Saskibaloia

Bilbo Basketek beste final bat jokatu nahi du

Bilbo Basketek FIBAren Europako Kopako finalerdietako joaneko partida jokatuko du gaur, Szombathelyren aurka, Hungarian (18:00). Jaume Ponsarnauk 2029ra arte luzatu du taldearekin duen kontratua.

Aleix Font Bilbo Basketeko jokalaria, Prievidzaren aurkako partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Aleix Font Bilbo Basketeko jokalaria, Prievidzaren aurkako partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz balentria egin zuen Bilbo Basketek. Titulu bat irabaziz ospatu zuen klubaren 25. urteurrena: txapeldun izan zen FIBAren Europako Kopan. Hala, beren historiako lehen titulua lortu zuten, eta mugarri bat ezarri. Bada, aurten ere azken denboraldikoa errepikatu eta loria dastatu nahi dute. Bilbotarrek gaur jokatuko dute FIBAren Europako Kopako finalerdietako joanekoa, Szombathely taldearen aurka, Hungarian (18:00). Itzulerakoa, berriz, astebete barru izango da, asteazkenez, Bilbon. Bizkaitarrek argi dute helburua: hasteko, finalerako sailkatzea, eta, hori lortuz gero, irabaztea. 

Teorian Bilbo Basket da aurrera egiteko faboritoa, baina pistan erakutsi beharko du hori, usteek ezer gutxirako balio baitute. Gainera, ilusioz gainezka den talde bat izango dute parean. Szombathely bigarren doa Hungariako ligan, eta talde sendoa da etxean. Ligan jokatutako hamabi partidetatik hamaika irabazi ditu, eta bakarra galdu. Ez da izarrez osatutako multzoa, baina talde gogorra da, eta serioa. FIBAren Europako Kopako ligaxkako bi faseetan bigarren egin zuen, eta Bosnia eta Herzegovinako Bosna Sarajevo taldea kanporatuta sailkatu da finalerdietarako: etxean aise irabazi zuten (81-66), eta kanpoan aldeari eutsi (78-70). Beraz, adi egon beharko dute bilbotarrek. 

Itzulerako neurketarako emaitza on bat lortzea litzateke lehen urratsa, eta horretan saiatuko dira Jaume Ponsarnauk zuzendutakoak. Orain arteko bideari jarraitu nahi diote. Izan ere, galdu egin zuten lehen partida Peristeriren aurka, baina ordutik txapelketan jokatutako neurketa guztiak irabazi dituzte: hamahiru segidan. 

Ilusioz

Aurkariari «errespetuz» begiratzen diotela adierazi zuen entrenatzaileak. «Hiruko jaurtiketak egiten saiatzen dira, eta askotan lortzen dute. Sendo egon beharko dugu. Uste dugu gure defentsa ona dela haien joko egiturari aurre egiteko, baina oso ondo aritu behar dugu. Hor dago erronka». Harald Frey joko antolatzailea min hartuta dago, eta ezingo du jokatu.

Beste finalerdietan, berriz, PAOK eta Murtzia izango dira aurrez aurre. Haiek ere gaur jokatuko dute joaneko neurketa, 18:15ean hasita, Grezian. Hain zuzen, iaz finalean PAOKi irabazita izan zen Bilbo Basket txapeldun, eta denboraldi honetan ligaxkan elkarren aurka jokatutako bi neurketak irabazi dituzte bilbotarrek. Dena den, oraingoan, Murtzia da aurrera egiteko faboritoa.

«Ilusio» hitza aipatu zuen herenegun Posarnauk, taldearekin duen kontratua 2029ra arte luzatu berritan. «Uste dut etorkizuna ilusionagarria dela. Urrats bat egin nahi dugu aurrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA