen ondorioz. Arazo eta eragozpen ugari izan dituzte material guztia ekartzen duten kamioiek, eta antolatzaileek proba atzeratzea beste aukerarik ez dute izan. Horrenbestez, bihar hasi eta etzi amaituko da aurtengo Jordaniako Rallya.

Sirian gertatzen ari diren protestak areagotzen ari direla ikusita, automobilak eta materiala Israeldik itsaso bidez garraiatzea erabaki zuten antolatzaileek. Bidea gehiago luzatu zen itsasontzietako batek motor haustura izan zuelako, eta arriskuan jarri zuen lasterketaren hasiera. Autoen azterketak eta rallya hasi aurreko probaketak ohikoa dena baino beranduago egin ziren herenegun. Azkenean, Jordaniako Rallyko antolatzaileak FIArekin bilduta proba bihar arte atzeratzea erabaki dute.

Oreka apurtzeko aukera

Berdinduta iritsi da Munduko Txapelketa Jordaniara. Hiru proba jokatu dira dagoeneko, eta hiru pilotu desberdin izan dira irabazle: Mikko Hirvonen, Sebastien Loeb eta Sebastien Ogier. Hirurak pilotu ofizialak, lehenengoa Ford taldekoa, eta beste biak Citroenekoak.

Loeb eta Hirvonen berdinduta daude sailkapen nagusian, 58 punturekin, eta atzetik hamar puntura dute Ford taldeko Jari-Matti Latvala. Ogierrek 41 puntu ditu. Jordaniako lurrezko pista irristakorretan eta azkarretan tarteak irekitzen eta abantailak hartzen hasi nahi dute pilotuek. Estrategia egokia aukeratzeak berebiziko garrantzia izango du.

Hautagai nagusia, ia beti bezala, Loeb da. Iaz berak irabazi zuen, baina ezingo du lokartu, inoiz baino lehia gogorragoa baitu aurten. Ford taldeko bi pilotu ofizialez gain, txapeldun frantziarra estutzen ari baita bere taldekide Ogier gaztea ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.