Bilbo Basketek balentria handia egin zuen joan den denboraldian FIBAren Europako Kopan: garaikurra irabazi zuen, finalean PAOK Tesalonika Greziako taldeari nagusituta. Klubaren sorreraren 25. urteurrenean lortu zuen bere palmareseko titulurik handiena. Halako lorpen handiak tamaina bereko ospakizuna izan zuen.
Ia urte erdi joan da orduz geroztik, eta Bilbo Basket bete-betean dabil lehian. Astebete eskasean bi norgehiagoka jokatuko ditu, biak etxean, Miribillan: bihar, Burgos hartuko du, ACB ligako bigarren jardunaldian (18:00); asteartean, berriz, Europako Kopari ekingo dio, Peristeri Greziako taldearen aurka (20:00).
Tryggvi Hlinasonek (Akureyri, Islandia, 1997) hirugarren denboraldia du taldean, eta aurretik pilatutako eskarmentuarekin ekingo dio Europako lehiari. Helburu zehatzik ez badute ere, argi utzi du taldearen guraria «ahalik eta urrunen iristea» dela. Horretarako, baina, pendiz gogorra izango dute aurrean, jokalari islandiarraren ustez «handitu» egin baita txapelketaren maila, eta «gogorragoa» izango baita.
Peristeriri buruz esan du «talde ona» dela. «Irabazteko, ezinbestekoa izango da taldea osatu eta guztiak bete-betean aritzea». Bilboko taldea ligaxkako E multzoan arituko da, eta, Greziako taldeaz gain, Txekiar Errepublikako Brno eta Georgiako Kutaisi 2010 taldeak izango ditu aurkari. Hlinasonek ligaxkan «hasieran irabazteak duen garrantzia» azpimarratu du: «Ligaxkan norgehiagoka bat galduz gero, arrisku handia dago kanpoan geratzeko».
Bilbo Basketeko jokalariak oso gogoan du nola irabazi zuten titulua. «Dijonen aurka jokatutako finalerdia izugarria izan zen, eta PAOKen aurkako itzulikoa, berriz, erokeria. Baldeak mentalki egin zuen lan ikaragarriari esker irabaztea lortu genuen». Horren harira, Europako Kopako txapeldun izateak taldean «presio pixka bat» eragiten duela azaldu du: «Hala ere, horrelako lorpen baten ostean beti hobetu egin nahi izaten da, eta, zaila izango dela badakigu ere, hori lortu nahiko genuke. Badakigu talde moduan gauzak ongi eginda urrun irits gaitezkeela».
«Zaila izango da aurreko sasoikoa berdintzea Europan, baina, talde moduan gauzak ongi eginda, urrun irits gaitezke»
TRYGGVI HLINASON Bilbo Basketeko jokalaria
Bilbo Basketen merkatuan urtero izaten da mugimendua, eta aurten ere izan da. Hlinasonek argi du nolako taldea izan nahi duten. «Talde borrokalaria izan nahi dugu, eta norgehiagoka denetan dugun guztia eman. Jendeak gure jokoarekin gozatzea nahi dugu».
Lehen garaipena nahi dute
Bizkaitarrek jada partida bat jokatu dute denboraldi honetan, baina estreinako eskasa izan zen: 86-68 galdu zuten Unicajaren aurka. Zuhur mintzatu da Hlinason ligan dituzten helburuei buruz. «Lehen helburua mailari eustea da. Horrez gain, nik Koparako sailkatu nahiko nuke: Valentzian jokatuko da [Herrialde Katalanak], eta nik bi urtez jokatu nuen han; beraz, berezia izango litzateke. Baina badakit erronka zaila izango dela».
Denboraldi honetarako ezarritako helburu horiek lortzeko, taldeari ahalik eta gehien «lagundu» nahiko lioke. Hirugarren urtea du taldean, eta, beteranoetako bat izanik, zeregin berriak izango ditu: kapitainetako bat da. Horrek «motibatu» egiten duela aitortu du. Bere lanari dagokionez, «eraginkorrago» jaurti nahiko luke.