Bihotza eta kalitatea

Baskoniak majo sufrituta lortu du Lietuvos menderatzea, eta Tel Aviveko Maccabi izango du aurkari final-laurdenetanUne zailetan patxada handiarekin jokatu dute arabarrek, eta hobeak direla erakutsi

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Zazpigarrenez jarraian! Baskoniak Euroligako final-laurdenak jokatuko ditu Maccabiren aurka, E multzoko lidergoa lortu ostean, eta datu horrek arabarrek Europan duten izena, kasta erakusten du, beste azalpenik gabe. Tamainako balentria hori talde gutxiren esku baitago. Vilniusen irabazi behar zuen, Malagatik ez zelako oparirik etorriko, eta irabazi egin zuen. Hori ere esaldi biribila. Idaztea erraza da, egitea ez hainbeste, baina egiteko gai da Baskonia. Talde handia delako, eskarmentu handikoa, eta normalean, ez duelako zalantzarik edukitzen neurria eman behar denean. Baskoniak bihotza, kasta jarri zion partidari, aurkaria urduritzeko, eta une erabakigarrian bere kalitatea jarri zuen balantzan, parean zeudenak txarragoak zirela jakitun. Eta horregatik desorekatu zen balantza. Baskonia hobea delako, eta horrek konfiantza ematen duelako.

Jakina zen neurketa parekatua izango zela, baina 40 minututan aurkaria zigortzeko modu asko daude. Jokoarekin, eta parean duzun taldeari helarazten dizkiozun mezuekin. Baskonia bikain sartu zen partidan. Erauntsia etorri zitzaion gainera Lituaniako taldeari. Goitik, behetik, ezkerretik eta eskuinetik. Batean Barac, hurrena Teletovic, eta gero Logan. Baina joko onarekin. Pazientziarekin, beti aukera onena bilatuz. Erasoan asmatzen duenak kemen handia irabazten du defentsan, eta etxeko taldeak asko sufritu zuen saskirako bidea bilatzeko. Jasaitisek hirukoa sartu zuen lehen erasoan, baina ondoren 3-12, 7-17, 12-23 eta 16-27 ihes egin zuten gasteiztarrek. Eroso. Eta hor hasi zen Lietuvosen gainbehera.

Bigarren laurdenean markagailua berdiuntzear egonda ere. Baskoniaren bigarren unitateak, hasieratik kantxaratu zirenen ordezkoek ez zutelako neurri onik eman. 26-29 hurbildu zen Lietuvos, eta Ivanovicek nahikoa zela erabaki zuen. Bere baliabide onenak bueltarazi zituen kantxara, eta panorama goitik behera aldatu zen aitaren batean: 26-32 aurrena, eta 30-38 ondoren. Ñabardura garantzitsua egin behar da Pape Sowren lanaren inguruan, senegaldarrak hiruzpalau minutu on jokatu zituelako. Bigarren kolpea, eta Lietuvosen beste erreakzio bat. Ez zeuden azken laurdenetako txartela hain azkar galtzeko prest, eta Kenan Bajramovic bosniarraren eskutik 39-40 hurbildu zen.

Nola bueltatuko zen taldea aldageletatik? Epel bueltatuz gero arriskua handia zelako. Baina hitzorduak eskatzen zuen seriotasunarekin bueltatu zen. San Emeterioren bitartez, batez ere. Sainduen izendegian Emeterio Deuna zen atzo. Bizitzaren kasualitateak, edo ez, Kantabriakoak 11 puntu sartu zituelako laurden horretan, tartean hiru puntuko bi jokaldi erabakigarri, taldeari arnas pixka bat emateko.

Laugarren laurden bikaina

Lietuvos jota zegoen buruz. Teletovicen iturria itxi zuen, Barac aulkira bidali hiru faltekin, Babrauskasek ere Logan ernegarazi zuen, baina San Emeterio eta Batista piztu ziren taldea berrindartzeko. 55-58na bukatu zen hirugarren laurdena, baina Lyetuvoseko Strawberryk bost puntu sartu zituen errenkadan, lehia 60na berdintzeko. 32 minutu, berdinketa, eta gauza asko jokoan, oso tarte txikian.

Erantzuteko unea zen, eta taldeak erantzun egin zuen. Zorionez, edo horretarako gaitasuna duelako. Baracek 60-62koa jarri zuen, Huertasek hirukoa aldea bost puntura handitzeko, eta San Emeteriok biko erraz bat markagailua 64-71 uzteko. Hiru minutu geratzen ziren, baina Lietuvos bere ezinean urtu zen. Atzokoaren tankerako partida gaiztoetan eskarmenturik ez duela erakutsi zuen, eta bizpahiru eraso huts egin zituen jarraian. Baskonia ez zen hobeto aritu, baina Teletovicek hiruko erabakigarria sartu zuen. Dakienak badakielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.