Bilbo Basketek eskura ditu titulurako kanporaketak

Bihar Fuenlabradari irabaziz gero, bi garaipenen aldea lortuko luke, artean hiru partida faltako direla (19:00)

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilbo Basketek ia ezinezko du ligako laugarren postua, baina eskura du titulua lortzeko kanporaketak jokatzeko txartela. Fuenlabrada hartuko du bihar, eta Madrilgo taldeari irabaziko balio, bi garaipenen aldea lortuko luke zortzigarren postuarekiko. Bi garaipen, artean hiru jardunaldi faltako direla. Nahikoa behar luke bizkaitarrek liga erregularra zortzi onenen artean bukatzeko.

Fuenlabradaren premia handiagoa da. Denboraldi osoa daramate seigarren eta 10. postuan. Gaur-gaurkoz zortzi onenen barruan daude, baina, partida bakar bat galduta, elitetik kanpo geratuko dira. Tentsio hori nabari-nabaria da Salva Maldonadoren taldean, azkeneko jardunaldian justu-justu menderatu baitzuen etxean Manresa (55-54). Valters letoniarrak hiruko ikusgarri bat lortu zuen bederatzi metrotik azken segundoan.

Ezeren okerrik ez dela, Bilbo Basketek bosgarren postuan bukatuko du liga erregularra, eta horrek esan nahi du azken laurdenetako aurkaria Baskonia edo Valentzia izango direla. Atzerago sailkatzeak Real Madrilen aurkako kanporaketa ekar dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.