«Bihar, nahiko lan patroiek»

Abila zen Xabier Eizagirre patroi getariarra olatu artean trainerua eramaten. Besteak beste, 2001eko Kontxako bigarren igandean erakutsi zuen, Paternina-Indaux taldearekin hirugarren eginda, biharko antzeko baldintzetan. «Ez da patroiaren lana bakarrik, denena da», esan du.

Jose Luis Kortak gidatutako Castro, ahalegin betean, Oskar Rodriguezek zuzendutako Orio atzetik duela, 2001eko Kontxako Banderako bigarren jardunaldian. Castrok aldea jan zion Oriori. J. CARLOS RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2017ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk hau gertatu zenetik. Kontxarako sailkatze estropada bat zen, eta itsasoa zegoen. Donostiako arranplaren gainean zebilen Xabier Eizagirre (Getaria, Gipuzkoa, 1978), Zumaiako patroia. Distira berezia begietan zuela, «itsaso honekin, zuzenean ohorezko txandara», esan zuen. Gozatu egiten zuen olatu artean Eizagirrek, eta, adituen arabera, gutxi izan dira Eizagirre bezain abilak olatu handietan traineruari eta baldintzei etekina ateratzen.

Gozatu handienetako bat 2001ean hartu zuen, Kontxako bigarren igandean, Paternina-Indaux traineruko patroi zela, Getariak eta Zumaiak elkarrekin osatu zuten taldean. Gutxi-asko, biharko iragarrita dagoen itsasoa eta haizea azaldu ziren orduko hartan ere, eta Eizagirrek eta bere arraunlariek hirugarren egin zuten bigarren igandean. Estropada hartakoa da Castrok Orio badia barruan gainditu eta bandera irabazi zuenekoa, Jose Luis Korta patroi zuela. «Egokia zegoen olatuen alde egiteko arraunean, eta baliatu egin genuen; gozatu ederra hartuz, gainera», oroitu du ordukoa.

Bihar ere etorriko zaio gogora, estropada ikusten badu behintzat, eta akordatuko da halako giroarekin patroiek izaten duten aparteko arduraz:«Sortzen du erantzukizun berezi bat, eta bihar ere nahiko lan patroiek. Baina garbi utzi nahi dut halako baldintzetan trainerua ondo eta zuzen joatea talde osoaren lana izaten dela». Xehetasunak ematen hasi da segituan: «Patroiaren lana da trainerua zuzen eramatea, eta horretan asko laguntzen du ondo gogortuta joatea ontzia. Horretarako, arraunean ahalik eta ondoen egin behar da».

Lanak ondo egin ezean trainerua gobernatzea zaila izaten dela dio: «Arraunaren pala garbi erakutsi behar dute arraunlariek uretatik ateratzen dutenean. Bat kateatuta edo pasatu ezinda geratzen bada nahikoa izaten da trainerua okertzeko olatuen mende».

Aipatu du zein garrantzitsua izaten den kanporanzko luzea: «Ura ez hartzea lortu behar da, bestela bueltakoan pisu gehiegi izaten baitu traineruak, eta horrela errazagoa da trainerua okertu eta noraezean hastea. Kanpora arraunean luze egin behar da, erritmo txikian, eta bidegaltzerik egin gabe». Beste ezaugarri bat ere gehitu du ekuazio horretan Eizagirrek, eta aparteko garrantzia eman dio: «Poliki joateak ez du esan nahi apal joan behar denik. Harro asko joan behar dute arraunlariek eta patroiak kanporantz».

Biharko mendebala iragarrita dagoela eta, oso garbi dauka zein den kalerik onena: «Ekarri laugarrena. Uhartera arte babesa izaten da, eta, ziaboga eman eta segituan olatuak kanpotik barrura egiten duenez, egokia da laugarren kalekoarentzat olatuak berez-berez hartzeko». Aldiz, txarrena aurreneko kalea izango dela dio: «Aquarium aldeko errebotea izaten da kale horretakoarentzat, eta bueltan, gainera, ezin baliatu olatuaren berezko norabidea, zero kalean ez dagoelako tokirik».

Horiek horrela, biharko baldintzak ikusita, kale zozketari garrantzia eman dio. Baina, hala ere, irekita ikusten du lehia: «Ohorezko txandako inor ez nuke baztertuko, eta kontuz aurrenekoekin. Horrelako giroarekin nahikoa izaten da haizeak pixka bat gora egitea txandatik txandara egundoko txikizioa eragiteko».

«Eztarriko zulora igota»

Gustura ibiliko litzateke bihar Kontxan Eizagirre, nahiz eta aitortu duen beldurra ere igaro izan zuela horrelako baldintzetan: «Traineruak olatua hartu eta muturra zeharo behera sartzen duenean, patroiaren arrauna ura ukitu ezinda ere geratzen da. Horrek esan nahi du ontzia badoala, eta, gainera, oso abiadura handian. Oso zaila izaten da halakoetan trainerua menderatzea». Horregatik nabarmendu du berriz ere arraunean ondo egitearen beharra: «Bihar ere ondo asko egin beharko dute arraun itsasoaren baldintzei etekina ateratzeko».

Oraingo traineruen egokitasuna aipatu du: «Nabigatzeko lehengoak baino hobeak dira, txoroagoak izan arren. Baina aurrekoak ez ziren txarrak, ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.